Amalur ARTOLA

MEZUA BILTZEN DUENAREN GARRANTZIA

BERTSOA EZ DA TESTUA SOILIK. BERTSOLARITZA KOMUNIKAZIO EKINTZA DEN HEINEAN, BERTSOLARIAK MEZU HORI TRANSMITITZEKO MOLDEA ERE ZEHAZTU BEHAR DU ETA HORRETAN PISUA DUTE DOINUAREN HAUTAKETAK ZEIN KANTAERAK.

Eta hain zuzen horretaz, bertsolaritzan kantaerak duen garrantziaz jardun ziren atzo Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro eta Maialen Lujanbio EHUko Udako Ikastaroetarako Mintzolak antolatu duen “Bertsolarien kantaera eta sormena” jardunaldietan. Ikerlariak lehen biak eta sortzailea hirugarrena, elkarren mintzaldiak entzun ostean bildu ziren mahai-inguruan eta elkarri egindako ekarpenak izan zituzten mintzagai. «Bertso munduko jendeari liluragarria zaigu intuizioz ezagutzen ditugun horien esposizio argia egitea, bisturi eta luparekin azaltzea», eskertu zuen Lujanbiok, eta kantaeraren gaineko jakintza horiek bertso eskoletan txertatzearen egokitasunaz eta txertatzeko moduaz jardun ziren. «Nik ez nukeena egingo da doinuak ikasteko denak batera kantatzea, agian nik doinu baten aldaera dudalako eta hura galduko nuke, uniformatzea litzateke», argudiatu zuen Navarrok, eta nork bere doinuera bilatzeko bertsolariak imitatzera jolastea proposatu zuen, baita lanketa hori bertso eskoletan bai, baina etxean ere, nork bere kabuz, egin dezakeela azpimarratu ere.

Bide horretatik, bertso eskoletan kantaera aintzat hartzea «kontzientzia kontua» dela esan zuen Lujanbiok. «Zarauztarrek, adibidez, beti ondo kantatu izan dute eta Hernanin doinu zaharrekiko gustua dago. Doinua ez da garraiobidea soilik, zure bertso izatearen parte ere bada. Kristoren eremua dago hor esploratzeko», nabarmendu zuen.

«Kantaera bertsoaren parte da. Ezin dira berdin juzgatu bi ahots, bi jarrera, bi tonu... bertsoa ez da testua bakarrik, tempoa, melodia, hori dena ere bertsoaren parte da. Bestelako dohainak baloratzen ere jakin behar da», mantendu zuen, bere aldetik, Lujanbiok.

Doinuaren baldintzapena

Kantaeraz gainera, doinuen hautaketaz eta txapelketan doinu berriak plazaratzeaz ere aritu ziren hizlariak. Doinuaren hautaketak gaiaren izaerarekin bat etorri behar duela eta, aldi berean, gaiari eman nahi zaion trataera indartzeko doinuak izan dezakeen eragina nabarmendu zuten. «Gerta daiteke testua eta doinuaren arteko deskonexioa egotea, gai umoretsu batekin doinu tristea ateratzea... Koherentzia mantentzen saiatu behar gara», esan zuen Lujanbiok, eta, txapelketetan, bertsolariak doinu berria aurkezten duenean hartzen duen arriskuaz ere jardun zen. Batez ere doinuak mezuaren ulermena baldintzatzen duen kasuetan: «Jendeari zure doinuak zailtasun bat suposatuko diola jakinda ere ateratzen baduzu, ekintza erradikal bat egitera zoaz eta horretarako ausardia behar da. Doinu berriaren ezerosotasunak mezuaren ulermena galaraz dezake, edo sor dezake halako lanbro bat eta agian bertsoak den baino hobea dirudi. Ertz asko ditu, exijentzia da jendearentzat, baina baita zerbait ederra ere, opari bat».

Txapelketetan zein txapelketetatik kanpo, oro har berria denak «prentsa ona» izaten duela nabarmendu zuen Lujanbiok, baina doinu berria izateak ez duela doinu baliagarria denik esan nahi ere argudiatu zuen bertsolariak. Hala ere, doinu berriak ekartzeaz batera, lehendik bazeudenak berreskuratzearen alde ere egin zuen hernaniarrak: «Berria izateagatik ez du zertan ona izan eta badaude errekupera daitezkeen doinu zaharrak. Berria edo zaharra den baino, uste dut egokitasunari begiratu behar zaiola».

Amaitzeko, kantaera genero ikuspegitik lantzeko beharraz ere aritu ziren hizlariak. Tradiziozko bertsolaria gizonezkoa, zurruna eta ahots ozenekoa izan bada ere, bertsolarien profilak ugaritzen joan diren heinean bertsolariaren topiko hori deseraiki eta nork bere eredua bilatzeari ekin diola nabarmendu zuten. Aizpuruak zehaztu zuen emakumeak plazara ateratzearekin erregistro berriak sortu zirela, baina, egun, emakumezko bertsolarien artean ez dagoela profil zehatzik, «oso diferenteak dira, ezaugarri anitzekoak». Bide horretan ikerketa lerro berria zabaltzea interesgarria litzatekeela ere aipatu zuen.

Kantaeraren inguruko ertzak aztertuta, jardunaldiek gaur izango dute segida, Eñaut Agirreren, Oihana Iguaranen eta Jon Martinen sormenaren gaineko gogoetekin.