Asier AIESTARAN

Merezitako aitortza jasoko du Ramon Unanuek usurbildarren partetik

Ia lau urte igaro dira Ramon Unanue Matxain kirolari eta entrenatzaile usurbildarra hil zenetik, baina herritarrek ez daukate ahaztuta. Talde sustatzaile baten eskutik, aitortza herritarra egingo diote larunbat honetan, kirol, kultur eta giza ikuspegitik eman zuen guztia eskertzeko.

1953ko martxoaren 18an jaio zen Ramon Unanue Matxain usurbildarra, Kalezar auzoko Iparralde etxean. Eta gazte-gaztetatik erakutsi zuen kirolarekiko pasioa. Gazte garaian, 1970eko eta 80ko hamarkadetan, punta-puntako atleta izan zen, eta Atletico San Sebastian elkartean erakutsi zuen bere maila, pisu, disko eta mailu jaurtiketetan, batez ere. Lorpen batzuk aipatze aldera, bi aldiz izan zen Euskadiko txapelduna pisu jaurtiketan (1982 eta 1983an), sei aldiz Gipuzkoako txapeldun, eta urte haietan lortutako bere markarik onena (15,05 metro) Gipuzkoako zazpigarren markarik onena da oraindik ere.

Baina kirolarekiko bere maitasuna ez zen kirolari garaiarekin amaitu, ez horixe. Izan ere, entrenatzaile moduan egin zuen lana are aipagarriagoa da kasik. Hainbat eta hainbat urtean modalitate desberdinetako kirolariak pasatu dira bere eskuetatik, eta bai arlo fisikoan bai teknikoan Unanuek emandako laguntza oso garrantzitsua izan zela aipatzen dute den-denek. Haimar Zubeldia, Xuban Errazkin edota Carbayeda anai-arrebak txirrindularitzan; Amador Granados, txirrindularitza egokituan; Pello Errasti, atletismoan; Izeta, Goenatxo edota Idoia Etxebarria harri-jasotzen; gutxi batzuk baina agian ezagunenak aipatzearren, berarekin lan egindakoak dira euren ibilbide arrakastatsuko uneren batean edo bestean.

Bakarkako kiroletan bakarrik ez, taldekakoetan ere bere eskua nabarmena izan da Usurbil eta inguruetan. Futbola, arrauna, eskubaloia... Xabier Mikel Errekondo bera ere, larunbateko aitortza antolatzen ibili den talde sustatzaileko kidea, Unanueren laguntza jasotakoa da. Gainera, lehiaketa hutsetik harago, kirolean osasuna eta aisia batzeko gogoa izan duten zenbait talderi laguntzeko ere prest azaltzen zen, Usurbilgo gimnasia taldeari, esate baterako.

Talde sustatzaile horrek argitaratu eta joan den maiatzaren 30ean Usurbilgo Udalak babesten zuen testuan aipatzen denez, «entrenatzaile nekaezina zen». «Bereziki aparta prestatzaile fisiko modura bazen ere, zenbait kiroletan aitzindaria bilakatu zen lanketa teknikoetan ere, txirrindularitzako prestaketa kustomizatuan, adibidez. Artista itzela zen prestaketa fisikoa kirol mota bakoitzera zein kirolari bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen». Eta beste hau ere gehitzen dute: «Fisikoaz gain, Ramonen eskolako prestakuntza psikologiko pertsonalizatuaren sekretu nagusiak bi izan dira: kirolariak norberarengan konfiantza sortzeko gaitasuna eta mentalitate jantzia».

«Herri dinamika»

Kirol arlotik harago egindako lana ere eskertu nahi diote larunbatean usurbildarrek Unanueri. «Ohikoa zen Ramon giza zein kultur balioetan oinarritutako jardueretan zuzenean murgilduta ikustea, baita beste herritarrak parte hartzera animatzen ere. Finean, herri dinamikan», nabarmentzen dute ezagutu zutenek. «Ez zen kirola soilik, pertsona zen eta pertsonak ginen, hargatik bizitza bizitzeko zeukan ikuskera kirolaren prismatik zipriztintzen zigun. Hots, kirola helburu eta tresna zituen une berean. Tresna eta bidea pertsonengana iristeko, pertsonak egiteko», gehitzen dute.

Gaixotasun baten ondorioz, 2013ko azaroaren 11n zendu zen Ramon, baina bistan denez, inork ez dauka ahaztuta.

 

Kirol ekitaldi ugari eta erakusketa ederra, arratsalde polita osatzeko

Aitortza herritarraren barruan antolatu dituzten ekitaldiak 17.00etan hasiko dira. Aurkezpena egin ondoren, beteranoen futbito eta eskubaloi partidak jokatuko dituzte Usurbilgo pilotalekuan, eta ondoren pilota partiden txanda izango da. Plazan, bestalde, taldekako giza-proba, ginkana eta atletismo erakustaldiak ere izango dira. Plazan jarriko duten haiman, gainera, Unanue zenaren argazkiak biltzen dituen erakusketa bat ere irekiko dute. Sustatzaileek aipatzen dutenez, Unanueri ez zitzaion batere gustatzen protagonismoa, eta horrek zaildu egin du haren argazkiak aurkitzea, baina lortu dituztenen artean dokumentu grafiko oso aipagarriak omen daude. Arratsaldeari amaiera borobila jartzeko, 19.30 aldera ekitaldi berezia egingo dute plazan, eta Oiardon plaka bat ere jarriko dute Unanueren omenez.A.A.