Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Bodyboard

Diego Cabrera garaile Brasilen munduko bodyboard lehiaketan

Orain arte ia ezezaguna zen Diego Cabrera kanariarrak ezustekoa eman zuen pasa den astean Brasilen, Itacoatiara Pro txapelketa ospetsua irabazita. Rankingean aldaketa nabarmenak eman dira, baina Alex Uranga zumaiarrak laugarren postuari eusten dio.

Munduko bodyboard zale onenak Hego Amerikako hondartzetan barrena dabiltza garaiotan. Amaitu berri da Brasilen urtero egiten den Itacoatiara Pro txapelketa ospetsua eta orain kontinentearen beste aldera doaz lehiakideak, datozen egunetan Txileko uretan egingo den munduko txapelketako proban parte hartzeko.

Mundu mailako bodyboard zirkuitua, APB (Association of Professional Bodyboarding) deritzona, puri-purian da, eta aurtengo munduko txapelduna izateko lehiaketa erabakigarriak izan daitezke Brasilen egin berri den lehiaketa zein datozen egunetan Txilen egingo dena. Izan ere, bi txapelketok ez dira nolanahiko txapelketak, maila gorenekoak baizik, hau da, “Bronze Garndslam” bezala ezagutzen direnak.

Itacoatiara Pro

Baldintza zailak izan ziren txapelketako lehenengo egunetan, bi metroko olatu indartsu eta borobilak, baina munduko bodyboard zale onenek halako olatuak maite dituzte, haientzat erronka baitira. Ikusleek, ostera, halako baldintzak nahi dituzte kirolari profesionalek sekulako ikuskizuna emango dutela badakitelako. Itacoatiaran horrela izan zen, eta maila handiko ikuskizuna izan zen.

Azken egunean, ordea, itsasoak behera egin zuen eta finalak egiterako orduan olatuak metro batekoak ziren, txikiak alegia, eta eguraldiak ere ez zuen laguntzen. Agian baldintza aldakorrak eta zailak zirelako Itacoatiarako emaitzak ere bitxiak izan ziren, ez baitzeuden ohiko izenak lehen postuetan.

Diego Cabrera Kanariar uharteetako bodyboard zalea izan zen aurtengo irabazlea Itacoatiaran, eta, bigarren postua, Dino Carmo portugaldarrak eskuratu zuen. Ez dira oso ezagunak bi bodyboardzale horiek, hala ere, sekulako maila dutela erakutsi zuten biek ala biek.

Ordu erdi iraun zuen finalean 14,25 puntu eman zizkioten bi olatu egin zituen Cabrerak lehen hamar minutuetan. Horren ostean arerioak ez zuen egiteko erraza eta Cabrerak oso gertutik jarraitu zuen olatu on bat hartzeko aukerarik izan ez zezan. Estrategia horrek balio izan zion, horri esker eskuratu baitzuen txapela.

27 urteko kirolariak hunkituta jaso zuen irabazle saria, izan ere, buruko hemorragia bat izan ostean errehabilitazio lan etengabean izan da azkenengo hilabeteetan. Sekulako lana egin behar izan zuen guztiz osatzeko, zortzi hilabete pasa zituen errehabilitazio zentrora joan-etorri etengabean.

«Ia hil nintzen», nabarmendu zuen kanariarrak, «baina esperientzia horren ostean, lehen baino gogorragoa naizela uste dut». Ezabatu ezin zuen irribarrearekin, bere bizitzako egunik zoriontsuena zela aitortu zuen txapeldunak, izan ere, «uste nuen ez nintzela iritsiko berriz itsasoratzera».

Hirugarren eta laugarren postuetan geratu ziren lehiakideak ostera oso ezagunak dira, Ian Campbell eta Dave Hubbard hawaiiarrak. Azken horrek gainera, ranking orokorrean postu bat gora egin eta egun bigarren postuan da.

Nesken kategorian japoniar bat nagusitu zen Brasilen, Ayaka Suzuki, eta bere atzetik bertako bi bodyboardzale geratu ziren, bigarren postuan Nicole Claheiros, eta, hirugarrenean, Maria Helena. Laugarren postua, berriz, Paloma Greygham Txileko lehiakidearentzat izan zen.

Gazteen kategorian (junior) Txile eta Brasilgo bodyboardzaleak izan ziren protagonista nagusiak. Lehen postua Nelson Flores txiletarrak eskuratu zuen; bigarrena, Luan Tavares brasildarrak; hirugarrena, Cristobal Fernandez txiletarrak, eta, laugarrena, Brasilgo Igor de Almeidarak.

Houston buru

APB rankingeko lehen postuan Jared Houston hegoafrikarra dago uneotan. Bigarrengoan, esan bezala, Hubbard dago, eta, haren atzetik, hirugarren postura igo da Diego Cabrera azken garaipenaren ostean. Laugarren postuan, berriz, Alex Uranga zumaiarra dago.

Urangak txapela irabazi zuen iaz Itacoatiaran, baina aurten zorte apur bat falta izan zaio, izan ere, oso ongi aritu bazen ere, bosgarren txandan arerio zuen Lewy Finnegan australiarrak olatu hobeak hartzea lortu zuen. Edonola ere, oraindik txapelketa asko dago aurretik eta zumaiarrak aurtengo munduko txapela eskuratzeko aukera errealak ditu.

Brasildik Txilera

Brasilgoa, aurtengo APB zirkuitua hasi zenetik orain artean egin den proba garrantzitsuena izan da, 5000 puntu eskaintzen dituzten lau probetako lehena baita. Hurrengoa ere, uztailaren 4tik 10era Txileko Arica eskualdean egingo dena, mota honetako txapelketa izango da.

“Bronze Grandslam” izenez ezagutzen dira proba hauek eta maila goreneko txapelketak dira. Gainontzeko lehiaketak izarren arabera sailkatzen dira, orduan eta izar gehiago, orduan eta puntu gehiago irabazten ditu irabazleak. Gutxienez 1.000 puntuko txapelketak izaten dira eta, gehienez, 5.000 puntukoak.

Guztira 11 txapelketek osatzen dute aurtengo APB zirkuitua. Datozen egunetan Txilen egingo dena itzuliko laugarren txapelketa izango da. Horren ostean egingo diren txapelketak maila apalagokoak izango dira, eta, urrian, berriz ere Bronze Garndslam mailako beste bi txapelketa izango dira jarraian, bata Portugalen eta bestea Kanariar uharteetan.

Nesken kasuan txapelketa gutxiagok osatzen dute zirkuitua: guztira zortzi lehiaketa izango dira aurtengoan. Gaztetxoen kategorian, berriz, guztira sei txapelketa baino ez dira izango Junior Bodyboard zirkuituan.