Alfontso DIEZ

Idiazabal gaztak «benetakoak» izan daitezen

Aurrerapen teknologikoek eraginik ez duten sektorerik geratzen al da? Oraingoan gaztaren munduan egin dute beste jauzi bat: Idiazabal Gazta kontrol teknika berri bat erabiltzen hasi da produktuaren jatorri-arraza zehazteko. AZTI zentroak garatu du eta Jatorri Deitura horri ahalbidetzen dio bere gazten esnea soilik latx edo karrantzana arrazetako ardiena den jakitea, jatorri esklusiboa bermatuz (esne hori bakarrik erabiltzen dutela baitiote Idiazabalen arduradunek) eta ekoizpen prozesua hobetuz. Prentsa oharrean jakinarazitakoaren arabera, «DNAren teknologiaz baliatzen da teknika hau esnean edota gazta zatietan markatzaile identifikatiboa jartzeko». AZTIk eta Jatorri Deiturak elkarlanean, Lakuako Gobernuaren laguntzarekin, jarri dute indarrean eta ISO17025 arauaren ziurtagiria jaso berri du. Azterketa genetikoetan oinarritutako arraza-kontroleko sistema aurreratu bat baliatzen duen Europako gazta-sektoreko lehen jatorri-deitura da Idiazabal.