2017/06/19

Outerknown Fiji Pro 2017: Wilkok txapela berreskuratu du

Pasa den astean amaitutako CT itzuliko bosgarren proba Matt Wilkinsonek irabazi zuen eta rankingeko lehen postua lortu du. Beteranoek huts egin zuteneta hasiberriak gailendu ziren Fijiko txapelketaren ostean, sailkapen nagusia goitik behera aldatu da.

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA|DONOSTIA
0619_its_duru

Lehen mailako mutilen munduko surf zirkuitua (CT) osatzen duten 11 txapelketetatik bosgarrena pasa den astean amaitu zen Fijin eta Matt Wilkinson izan zen irabazlea. Garaipen honi esker mutilen rankingeko lidergoa eskuratu du australiarrak eta CT zirkuitua egiten ari diren 34 lehiakideen zerrendan gauzak asko aldatu dira. Beteranoek behera egin dute Tavaruako txapelketaren ostean, eta, hasiberriek, gora.

Wilkinson vs O'Leary

Fijiko txapelketan ezohiko bi gauza gertatu ziren. Batetik, azpimarragarriak izan ziren aurtengo rocky edo hasiberrien emaitzak, eta, bestetik, goofy edo ezker surflarien nagusigoa begi bistakoa izan zen. Finalera iritsi ziren Matt Wilkinson eta Connor O'Leary, esaterako, ezker surflariak dira, eta, beraz, olatuari aurpegiz aritu ziren.

Beste behin ere australiarrak izan ziren nagusi Fijin, baina europarrak ere fin aritu ziren. Final laurdenetan zeuden zortzi lehiakideetatik bost australiarrak ziren, haien artean finalera iritsi ziren bi surflariak. Beste hiru lehiakideetatik bi europarrak ziren, eta, hirugarrena, Michel Bourez tahitiarra.

Ozta-ozta amaitu zuten Fijiko txapelketa, itsaski baten zain ia itxaronaldi epea pasa egin baitzitzaien. Azken egunean olatuak ez ziren txapelketa hasi zutenean bezain handiak, baina hiru metroko olatu ederrak izan ziren, haize gutxirekin eta mota guztietako ariketak egiteko aukera ematen zutenak. Hala ere, bai Wilkinsonek bai O'Learyk, tubo luze baten zain egon beharrean, ahalik eta olatu biribilenak hartu eta bira indartsuak egiteko hautua egin zuten.

Bikain aritu ziren bi surflariak, baina, azkenean, Wilko gailendu zen 0,9 puntuko aldearekin. O’Learyk 15,70 puntu egin zituen bere bi olatu onenekin (8,33+7,7); Wilkok, ordea, 16,60 puntu bildu zituen (8,57+8,03). Final ederra izan zen, ikusgarria, eta O'Learyk, lehen mailako CT zirkuituan hasiberria izan arren, kontuan hartzeko surflaria dela erakutsi zuen.

Garagardo lata bat eskuan zuela pozarren oihu egiten zuen Wilkok. Iaz, Australian txapelketa bat irabazi ostean 4.782 dolarreko gastua egin zuen taberna batean, eta, 2012an, positibo eman zuen dopin kontrolean, beraz, australiarrak bere garaipena ospatzeko egin zezakeen festa ere denen ahotan izan zen.

Hasiberriak bikain

Aurten, lehen aldiz TOP 34ean dauden eta Fijin bikain aritu ziren beste hiru surflari “ezezagunak”, Joan Duru, Leonardo Fioravanti eta Ian Gouveia izan ziren. Lehenengo biak final laurdenetara iritsi ziren, eta, horretarako, gainera, haietako bakoitzak rankingeko lehen hiru postuetan zeuden lehiakide bana kaleratu behar izan zuen.

Gouveia bosgarren errondan kaleratu zuten, baina guztien ahotan izan zen ikuskizun polita eskaini baitzuen. Gouveiaren surfak beste garai bateko surflari bat oroitarazten zien beteranoenei, izan ere, brasildar gazte hau, Fabio Gouveia surflari mitikoaren semea da. Bere aita, Brasilgo lehen surflari profesionala izan zen, eta, 1998an, Sunseteko txapelketa irabazi zuen lehen brasildarra bilakatu zen.

Foravanti ere zeresana ematen ari da. 19 urteko surflari honek Italiako olatuetan ikasi bazuen ere surf egiten, laster ekin zion munduan zehar bidaiatzeari eta egun munduko lehiakide onenen artean da. Beraz, ez da makala Mediterraneoaren alboan hazi zen erromatar honek egin duen ibilbidea.

Duru, Aranbururen oinordeko

Ama Donibane Lohizunekoa du Joan Duru ezker surflariak eta WSL webguneko bere profilak Baionakoa dela dio. Hortaz, Aritz Aranburu zarauztarra eta gero, mutilen CT zirkuituan lehian ari den bigarren euskal herritarra dela esan daiteke.

Azken txapelketan lortutako bosgarren postuari esker bost maila igo ditu rankingean baionarrak eta egun 27. postuan dago. Fijikoa orain arteko bere emaitza onena izan da, txapelketa gehienetan hirugarren txandarako kaleratu baitute.

Joan Duruk bezala, aurtengo beste hasiberri askok ere gora egin dute sailkapen nagusian, eta, aldiz, beterano eta faboritoek behera egin dute. Hala, TOP 34 rankinga goitik behera aldatu da Fijiko txapelketaren ostean.

Egun Matt Wilkinson da buru CT rankingean. Bigarren postuan John John Florence dago. Eta hirugarren postuan hiru lehiakide daude berdinduta, Jordy Smith, Owen Wright eta Adriano de Souza. Hurrengo geldialdia uztailean izango da Hegoafrikan, Jeffreys Bayko eskuin olatuan. Alegia, Fijikoaren antzeko olatua, baina eskuin aldera. Hori bai, ur hotzagoarekin eta marrazo zuriz inguratuta.

JOAN DURU


WSLko bere profilak Baionakoa dela dio, eta Donibane Lohizunekoa du ama. Aranbururen ostean CT zirkuituan mutilen artean lehian ari den bigarren euskal herritarra da beraz.

JEFFREYS BAY


Hurrengo geldialdia Hegoafrikan da, Jeffreys Bayko eskuin olatuan. Alegia, Fijiko olatuaren antzekoa, baina eskuin aldera. Hori bai, ur hotzagoarekin eta marrazo zuriz inguratuta.