GARA
DONOSTIA

Abesbatzen musikaren bost mende jaso ditu «Ahaire» argitalpenak

Bost mendetako musika korala jaso dute argitalpen batean, «Ahaire» izenburupean. Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak eman du argitara antologia eta David Azurzak egin ditu zuzendari lanak. Guztira 40 musikariren 50 pieza biltzen dira argitalpenean. Ia 300 orrialde. Piezarik zaharrena Juan de Anchietaren «O bone Jesu» da (XV. eta XVI. mendeetan bizi izan zen) eta berriena Josu Elberdinen «Segalariak».

Euskal Abesbatzen Elkartearen lehendakari Enrique Azurzak, EHUko Mikel Laboa Katedraren zuzendari Pio Perezek eta liburuaren egileak berak, David Azurzak, proiektua osatzeko egin behar izan duten bilketa eta hautaketa lana nabarmendu dute, euskal abesbatzen musika ondarea oparoa baita.

“Ahaire” –«doinu», zubereraz– ondare horren aniztasunaren isla da. Denera 40 autoretik gora aurki daitezke orain argia ikusi duen liburu mardulean. Bildu den piezarik zaharrena XV. eta XVI. mendeen artean bizi izan zen Juan de Anchietak idatzitako “O bone Jesu” da eta berrienak Josu Elberdinen (1976an jaioa) “Izar ederrak” eta “Segalariak”.

Sakroak zein profanoak

Jasotako musika piezen artean denetarik dago, sakroak zein profanoak. Aita Donostiaren hiru lan aurki daitezke, Jesus Guridiren bi, Vicente Goikoetxearen eta Javier Bustoren hiru eta Xabier Sarasolaren bi.

Lanik gehienak euskaraz eginak dira, baina antologian gaztelaniaz, frantsesez eta latinez ere aurki daitezke sorkuntzak. Talde xumeei zuzenduak zein talde profesionalek bakarrik abestu ahal dituztenak. Sorozabalen “Maite” eta Uruñuelaren “Maitia, nun zira?” ere liburuan daude. Biek berrikuspen kritikoa behar izan dute.

Horri dagokionez, David Azurzak argitu du piezarik gehienak berrikusiak edo egokituak izan direla. Izan ere, originalarekin alderatu behar izan ditu existitzen diren bertsio ugariak. Orain argia ikusiko duten piezen artean badira inoiz publikatu gabeak. Ondorioz, berrikuspenak eskuz idatzitako orrietatik edo fotokopiatuetatik egin behar izan ditu. Lan eskerga eskatu dio horrek editore eta zuzendari tolosarrari.

Aurkezpenean, Bingen Zupiriak Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, bereziki nabarmendu zuen egun bizirik dauden hemeretzi konpositoreren lanak aukeratu izana, musika koralak gaur egun duen garrantziaren isla gisa. Gure mugez gaindi euskal musika ondarea ezagutarazteko baliagarria izango dela ere gaineratu zuen.

Nestor Basterretxeak 1988an Tolosako Abesbatzen Lehiaketarako egin zuen collagea aukeratu dute liburuaren azalerako. Etzi abiatuko da Bartzelonan Abesbatzen Mundu Sinposioa eta bertan banatuko dute lana.

Euskal Abesbatzen Elkargoak argitaratu du “Ahaire”, Eresbil musikaren euskal artxiboarekin eta Olaso Dorrea fundazioarekin elkarlanean. Etxepare Institutuaren eta Mikel Laboa Katedraren lankidetza ere izan dute.