Jon LEUNDA
Aizkora

Iñaki Azurmendik irabazi du emozioz beterik egon den Gipuzkoako finala

Iñaki Azurmendik irabazi zuen atzo Mendaron jokatu zen Gipuzkoako Lehen Mailako finala. Saioa hasi aurretik neurketa oso estua iragartzen zen, eta halaxe izan zen, aurreneko hiru sailkatuen artean 33 segundoko aldea baino ez baitzen egon. Jendeak emozioa nahi izaten du halako finaletan, eta atzokoan ez zuen horren faltarik izan, lehia estua izan baitzen bukaerara arte.

Urtero gertatzen den moduan, atzo ere Mendaroko pilotalekuko harmailak leporaino bete ziren, eta bakoitzak bere jarraitzaileak izan zituen. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen.

Ugaitz Mugertza oso indartsu abiatu zen. Mutrikuarrarengan itxaropen asko zeuden, eta ez zuen hutsik egin. Lan bikaina egin zuen, eta une batzuetan aurretik ere jardun zuen, baina atzetik Azurmendik eta Larrañagak ere lan bikaina egin zuten, ongi jarraitu baitzuten, eta euren aukera iritsi zenean, ederki baliatu zuten. Arriarangoak hartu zuen gero lehen postua, baina azkenerako azpeitiarra ere ikaragarri gerturatu zitzaion, eta amaieran kolpe gutxi batzuek erabaki zuten auzia, Azurmendiren eta Larrañagaren artean, aurreneko bien artean, alegia, 16 segundo egon baitziren.

Mugertzak, berriz, azkenerako apur bat behera egin zuen, baina mutrikuarra hortxe jardun zen borrokan bukaerara arte, eta amaieran hirugarren izan bazen ere, lehen postua ez zuen izan oso aparte. Arria, berriz, ia hasieratik sartu zen laugarren postuan eta hortxe amaitu zuen. Alberdi, aldiz, ia hasieratik geratu zen azken postuan, eta ezin izan zuen hortik ihes egin. Bere lehen finala izan zen.

Lan guztiak burutzeko, 31 minutu eta 21 segundo behar izan zituen Iñaki Azurmendik. Atzetik, Mikel Larrañaga (31.37), Ugaitz Mugertza (31.54), Arria V.a (34.49) eta Alberdi (42.05), sailkatu ziren.

Olasagastiri omenaldia

Atzoko finalean Joxemari Olasagastiren izena ere nabarmendu zen. Igeldotarrari omenaldia eskaini zioten, eta hainbat opari jaso zituen txapeldun handiak. Besoko lesio larria izan ostean, ezin izan du berriro ere aizkoran lehiatu, eta atzokoan ongi merezitako omenaldia jaso zuen. Zenbait unetan hunkituta ere agertu zen aizkolari igeldotarra, jendeak estimu handia diola ikusteko ere balio izan baitzion Gipuzkoako finalak.