Patxi GAZTELUMENDI

EUSKAL ESTETIKA BILDU, ZAINDU ETA ERAKUSTEN DU ARTETAKO MUSEOAK

Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoa du izena Artetako museoak. Ollo bailaran dago, Nafarroako hiriburutik hurbil. Joxe Ulibarrena artistak ireki zuen duela 30 urte. Berriki museo izaera aitortu dio Nafarroako Gobernuak, eta erronkaz beterik eta gogotsu hartu gaituzte museoko arduradunek egin berri dugun bisitan.

Eguzkitsu atera da eguna eta Ollo haraneko Arteta herrira zuzendu gaitu bideak. Herrian bertan museo etnografikoa adierazten duen seinale bat baino gehiago dago. Udan bisitari asko dabilela esan digu herrian harrera egin digun Hassan mutikoak. Bizikletarekin amonaren etxera joan da berriz, bezpera ere museoan eman zuela eta. Fantikorena etxearen atarian dago Joxe Ulibarrena artista, bere artelan batzuen aitzinean jazarrita. Alabak, Elur Ulibarrenak, gidari lanak egiten ditu museoan, eta berak egin digu harrera.

Aspaldi familiak abiatutako proiektua da Artetako museo etnografikoa. «Herriz herri eta etxez etxe aritzen ginen gauzak erosten eta berreskuratzen eta orain gure historia, gure ohiturak eta gure arbasoen bizimodua biltzen dira museo honetan», adierazi digu Elur Ulibarrenak. 1641. urtean eraikia da Fantikorena etxea, eta etxeari eusten dioten zortzi zutabeek ezaugarritzen dute eraikina. Etxe barruan 10.000 pieza baino gehiago daude, urteen poderioz herriz herri bildu, erosi, garbitu, txukundu, sailkatu eta erakusteko moduan jarriak. Hiru solairu eta bisitariak jasotzeko moduan antolatuak. Badira 30 urte Ulibarrenatarrek etxea erosi eta museoa martxan jarri zutela.

Ogibideak nagusi

Garai bateko ogibideak batu dituzte beheko solairuan: artzaintza, ardogintza eta bodegako gauzak, abeltzaintza, nekazaritzari lotutako tresnak, burdina lantzeko forja, eraikuntzarako lanabesak, zurgintza, upelgileak... Ofizioak hamaika eta milaka tresna sarrera inguruko etxearen oinarri guztian. Behin eta berriro igarota ere, baten bat ez ikusteko moduan. Eskaileratik igota, gela ezberdinetan etxebizitzari lotutako tresneria; sukaldea, gelak, arropak eta bestelakoak aurkituko ditugu. Haurtzaroko jostailuak, etxeetan gordetako traste zaharrak, eta makina bat oroigarri hango eta hemengo.

Azken solairuan, berriz, iraultza industrialaren osteko sasoietako tresna berriagoak. «Lanbideari lotutako bizimodutik, aisialdia ere ezagutu genuen orduan, bizitzaren antolaketa berri bat, eta hor etorri ziren argazkigintza, prentsa, zinema, kirola, aisialdia, medikuntza eta bestelakoak». Aldaketa izugarria izan zela aitortzen du Elur Ulibarrenak, gaur egungo aldaketa teknologikoa baino hagitzez handiagoa.

Euskal estetika ikertzen

Ulibarren familiak egin duena urteetako bilketa lana da. Eta bere egitekoei buruz argi mintzo da Elur Ulibarrena, Arte Ederretan lizentziatu ostean gaur egun errestauratzailea dena: «Guk geuk etnografia ulertzen dugu ogibideak, lana, kultura eta garai bateko bizimodua ikertzeko, museoan biltzen ditugun kultur elementuok garai bakoitzean irtenbideak eman dizkiotelako izan diren arazo eta beharrizanei, irtenbide tekniko eta teknologikoak, herri jakintzak garatu dituenak». Tresna bakoitzak bizimodu oso bat gordetzen du bere baitan, mendialdera, itsasaldera, Erriberara edo baserri ingurura egokitutako lan eta bizitzeko modu bat.

