Nerea GOTI
MUNGIA

Faxistek Gasteizen fusilatu eta 80 urtera, Lauaxeta gogoan

Estepan Urkiaga «Lauaxeta» olerkaria gogoan izan zuten atzo Mungian eta Gasteizen, 31 urterekin fusilatu eta 80 urtera. Ekitaldietan memoria historikoa eta 1936ko gerra galdu zutenen legatua aldarrikatu zituzten. «Ez zuten ez gorroto ezta mendeku mezurik izan», azpimarratu zuen Bingen Zupiria Lakuako sailburuak.

Laurogei urte igaro dira Estepan Urkiaga Lauaxeta Gasteizko Santa Isabel hilerriko hormen aurrean frankistek fusilatu zutenetik. 1937ko ekainaren 25eko goizaldean izan zen exekuzioa, olerkari euskaldunak 31 urte besterik ez zituela. Garcia Lorcaren itzultzaile izan zen Lauaxeta eta gerran kazetari ere ibili zen. Datuok Iñaki Egaña historiagile eta idazleak atzo GARAn argitaratutako analisian daude jasota, baita Lauaxeta eta Jose Placer Martinez de Lezea EAE-ANVko Eusko Indarra batailoiko komandantea heriotzara kondenatu zituen gerra kontseilu frankistaren inguruko zenbait xehetasun ere. Gertakarien gaineko txostenean jasotakoaren arabera, Antonio Saenz de Santa Maria alfereza izan zuten “defendatzaile”, eta Rafael Milans del Bosch militarra akusatzaile. Lauaxetaren kontrako karguak, egiten zuen lan «propagandistikoa», besteak beste Gernikako bonbardaketa salatzeko.

Bi ekitaldirekin oroitu zuten atzo olerkaria, Mungian eta Gasteizen. Lauaxetaren gorpuzkiek bizi izan zen udalerri bizkaitarrean hartzen dute atseden 70eko hamarkadatik, Berteizko hilerrian. 2005ean, bere jaiotzaren mendeurrenean, altxatutako hilobian lore eskaintza egin zuten atzo senitartekoek eta herritarrek ekitaldi xume batean.

Lauaxetaren bertso musikatuek eta Joseba Sarrionaindiak olerkariaz idatziriko pasartearen irakurketak zabaldu zuten ekitaldia. Ondoren, txalapartaren doinuekin aurreskua eskaini zioten bi dantzarik, lore eskaintza hasi aurretik.

Instituzioen ordezkaritza zabala bertaratu zen Mungiara, tartean Bingen Zupiria EAEko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, Ager Izagirre Mungiako alkatea eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia. EH Bilduko hainbat parlamentari eta batzarkidek ere parte hartu zuten ekitaldian, besteak beste.

Gasteizen, Karmen elizako plazan dagoen Lauaxetaren omenezko eskulturan egin zuten lore eskaintza, Gorka Urtaran alkatearen eta udalbatzan ordezkatutako alderdietako kideen parte hartzearekin. Ikurrina eta errepublikako bandera jarrita, isilunea gorde ostean “Agur jaunak” jo zuen txistulari batek. Lauaxetaz gain, omenaldia Gasteizko hilerrian 1936 eta 1977 artean fusilatutako ia 200 lagunentzat ere bazela argitu zuen Urtaranek, memoria historikoa aldarrikatuz.