2017/07/12

Maite Ubiria Beaumont
Etorkizunaren aldeko artisau lana bulego dotoreetatik karpa xumerat

Euskal gazteriaren mugimenduko lau kide euskal preso politikoen alde egiten ari diren baraualdiaz ere mintzatu zen astelehenean Parisen, frantziar boterearen «0 gunera» konponbidearen agenda eraman zuen euskal delegazioa. Bezperan Bourbon jauregi inguruan izan ziren eledunetako batzuk, atzo arratsaldean, Hiriburun ezarritako elkartasun karpara hurreratu ziren gazteei elkartasuna adieraztera.

Baraualdian direngazteek arratsalderoantolatzen dituztenelkarretaratze etahitzaldietara bertaratzeko deia zabaldu dute

Bourbon kafetegi famatua bilakatu zen, herenegun, bakegileen ahaleginekin bat eginez Parisera hurbildu zen euskal delegazioaren operaziogune. Ostatu horren beheko solairuko gelan elkartu ziren goizean, egunean zehar burutu beharreko bilera-maratoia prestatzeko, eta bertan izan zuten ondoko orduetan etorriko zen sostengu garrantzitsuaren berri.

Frantziako Justizia ministro ohi Christiane Taubira Parisetik kanpo zegoen, baina euskal delegazioko kide batekin telefonoz hitz egiteko denbora hartu zuen. Minutu gutxi batzuetako solasaldi horren bidez agintari ohiak bere prestasun osoa agertu zuen, urruti izanda ere, euskal delegazioaren ahaleginak sostengatzeko. Hitza hitz, arratsalde erditsuan sare sozialen bitartez mezu labur bezain esanguratsua barreiatu zuen Taubirak. Zehatz-mehatz «sufrimenduak aintzat harturik, etaaukera berriak zabaldu ditzakeela-eta, luzaturiko eskua hartzeko» gomita zabaldu zuen Alderdi Sozialistatik harago itzal handia duen politikariak.

Taubira telefonoaren bestaldean izan zuen solaskideak GARAri adierazi zionez, «lehen mailako balioak ordezkatzen dituzten hiru pertsona garrantzitsu izan dira Frantzian, Justizia alorreko arduretara loturik: heriotza zigorraren aurkako borrokarengatik ezaguna den Robert Badinter, zendu berri den Simone Veil eta egun garrantzitsu honetan euskal delegazioari babesa emateko eskuzabaltasuna erakutsi duen Taubira anderea».

Bourboneko bakegileen gotorlekuan pozez hartu zuten iragarpena. Ondoko orduetan egoitza oso ezberdinetara jo behar zuten ordezkari politiko eta gizarte zibileko ordezkariek, nonbait, eguna ondo abiatu zela sentitu zuten. Jakinik ere bakearen historia idaztea ahalegin korala dela eta horren emaitza errelato poliedrikoa izanen dela –Michel Tubiana Giza Eskubideen ohorezko lehendakariak erabilitako esamoldea hartuta– amabitxi guyanarraren bermea eskuratzea ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula.

Rene Cassinen itzalpean gauzatu zuen euskal delegazioak bere lehenengo hitzordu ofiziala. Nazio Batuetako Giza Eskubideen Adierazpenaren idazleetakoa izanik, baionar legegilearen bultzadapean eratu zen 1947an CNCDH batzordea, hainbat frantziar erakunderi begira giza eskubideei buruzko aholkularitza lana egiten duena. Erakunde horren ordezkari Alain Dru-rekin batu ziren Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegaray, Alain Iriart erakunde bereko lehendakariorde eta Hiriburuko auzapeza, Presondegien Nazioarteko Behatokiko (OIP) lehendakari ohi Gabi Mouesca eta Urtzi Errazkin Etxerat elkarteko kidea. Euskal delegazioaren laguntzaile lanetan Serge Portelli frantses epailea jardun zen. Bisita horretan zein horren ostean, giza eskubideen defendatzailearen bulegoan eta askatasun eremuen behatzailearen egoitzan euskal delegazioko beste hainbat kidek izan zituzten bileretan, agerian utzi zituzten ezohiko legediak presoengan zein horien familiengan dituen ondorio larriak.

Espetxean dauden herritarrentzat hiru erakunde horiek egiten dituzten txostenek edo ematen dituzten aholkuek berebiziko garrantzia dutela oharturik, horiengana zuzendu zuen bere egitasmoa bakearen aldeko euskal eragileen diplomaziak.

Lehenago ere, erakunde horietatik, dispertsioari buruz esaterako, «gomendio eraikitzaileak» iritsi izan dira. Eta, hain zuzen, apirilaren 8ko desarmatze ekimenak zabalduriko abaguneak «urrunago joateko» aukerak irudikatu ditzake, bakegileen ustez. Agian, norabide berean elkarlan eginez.

Erakunde horien gomendioek, ezinbestean, badute eragina Justizia Ministerioan, eta horren atea ere jo zuen ordezkaritzak. Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak Ministerioko kabineteburu Helene Davorekin euskal delegazioak izandako bileran parte hartu ostean, hark «euskal presoen dosierra ezagutzen zuela» nabarmendu zuen.

Pariseko biratik balorazio positiboa eginda itzuli ostean, eta konponbidearen eremu nagusia Euskal Herrian dagoela jakinda, beste hainbat hautetsiekin batera, Hiriburun baraualdia egiten ari diren gazteen karpara joan ziren atzo arratsaldean euskal delegazioko hainbat ordezkari. Urrutiko zein bertako erabakiguneetan egin beharreko lanari begira, arnas bila.