2017/06/11

Kronika
ESKOLARTEKO FINALA
ESKOLARTEKO BERTSOLARIEN TXAPELA LEHEN ALDIKOZ ARABARA

AROA ARRIZUBIETA BERTSOLARI GASTEIZTARRAK JANTZI ZUEN TXAPELA EUSKAL HERRIKO ESKOLARTEKO FINALEAN. LEITZAKO JOANES ILLARREGI IZAN ZEN TXAPELDUNORDE SARAN JOKATUTAKO SAIOAN.

Jon GARMENDIA
0611_kul_bertsoak2

«Ta kritikatu gaituzten denak izorratu daitezela / arabar batek lortu duela Euskal Herriko txapela», esanez amaitu zuen agur bertsoa gasteiztarrak.

Eguzkitsu aroa eta distiratsu Aroa. Esaldi horrek laburbil dezake Eskolartekoaren finalean bizitakoa. Historia da askoren mintzagai, behin gertatutakoa askotan aipagai, eta bertsolaritzaren historian lehen aldia da Eskolarteko txapela arabar batek janzten duena, edo, Euskal Herriko Bertsozale elkartearen lehendakari den Iñaki Muruak umorez aitortu zigun bezala, «arab-eme» batek. Hamahiru finalistetatik sei ziren neskak, bertsolaritzak gero eta ohikoago du emakumeen bisaia agertzea, osasun onaren seinale eta lan askoren ondorio, tartean bertso eskolena. 15-18 urte bitarteko bertsolariak elkartu ziren Saran 29. Eskolartekoa jokatzeko, Euskal Herriko herrialde bakoitzetik bi, Zuberoatik salbu, Zalgizeko Haitz Capot izan baitzen ordezkari bakarra. Gipuzkoatik, Eskoriatzako Oihana Arana eta Oiartzungo Jokin Irastorza; Nafarroa Garaitik, Joanes eta Xabat Illarregi leitzarrak; Nafarroa Beheretik, Izpurako Elixabet Etxandi eta Bidarraiko Oier Urreizti; Bizkaitik, Gernikako Beñat Bilbao eta Garaiko Iruri Altzerreka; Lapurditik, Urruñako Irati Alcantarilla eta Sarako Julene Etxeberri; eta Arabatik, Aramaioko Aitor Ugarte eta Gasteizko Aroa Arrizubieta.

 

Akats guttiko saio ona

Sarako bertso eskolako haurrek egin zuten ongietorria bertsotan, eta ondotik bertsolari bakoitzaren oles bertsoa heldu zen. Irati Alcantarillarena egin zitzaigun deigarri: «Egun on denei ongi etorri hau da trinkete xumea/ esku pilotan aritzen nintzen hemen nintzela umea/ gero heldutzen joan nintzen ta debekatzeko unea/ baina hemendik esan nahi dizut matxista putakumea/ gora pilota gora borroka ta gora emakumea».

Esperientzia faltak eta urduritasunak halako finaletara akatsak ekartzen baditu ere, saio bizi eta txukuna osatu zuten hamahiru bertsolariek, eta haien arteko giro onak lehiakortasuna bazter utzi zuen. Zortziko handian hasi ziren ariketa puntuagarriak eta zortziko txikiarekin amaitu, lau bertso osatu ondoan epaileek sei bertsolari hautatu zituzten txapela jokatzeko. Oihana Arana, Jokin Irastorza, Elixabet Etxandi, Aroa Arrizubieta eta Xabat eta Joanes Illarregi. Puntu bati erantzun eta gaia emanda gehienez bost puntuko neurrian bertso bat osatu behar zuten. Joanes txapeldunordearen lana hau izan zen: «Ispiluari beha hainbeste denbora...» «nere burua ikusiz behetikan gora/ pasatuko ote dut gizartean proba/ norberak dunarekin behar du gustora». Amesten zuen lekuan onartu zutela esanaz gutuna jaso zuen, hori zioen gaiak, eta umorez hartu zuen leitzarrak: «Aspaldi hasi egin nintzen hontako ikasketetan/ ta ustez nota ona atera nuen nik hautaprobetan/ Ertzaintzarako hartu naute gaur jo ze suertea benetan/ eta gainera jarria naute ongi disturbioetan/ aze egurra emango dudan manifa dagoenetan». Aroak eginiko lana honakoa izan zen: «Urtea bukatzean zenbat azterketa...» «egia esan nago ni kezkaz beteta/ baina jarrai dezagun pena hoiek gordeta/ bizitza bizitzeak merezi du eta». Gaiak honakoa zioen: goizero leku berean hartzen duzu autobusa, gaur lehen aldikoz begiratu zaitu: «Berriro ere bildu garela egunero bezala hemen/ beti bezala iritsi naiz gaur zu baino apurtxo bat lehen/ begiratuaz begietara esan nahi dizut ondoren/ momentu hortan pertsona batek zer sentitu dezakeen/ eta benetan barkatu baina zeinen itsusia zaren». Amets Arzallusek jantzi zion txapela Aroa Arrizubietari eta agurrean, hurbilean izandako guztiak eskertu zituen eta «kritikatu gaituzten guztiak izorratu daitezela/ arabar batek lortu duela Euskal Herriko txapela» kantatu. «Pozik naiz, ez nuen espero, egia esan Arabatik inork ez du espero ezer, batzuek esaten baitigute finalera sartu garela gutxi garelako, eta horregatik egin dut ohar hori», adierazi zigun txapeldunak.