Estibalitz EZKERRA
HELDUEN LITERATURA

Ihes egin nahian

Orain arte Juan Luis Zabalak argitaratu duen fikzio lana irakurri dutenei ezagunak egingo zaizkie “Ospa” bere azken ipuin-bilduman agertzen diren pertsonaiak: erabat bazterreko izan gabe, gizarteak hobetsitako bizimodu eta jarrerei uzkur egiten dieten gizabanakoak; batzuek moldatu gabeko pertsonatzat joko lituzketen horiek. Akaso, pertsonaiek beraiek esango lukete mundua arrotz bihurtu zaiela eta eurak arrotzak zaizkiola munduari, “Margolari ohia”-ko protagonista parafraseatzearren (35). Denboraren igarotzea da arroztasun sentimendu horren eragile kasu batzuetan, aipatu ipuinean zein “Euskadiko oroitzapenak”-en, esaterako. Lehenengoan artea kontsumo produktu bihurturiko neoliberalismoak sorkuntza artistikoa baztertzera bultzatzen duen artistaren gogoetekin topo egiten dugu; bigarrenean, 1980ko hamarkadan punk mugimendua barru-barrutik bizi izandako batek garai hartako aukera eta kontraesan ideologikoei heltzen die, irakurlearen esku utzita orainaldiaren diagnostikoa egitea.

Gaiak berak, pertsonaiek aurre egin behar dieten egoerak alegia, oso Zabalarenak direla esan daiteke: punk mugimendua, txirrindularitza, idazle eta artista ofizioak, sorkuntza prozesua, kultur industria, bikote zein belaunaldi arteko harremanak. Baita tonua ere: oro har, bat inguratzen duen errealitatetik ihes egin nahi bai (eta zenbaitetan saiatu ere) baina hainbat arrazoi tarteko ihesa aurrera eramateko ezintasunak eragindako etsipena da nagusi, zinismoaren itxura ere hartuta ipuin batzuetan. Batzuetan ihesak edo ihes egiteko asmoak espazio fisikoaren aldaketa dakar, “Camping Río Purón” zein bildumari izena ematen dion “Ospa”-n bertan gertatu bezala. Azken ipuin horretan ihes egiteko nahia ustez baino orokorragoa dela azaltzen zaigu: ustez antagonikoak diren pertsonaiek (ETAren kontrako operazio batek aurrez aurre jarritako auto gidari euskalduna eta guardia zibila) partekatzen dute, haren atzean dauden arrazoiak ezberdinak badira ere. Gidariaren kasuan, harreman itogarri batetik askatu nahi du bere burua; guardia zibilak gatazkaren inguruko egoera politikoa atzean nahi du.

Besteetan, adimen ariketaren forma du ihesak: haurtzaroan jazotako traumak (“Ohol gaztelua”) zein familia osasuntsu eta “perfektua” lortzeko bidean bizitzak jarritako oztopoak (“Zientzia fikzioa”) gainditzeko saioa.

Modu batean ala bestean ipuinok erabateko ihesa ezinezkoa dela aditzera ematen badigute ere, dena ez da erabat ilun, dena ez dago erabat galduta. Kultur sistemarekiko ikuspegi kritikoa agertzen badute ere, sorkuntza artistikoak berak, dela arte plastikoak dela literatura, duen ahalmen katartiko eta etikoaz mintzo zaizkigu istorioetako batzuk (“Nobela isila”, “Zientzia fikzioa”). Era berean, zoriontasunari absolutu moduan heldu beharrean zoriontasun uneei erreparatzen diete zenbait ipuinek, “Gola Galkargo”-k eta “Harmonikaren erabilera egokia”-k esaterako. Azken horretan kantu batzuen harira gaztetako ametsez hizketan hasten dira bi ezezagun kanpin batean, orainak familiaren itxuran unearen xarma desegiten duen arte. Kexu egin beharrean, ordea, iraundako denbora apurrean solasak “edertu” egin duela sentitzen du narratzaileak (24). Bildumari hasiera ematen dion “Hiru aste Wim Wendersekin” ipuinean bertan, etxean hartutako gizona benetako Wim Wenders izan ez balitz ere, zeinek kenduko dizkio narratzaileari ustezko Wim Wendersekin bizitakoak? Akaso, horretan datza bizitza: aurrera egiten laguntzen gaituzten zoriontasun une horietan, haien sorburua dena delakoa ere. Erabat borobilak ez badira ere, berritasun zantzuak badakartzate Zabalaren ipuinok. Haien sorburua dena delakoa izanda ere. Erabat borobilak ez badira ere, berritasun zantzuak badakartzate Zabalaren ipuinok.