GARA
STOCKHOLM

Filtrazioen eskandaluak egoera larrian ipini du Suediako Gobernua

Stefan Lofven Suediako lehen ministroak bere Gobernua birmoldatu zuen atzo, Garraio Agentziako informazioaren filtrazio batek eragindako eskandaluaren eragin kaltegarria murriztu nahian. Begiraleek ez dute baztertzen kasu honen ondorioz sozialdemokratek Exekutiboa utzi behar izatea.

Anders Ygeman Barne ministroa eta Anna Johansson Azpiegitura Ministerioko burua kargugabetu zituen atzo lehen ministroak, eta horien ordez Thomas Eneroth eta Morgan Johansson izendatu, “The Local” egunkariak emandako informazioaren arabera. «Ez dut kaos politikorik nahi. Neure erantzukizuna onartu behar dut. Ez diot Suediari inolako mesederik egingo arrastaka krisi politiko batera eramanda», esan zien Stefan Lofvenek kazetariei.

Aliantza osatzen duten eskuineko lau alderdiek konfiantza-arazo bat iragarri zuten Anders Ygemanen, Anna Johanssonen eta Peter Hultqvist Defentsa ministroaren aurka. Lehen ministroak oposiziokoen ekimen hori indargabetu nahi du, Parlamentuak onartuko balu aipatu hiru ministroak kargua utzi beharrean izango lirateke-eta. Kasu horretan Gobernuari eusten dion koalizioa oso ahulduta geratuko litzateke eta ezin da baztertu hauteskundeak aurreratu behar izana.

Stefan Lofvenek erabaki duenez, Hultqvistek bere karguari eutsiko dio. “Aftonbladet” egunkariak jakitera eman du, Gobernuko iturriekin hitz egin ondoren, lehen ministroak ez duela uste Aliantza Defentsa ministroaren aurka hasiko denik, Suediako zentro-eskuineko herritarren artean oso maitatua baita politikaria.

Baina lehen ministroaren kalkulua okerra izan daiteke. Ebba Busch Thor Aliantzan sartuta dagoen Kristau Demokratak alderdiko buruak esan du Hultqvisten aurkako ekimenarekin aurrera egingo dutela: «Defentsa ministroarengan genuen konfiantza agortu egin da. Lehen ministroak ez du egin bere erantzukizunak agintzen zuena. Beraz, Parlamentuan eskatuko diogu berari dagokiona egin dezan».

Irrati publikoaren arabera, Aliantzak Hultqvisten aurkako konfiantza-arazoa aurkeztuko du. Parlamentua oporretan badago ere, eskuinak eskatu du bozketa datozen hamar egunetan egiteko.

2015eko erabaki bat

Suediako Gobernuak 2015ean erabaki zuen Garraio Agentziako informazio teknologien zerbitzu guztiak konpainia pribatu bati, IBM-Suediari, enkargatzea.

Poliziak jakinarazi duenez, prozesua ez zen behar bezala egin eta horren eraginez makina bat datu filtratzea ahalbidetu da.

Lehen ministroak berak joan den astelehenean onartu zuen herrialdea eta herritarrak filtrazio horien biktima izateko tenorean ipini dituztela. Lofvenek ikerketa egiteko agindu du.