Era berean, Artetako museoko lagunentzat bere baitan bilduta dagoen guztia artea ere bada, eta jabetu dira urteak eta garaiak pasa ahala, euskal arteak estetika berezi bat duela, mantendu egiten dela, eta pieza ezberdinetan islatzen dela. «Aspalditik erabiltzen diren ikurrak oraindik ere ikus daitezke euskal artean, badago jarraikortasun bat», Elurren aburuz. «Eta estetikoki arte horrek gure kultura definitzen du», museoko gidariak aditzera ematen duenez. «Erakusteko modu berezi hori da gure estetika, gauzak irudikatzeko modua hori». Gure estetika definitzen duten piezei begira geratu gara une batez. Egurrez landutako kutxa ederretan ageri dira garai batean zizelkatutako eguzkiak, eguzki loreak. Harrizko hilarrietan ere ageri dira antzeko ikur eta irudiak. Burdinazko milaka pieza ezberdinetako detaileak erakutsi dizkigu Elurrek jarraian. Zeramikazko piezetan, edo zumez egindako saskietan ere nabari dira estetikoki oso antzekoak diren irudi eta ikurrak.

Aldaketaren Gobernua

2017ko uztailaren 12an Nafarroako Gobernuak museo izaera aitortu berri dio Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoari, eta horrek asko lasaitu ditu Ulibarrenatarrak. Bere kasa sortu zuten museoa garai batean Joxe Ulibarrenak erositako baserri zaharrean. Hala moduz iraun ahal izan dute urte hauetan guztietan, boluntario askoren lan eskergari esker. «Baina Gobernuaren aitortzak dena aldatzen du, orain badakigu finantziazio apur bat izango dugula, erronka berriak planteatu ahalko ditugula, eta dibulgazioan sakontzeko aukera emango digu». Pozik ageri da Elur, eta beraien egitekoa estrategikotzat hartua izan dela begirunez ikusten du. «Aldaketa honek jarraikortasuna bermatzen digu eta museo etnografikoei museo izaera aitortzen digu», gaineratu du.

Dibulgazioan eta pedagogian sakondu nahi dute. Belaunaldi gazteak hurbiltzera gonbidatu. Gure izaera eta kultura, gure artea eta artelanak ezagutzeko parada eskaini nahi diote mundu guztiari. Eta orain artekoak eta bi egiten jarraitzeko prest daude.

Eskoletarako unitate didaktikoak prestatzen dituzte museotik, herrietarako erakusketa bereziak, asmo eta gogo guztia jartzen dute proiektu bakoitzean. «Baina guretzat garrantzitsuena ikasleengan arreta piztea da, neska-mutikoek beren aitona-amonei galdetzea beraien bizimoduari buruz, orduko tresnei buruz, eta azkenean aitona-amonekin etortzea museora bisitan». Eta Elur Ulibarrena berak aitortu digunez, lortu dute belaunaldi ezberdinetako kideak elkarrekin museora bisitan etortzea.

Joxe Ulibarrena aspaldiko artistak sortutakoaren lekua hartu du Elur Ulibarrena alabak. Eta belaunaldi aldaketarekin erronka berriak gehituz joan dira egunerokoan.

Genero ikuspegia txertatuz

Horietako bat da generoko ikuspegia txertatzea museoan. «Hizkuntza eta gauzak adierazteko moduak zaintzeaz gain, galtzen ari diren ogibide eta emakumeek baliatutako tresnak ere bildu nahi ditugu». Emakumeen lanbide askoren ezagutza galdu egin da dagoeneko, eta Elur bere amaren laguntzarekin garai bateko moda, jantziak, zapatagintza, txapelak eta kapeluak biltzen ari da. «Bildu eta tokia egiten ari gara museoan bertan, emakumeak merezi duen beste».

Arteta eta Ollo eskualde osoko gizon-emakumeek, gainera, lotura berezia dute museo etnografikoarekin. Asko dira laguntzaileak. Eta berriki landu duten ikus-entzunezko dokumental baterako ere pertsonaia ezberdinen papera hartu dute. Laster prest izango dute dokumentala eta belaunaldi ezberdinetako bisitariei erakutsiko diete; langintza, ogibide, artelan, ikur, historia eta kontu hauek guztiok gogoan hartzeko moduan. Etnografiaren ardura hori bera baita, garai bateko bizimodu eta lanbideak gaur egun erakustea eta interpretatzen asmatzea.