Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua
GAURKOA

«We really love Cat»

Badugu une oro momentu historiko bat bizitzen ari garela arinkeriaz esateko joera baina uda oste honetan ezin besterik esan. Euskal herritarrok, oraingoan bai, une historiko bat bizitzen ari gara, ez hainbeste hemen gertatzen ari denagatik, Kataluniako prozesuaren bilakaeragatik baizik. Proces-a tenkatzen ari da eta zaila da zer gertatuko den aurreikustea, baina badira honezkero hangoaz irakurketa bat egiteko datu nahikoak eta honako inportagarriak diren lezioak.

Kataluniako prozesua zer da funtsean? Bere burua modu demokratiko eta pulkroan autodeterminatzen ari den herri baten determinazio erakustaldia. Herritarrak eta instituzioak elkarrekin, Europan estatu bihurtu nahi duen herri txiki honek, inteligentziaz, planifikazioz, lasaitasunez eta ausardiaz noraino egin daitekeen aurrera ikusarazi digu. Miresgarria da ikustea nola legeria guztiak eta prozedura juridiko eta politiko guztiak aurreikusita zituzten, parean izango zuten Estatuaren gaineko irakurketa zorrotz eta zaildu bat eginda, haren erreakzioaren aldagai guztiak aurreikusiz. Honela zailtasunen gainetik, atzera bueltarik ez duen prozesu bat abiatu dute, gertatzen dena gertatuta ere, Kataluniako herriak jada ez du atzera egingo. Haiek konbentzituta daude eta haien etsaiak ere bai.

Azken hauek dira bigarren konstatazioa egitera naramatenak. Unionismoaren marka txuriak zioenaren aurka, Espainiak mehatxua, beldurra eta indarkeria baino ez dakizki erabiltzen. Espainian ez dago bide demokratikorik herri batek bere burua autodeterminatzeko. Ibarretxerekin ikusi zen, Kataluniako Estatut-arekin eta are gordinago ikusiko dugu Proces-arekin. Gatazka armatua purian zegoenean bide demokratikoetatik aukera politiko guztiak gauzagarri zirela defendatzen zuten horiek orain zer dioten jakin nahi nuke. Inoiz ez da posible izan independentziaren aukera espainiar legeria eta marko politikoen barruan, ezta Kataluniak bezala, modu demokratikoenean eginda ere. Eta horretan denak daude, PP, PSOE eta baita Podemos ere, azkenaldian modu lotsagarrian erakusten ari den bezala. Lehen bien argudioa Espainiar legeriaren eta konstituzioaren aurkakoa omen dela Katalunia egiten ari dena. Legeak eta konstituzioak uneko borondate politikoaren isla ez balira bezala. Banketxeen erreskaterako ad hoc moldatu ez balira bezala edota heriotza zigorra bera, garai batean legala zena, aldatu da eta kitto. Legeak eta konstituzioak moldatu egiten dira garai eta gehiengo politikoen arabera. Pablo Iglesiasen aldekoak berriz, «Democracia pa lo que me interesa» erlijiokoak, edo «español antes que demócrata»… edo «cuando gane igual te cambio la constitución pa que lo hagas legalmente»-ren saltzaileak. Independentistok bilateralitatea nahiago ez bagenu bezala, erreferendum bat baldintza legal guztiekin egin ahal izateko, kartzela eta inhabilitazioek sor dezaketen epikaren adrenalinak motibatuko bagintu bezala, eritasun kolektibo batek jota bageunde lez. Barka biezadate Podemos zaleek Euskal Herriko eta Kataluniako independentzia, Espainiako Estatuaren demokratizazioa baino lehen ikusiko dugula uste badut.

Eta Euskal Herrian zer? Urkullu loves Cat, Raxoy loves dogs eta Urkullu loves the guy who loves dogs more than Cat. Hori da dagoena. Hori da EAJren posizioa. Hori izan da historikoki eta hori ari da izaten gaur ere. Hori erakutsi digu bere zientzia fikziozko esaldiekin, oraindik elkarrizketa posible dela aldarrikatuz edo Erregearen bitartekaritza proposatu duenean. Auzo-lotsa. Sentimendu bera sortzen dit bere alderdikide eta gobernukide den Erkorekak Kataluniarentzat bide legal eta adostu bat beharko litzatekeela dioenean eta Kataluniako Parlament-eko prozedurak eredugarriak ez direla dioenean. Legea eta demokrazia, ez dira maila bereko bi hitz. Demokraziak legearen gainetik egon behar du beti eta legea izan behar da mandatu demokratikoetara egokitzen dena. Hierarkikoki maila berean jartzeak haien helburua ahalbidetzen du eta hor Podemos alderdiaren posizioaren bera da: noizbait legeek autodeterminazio eskubidea ahalbidetu arte zain egon. Hori da Kataluniako herritarren borondateak merezi duen erantzun politikoa? Espainiari sumisioa, haien grazia neurrien eta ogi apurren zain? Ederra eskaintza gobernu autonomikoak herri honentzat dakarrena.

