GARA
GASTEIZ

Bizkaiko zahar-etxeetako grebalariek inplikatzeko eskatu diote Emakunderi

Greban 200dik gora egun daramaten Bizkaiko egoitzetako langileek salatu egin dute Emakundek gatazka honetan orain arte izan duen jarrera, eta «dagokion erantzukizuna» har dezala eskatu zioten atzo, haren egoitza nagusiaren aurrean egindako elkarretaratzean.

Bizkaiko zahar-egoitzetako langileak Emakunderen atea jo zuten atzo, salaketa eta eskaera bana eramanez. Elkarretaratzea egin zuten, «emakumeen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasuna» lortzea helburu duen erakundeari orain arte erakutsi duen «utzikeria eta esku-hartzerik eza» aurpegiratzeko, eta «prekaritatea nagusi» duen sektore honen gatazkan esku har dezala eskatu zioten Izaskun Landaida zuzendariari igorritako gutunean.

Greban dauden langileek Emakundek Bizkaiko Diputazioa estutu dezan nahi dute zahar-egoitzen sektoreko «emakumeen diskriminazioa ezabatzeko, horien lana duintzeko eta erabiltzaileen bizi-baldintzak hobetzeko erabakiak har ditzan», azaldu zuen ELAk plazaratutako prentsa oharrean.

Salatu zuenez, pribatizazioen aldeko erabaki politiko batzuek «emakumeen esplotazio-baldintzak iraunarazi dituzte, eta horren ondorioz gizarteko pertsonarik ahulenenei zerbitzu publiko eskasa eskatzen zaie».

«Edonola ere –jarraitzen du–, helburua bakarra da: enpresa bakan batzuen etekinak zaintzea, nahiz eta %90ean emakumeak diren langileen baldintzak prekarizatzearen kontura izan».

Emakunderi leporatutako «utzikeria are larriagoa» dela eman zuen aditzera, bere jardute-esparruetako bat «herri-administrazioekin batera berdintasunaren alde elkarlanean aritzea» delako.

Gatazka eta egoera honen «errudun nagusia» Diputazioa da, «berak finantzatzen baitu %70ean zerbitzu publiko pribatizatu hori». Baina gatazka konpontzen ahalegindu beharrean, «enkistatzen lagundu» duela adierazi zuen, «sektoreko patronalei babesa emanez, borroka indargabetuz, langileak ikusezin bihurtuz eta langileei begirunea galduz, bigarren mailako herritarren gisa tratatuz».