2017/09/13

Osaba akuilu, 30 urteren ostean poesiara itzuli da Jon Iñaki Lasa

Gaixorik zegoen osaba baten eskariz itzuli da Jon Iñaki Lasa poesiara. Eskaria abagune bilakatu zitzaion, azken urtean egindako bidaiez hitz egitekoa, osabarekin hausnartu nahi zituenak orri zurira eramatekoa, bizitzaz eta heriotzaz hausnartzekoa. Hala sortu da «Bidaia».

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0913_kul_lasa

Jon Iñaki Lasaren (Gernika, 1963) hirugarren olerki-bilduma da “Bidaia”, baina lehen bien eta argitalpen berriaren artean badira kasik hiru hamarkada. 1982koa da “Alizia eta biok” (Ustela), eta bi urte geroagokoa, “Andaluzia ene bilduma” (Susa). Heriotzaren inguruko kezka jasotzen zuen Lasak poesia-liburu horietan: «Oso esperimentalak ziren, poetika berezia zuten eta hizkuntza aldetik ere jasoak ziren, batzuek iluna zela esan bazuten ere», nabarmendu zuen Pamielako Jose Angel Hirigarayk “Bidaia”-ren aurkezpenean.

Hitza hartuta, olerkiok idazteko izan dituen motibazioez aritu zen Lasa. «Idatzi nuen liburua ez argitaratzeko, baizik eta enkarguz. Osabari esan zioten minbizia zuela. Gu txikiak ginenean jende gutxi hiltzen zen minbiziarekin», hausnartu zuen Lasak, eta kontatu zuen bildumaren abiapuntua bere osaba Giussepe Arroyorentzat poema-liburu bat idaztea izan zela, hark eskatuta. «Berarekin hitz egiteko aitzakia zen. Idazten nituen poemak bidali egiten nizkion eta astean behin joaten nintzen bere etxera eta tripa guztiak ateratzen zizkion nik idatzitakoari». Olerki horietan eskulturaz, musikaz, pinturaz... komunean zituzten kontuez eta azken urtean egin zituen bidaietan –Alemania, Estonia eta Finlandiako erreferentziak daudela aipatu zuen– bizi eta ikusitakoez mintzatzen zitzaion Lasa osabari eta «nik idatzitakoak arnasa ematen ziola esan zidan», nabarmendu zuen. «Inoiz, negarrez hasi zitzaidan emozionatuta, eta ni ere hasi nintzen emozionatzen kontu horrekin», kontatu zuen.

«Batzuetan literaturan zein poesian hori bilatu behar dugu, benetako gauzak. Osabak idatzi zuen hitzak sentitzen badituzu ez direla soilik hitzak. Nik neuk idatzitako gauzak irakurtzean emozionatu egiten nintzen, eta oraindik ere emozionatzen naiz, eta konpartitu behar nuela pentsatu nuen». Hala, Pamielarekin harremanetan jarri eta poema-bilduma argitara eramatea erabaki zuen. Liburuan parte hartu duten Tere Irastorza (hitzaurrea) eta Iñigo Arregirekiko (azaleko irudia) esker oneko agertu zen Lasa eta azalera eraman duten eskultura izan zuen hizpide. Bihotz bat gogora ekar dezakeen eskultura gorria da “Bidaia”-rako atea zabaltzen duena eta, Lasaren hitzetan, «indar handiko obra da, bestelako proiekzio bat ematen diona barruan dagoenari; indartu egiten du».

Liburu honetan «bere ahotsa» bilatu nahi izan duela ere nabarmendu zuen Lasak. «Batzuetan poesia gordina da, gogorra, baina edertasunaren bila egindako poemak dira, horren bila abiatu bainintzen. Baita denontzat izan daitekeen poesia horren bila ere», azpimarratu zuen.

Arnas luzeko poeta

Pamielatik, Jose Angel Irigaray “Bidaia”-ren autorearen poesia moldeaz mintzatu zen. Bere hitzetan, «arnas luzeko poeta eta poesia da» Lasak liburu berrira ekarri duena, «irakurtzen hasi orduko ohartzen da bat hau poesia dela, oso landua. Irauten duten liburu horietakoa da, erreferente bilakatuko dena», iragarri zuen.

Iritzi berekoa da Tere Irastorza ere. Berak egin dio bildumaren hitzaurrea Lasari eta, aurkezpenean azaldu zuenez, argitalpen berrian lehen bietan Lasak erakutsi zuen «hizkuntz indarra eta trebezia» geratzen da agerian. «Hizkuntzari halako jite bat ematen dio, baina beste euskalki batzuk erabiltzeko joera agian nabarmenagoa zen beste liburuetan. Hemen, aldiz, iradokitzaileagoa bilakatzen da, hizkuntza trebeziak ez baitu ezertarako balio heriotza puntual iristen denean», esan zuen.

Liburuan, «urrunera zerbaiten bila doan poetak egiten duen ibilbidea» kontatzen da, Irastorzaren iritziz, eta poemen artean heriotzari ihes egiteko nahia ikusten duela ere esan zuen. «Heriotzatik urrundu nahi du poetak, heriotzak ez dezan harrapa maite duen pertsona hori».

Amaitu aurretik, Lasak esan zuen hogeita hamar urte poesia argitaratu gabe eman ostean, bide horretatik jarraitzeko asmoa baduela: «Pentsatzen dut jorratuko dudala, gauzak egiten uzten didaten bitartean».

HITZAK


«Batzuetan literaturan zein poesian hori bilatu behar dugu, benetako gauzak. Osabak idatzi zuen hitzak sentitzen badituzu ez direla soilik hitzak», nabarmendu zuen Lasak.

EDERTASUNA


Argitalpenean «bere ahotsa» bilatu nahi izan duela ere nabarmendu zuen egileak. «Batzuetan poesia gordina da, gogorra, baina edertasunaren bila egindako poemak dira».