Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

EH Baik konponbidearen alde engaiatzeko deia egin dio frantziar Gobernuari

Azkenaldian keinu kezkagarriak sumatu ditu koalizioak, eta hori dela-eta «ETAren armagabetzea gauzatuta, gatazkak utzitako gainerako ondorioak konpontzeko bidean lana azkartzera» deitu du.

«Apirilaren 8a mugarri garrantzitsua izanik ere» desarmatze eguna gauzatzea ahalbidetu zuen konpromisoa gainditutzat emateko arriskuaz ohartarazi zuen atzo Euskal Herria Baik. Hala ere, konponbide integrala lortzeko bidean, Anita Lopepek eta Jakes Bortairuk hau nabarmendu zuten: «Gatazkaren gainerako ondorioak gainditu ahal izateko lanean jarraitu behar dugu».

Bide batez, frantziar Estatuak azkenaldian «iraganeko keinuak bikoiztu dituelako» beren arrangura azaldu zuten. Hartara, hainbat euskal militantek frantziar auzitegietan jaso dituzten zigor handiak aipatu zituzten. Zehazki, Oier Ibargureni eta Montxo Bareari iragan apirilean zazpi eta zortzi urteko espetxe-zigorrak ezarri zizkietela oroitarazi zuten. Bereziki adierazgarria delakoan, Josu Urrutikoetxeari «Oslon negoziaketa prozesu batean parte hartu izanagatik» ezarritako 8 urteko kartzela zigorra gaitzetsi zuten.

Era berean, Egoitz Urrutikoetxea EH Baiko biltzarkidea aurki Parisen epaituko dutela-eta, elkartasuna adierazi zioten.

Lokalizagailu bat autoan

Horrez gain, EH Baiko bozeramaileek jakinarazi zutenez, Urrutikoetxearen bikotekide Agnes Cerlok geolokalizagailu bat aurkitu zuen berriki bere autoan. Apirilaren 18an salaketa jarri zuen Baionako prokuradorearen aitzinean.

Bestalde, Frantziako presidente berri Emmanuel Macronek 2015eko atentatuez geroztik indarrean dagoen larrialdi egoera betikotzeko duen asmoagatik kezka agertu zuen EH Baik.

Nabarmendu zuenez, «askatasunen murrizketa eta lan militantearen kriminalizazioa dakartzaten neurriak lege arruntean sartzea oso larria da».

Testuinguru horretan, FIJAIT fitxategi judizialaren gehiegizko erabilera salatu zuten euskal preso politiko ohiek, beraiek «eraso islamistak ekiditea xede duen fitxategian sartu izana» deitoratuz.

Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak amaiturik, frantziar Gobernuari zein Euskal Herrian hautatuak izan diren 3 diputatuei gatazkari behin betiko konponbidea emateko zein asmo duten argitzera deia egin zieten. Euskal Herriko eragileei, berriz, apirilaren 8ko izpirituan, pauso berriak ematera dei egin zieten EH Baiko ordezkariek, besteak beste, euskal presoen auziari dagokionez.

Ildo horretan, heldu den abenduaren 9an Parisen bakegileek emandako hitzorduari begira euskal karriketan mobilizazioak azkartzeko konpromisoa agertu zuen Euskal Herria Baik.