Andoni ARABAOLAZA
Erronka

Iker Karrerak ziztu bizian egin du «Alta Ruta de los Perdidos» mendi ibilaldia

Monte Perdido eta Vignemaleko mazizoak lotzen dituen trekking zirkularrean errekor berria ezarri du: 13ordu eta 42 minutu. 6.000 metroko goranzko desnibela gainditu behar izan du 92 kilometroko jardunean.

Azken urteotan, “Alta Ruta de los Perdidos” izeneko trekking zirkularra goraldia izaten ari da. Makina bat mendizale dira Monte Perdido eta Vignemaleko mazizoak lotzen dituen trekkinga egiten dutenak. Eta horietako bat Iker Karrera dugu.

Iaz, bost egunean egin zuen ibilbidea; jakina, patxada handiarekin hartuta. Baina, irakurleak ondo dakienez, amezketarra trail munduan, batez ere ultretan, izen handiko kirolaria da. Hala, korrikalari senak bultzatuta, hilaren 17an “Alta Ruta de los Perdidos” ibilbidea ziztu bizian egin zuen. 92 kilometro eta 6.000 metroko goranzko desnibela zituen aurrez aurre, eta, egindako errekorren eiteari begiratzen badiogu, onartu behar da Karrerak eginiko denbora azpimarratzeko modukoa dela; izan ere, aurreko errekorra birrindu egin du. Bai, korrikalari gipuzkoarrak ibilbide gogorra egiteko 13 ordu eta 42 minutu behar izan zituen soilik. Aurreko denbora onena Dani Magallonen esku zegoen: 20 ordu eta 50 minutu.

Karrerak berak honakoa adierazi du: «Errekorra hobetzea niretzat erronka handia zen. Horrez gain, korritu behar dudan Hardrock ultra entzutetsua prestatzeko ondo zetorkidan. Eta asmatu dut, izan ere, egin berri dudan ibilbidea gogorra eta teknikoa da».

Oso sasoiko

Aurreratu dugun bezala, protagonistak erronka hilaren 17an egin zuen. Goizean goiz egin zituen lehen urratsak, o4:30ean irten baitzen Bujaruelotik. Jakina denez, izaera honetako jardun bat egiteko, bizkar-zakuak oso arina behar du. Eta horrela zen Karrerarena ere.

16 orduko jarduna egitea espero zuen, baina iragarpena 3 orduan jaitsi zuen azkenean. Beraz, argi dago sasoiko aurkitu zela. Korrikalariak egin berri duen erronkaren inguruan honako azterketa egin du: «Ibilbidea gogorra da oso. Tarte teknikoak ditu, eta ezin zara lasaitu. Indartsu irten nintzen, baina jakin banekien nire indarrak ondo baino hobeto neurtu behar nituela. Une gogorrena, agian, Pinetako aterpea eta Añiscloko lepoa lotzen dituen igoera izan zen. Aldats pikoak eta gogorrak ditu, eta, gainera, eguzkiak gogor berotzen zuen; nekea nabaritu nuen. Rolandoko bretxatik hasten den azken jaitsieran erritmoa bizkortu nuen, neure burua 14 ordutik jaisteko moduan ikusi nuelako. Sasoiak ondo erantzun du, eta eginikoaz oso balorazio positiboa egiten dut. Egin dudan denbora ere nahiko ona dela uste dut».