Baina guri ere ez gaitu gure onenean harrapatu. Gu, ezker independentista, Kataluniarekin gaude eta dakigun modu guztietara esan dugu. Baina ez dira Proces-a sare sozialetatik jarraitzeko garaiak. Like-ak eta txaloak partekatzen gastatzen dugun energia hemen ere prozesu independentista bat abian jartzen jarri behar da. Eta ez diezadala inork berriro esan ez daudela baldintzak. Baldintzak sortzen ari dira eta (ELA-LABen akordio garrantzitsua esaterako).

Halere, lezio inportante batzuk barneratu behar ditugula esatera ausartuko naiz. Batetik, behar-beharrezkoa da azken bost bat urte hauetako duelua gainditu eta independentzia lor daitekeela pentsatzea. Inguruan sumatzen dudanagatik mentalitate kolektiboan bada halako zerbait. Norbere aukeretan sinetsi gabe ezin da partidarik irabazi. Zorionez duelua pasatzen ari zaigula sentitzen ari naiz. Horretan Kataluniakoak ere izan du eraginik, gure mugimenduaren berrantolaketarekin batera. Baina oraindik estrategia irabazlea definitu eta lorgarria dela sinetsi eta barneratu behar dugu.

Bigarrenik, ezin gara EAJko eliteen zain egon. Eskema horrekin funtzionatzen duten eragile eta indarrek ez dute arrakastarik izango. EAJn ez daude bi arima, erabakiak hartzen dituen zuzendaritza bat dago eta zuzendaritza horrek gaur-gaurkoz ez du egoera hau gainditzeko borondaterik. Ez zaio komeni, arrazoi politiko eta ekonomiko nabariak direla medio. Utz ditzagun fantasiak, utz ditzagun inozokeriak, utz dezagun etengabean eurak apelatzeari, euren benetako borondatea zein den argi uzteari, ze eliteek nahi dutena babesten du herritar portzentaje handi batek, hein handi batean euren jokalekuan jolasteari uzten ez diogulako. Paradigma aldaketa batek ekarriko du herritarren arteko indar korrelazio aldaketa bat. Ez, ezin dugu EAJ erdigunean jarri. Lizarra-Garazi pasatu zen eta ez dut uste EAEko autogobernu ponentzia parametro haietan kokatzeko borondaterik dutenik. Alderdien arteko akordiorik ezean, herria izan behar da egiten dugunaren helburu. Herria konbentzitu behar dugu, gaur-gaurkoz bozkatzen dutena bozkatzen dutela.

Hirugarrenik, Estatuarekin ere ezin dugu kontatu. Aldebikotasunik ez dago, ez dago Estatuarekin negoziazio posiblerik, harremanak ez direlako berdinen artekoak. Hori Urkulluk errepikatzea maite duen zientzia fikziozko esaera bat da eta Kataluniarekin nabarmen ageri da fikzioaren tamaina. Berdinen arteko harremanak izateko Euskal Herriak estatu subirano bat izan behar luke, espainiar Estatuarekin paktu batera iritsiz autodeterminazio eskubidearen inguruan. Urteetan besteok ere eskenatoki horren zain jardun badugu ere, gaur-gaurkoz, ez dirudi oso gauzagarria. Hala, egun ez dago bide legalik egiterik independentziara. Unionistek esana diguten bezala, lege espainolek ez dute ahalbidetzen eta ez dirudi ahalbidetuko dutenik ere. Honek, Euskal Herriaren eta Estatuaren harremanak konfrontazioaren eskemetan jartzea probokatuko du, egungo Madrili zopak eskatu eta trukean huskeriak ekartzearen eskemetatik urrun.

Etorkizuna, beraz, ez da Eskoziako terminoetan biziko Euskal Herrian. Madril ez da Londres, ez da Ottawa. Herri honen etorkizunak Kataluniakoaren antz handia izango du txarrerako. Orain onerako ere horrela izan dadila lan egitea tokatzen da. Gehiengo herritar bat artikulatzeko unea da, zeinak herri honen etorkizuna independentziatik pasatzen dela konbentzituta egonik, inori baimenik eskatu gabe eta inoren zain egon gabe, ausart eta determinazioz, indarrak helburu hori lortzera bideratuko dituen. Urriaren 1ean asko jokatzen du Kataluniak. Eta Kataluniarekin batera asko jokatzen du Euskal Herriak. Gu beti Kataluniarekin. We really love Cat.