2017/09/14

Kronika
GIPUZKOAKO SAGARDOGILEEN PROIEKTU PILOTUA
SAGARRA BILTZEKO MAKINA PROBATZEN HASI DIRA, ERRENTAGARRITASUNAREN BILA

SAGASTI GEHIEN DITUEN HERRIETAKO BATEAN, ADUNAN, MAKINA LUZEXKA ARIN BAT HASI DA LANEAN, EMANKOR AGERI DIREN SAGARRONDOEN FRUITU EDER ETA USAINTSUAK BILTZEN. GIPUZKOAKO SAGARDOGILEEN ELKARTEKO ZAZPI SAGARDOGILEREN LURRETAN PROBATUKO DUTE APARATUA, BERTAKO EKOIZPENA ERRAZTU ETA SUSTATZEKO HELBURUAREKIN.

Maider IANTZI
0914_eko_sagar2

Gero eta gehiago kostatzen da sagarra jasotzeko jendea aurkitzea. Gainera, sagar kiloak balio duena baino handiagoa da eskulanaren kostua

Egun ezin aproposagoan aurkeztu zuten, Adunako Aburuza sagardotegian, Gipuzkoan martxan jarri duten sagarra biltzeko makina. Eguzki goxotan, eder ageri ziren sagastiak, fruituz beteta. Horiek beren momentuan jaso behar dira eta oraintxe ailegatu da unea. Hortaz, aparatua lanean ikusteko aukera izan genuen kazetariok.

Sagardotegitik hurbil, errepide bazterrean zegoen makina, erakustaldirako prest. Bideak garbitzeko erabiltzen diren aparatuen antza du, azpian erratzak dituzten horiena. Gidaria kabina baten barrenean joaten da. Luzexka eta arina da makina. Azaldu zutenez, ez da konplikatua jiratzea.

Erabiltzen hasi berriak direnez, oraindik ez dakite zenbat sagar bil ditzakeen. Aurrerago emanen dute datua, interesgarria izanen delako errentagarritasuna neurtzeko. Orain probatzeko sasoia da; makina eta sagastia ezagutu, eta biltzeko erasoa nola egin ikasi behar dute. Horretan urtetxo bat joanen zaiela kalkulatzen dute.

Zazpi sagardogile

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko zazpi sagardogileren apustua da proiektu pilotu hau, Gipuzkoako Aldundiaren eta Belarmendi nekazaritza-makineria zerbitzuak ematen dituen enpresaren laguntzaz egina.

Olatz Mitxelena Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak jakinarazi zuenez, zazpi sagardogileon lurretan ibiliko da makina. Orotara 40,8 hektarea izanen dira, 18 lursail eta bost gune. Egutegi bat osatu dute bilketa sasoian tresna denentzat baliagarri izan dadin.

Azaldu zuenez, profesionaltasunean bigarren saltoa ematea da asmoa. Ezinbestekoa deritzote bertako sagarrarekin egindako sagardoarekin segitzeko.

Erronka horretan bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hala baieztatu zuen Xabier Arruti Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendariak. «Horretarako neurriak hartu behar dira: Jatorri Izendapena sortzea urrats bat izan zen, baina eskulanaren kostuak zeresan handia du eta bertako sagarra modu lehiakorrean izateko beharrezkoa da teknifikazioa».

Sagar bilketa errazteko eskaria edo nahia agertu zieten sagardogileek, eta babestu egin dituzte, «kate bat delako hau: aurrena sagarra ekoizten da, ondotik sagardo bihurtu, eta jarraian merkatuan balioa ematen zaio».

Eskulanerako jenderik ez

Luis Zabalak eta Iñaki Bengoetxeak ez diote makinari begirik kentzen. Proiektuaren partaide dira biak; lehena Aduna bertako R. Zabala sagardotegiko sagardogilea da eta bigarrena Irungo Olakoa. Egitasmoan zergatik sartu ziren galdetuta, segituan erantzun dute, zalantzarik egin gabe: «Beharragatik. Ez dago eskulanerako jenderik eta eskulanaren prezioa altua da».

Gero eta gehiago kostatzen zaie jendea bilatzea hilabete edo hilabete eta erdian Gipuzkoako sagardoa egiteko sagar guztia jasotzeko. Gainera, sagar kiloak balio duena baino handiagoa da eskulanaren kostua. «Sagardoa bera ere oso merke dago». Proiektu honekin, ahal dela ekoizpenaren kostua jaitsi eta prezioak orekatzea da xedea.

Olaren kasuan, urtero dozena erdi langile kontratatu izan dituzte sagarra biltzeko. Zabalan, aldiz, talde egonkorra dute azken hamar urteotan. Luis barne, bederatzi lagun dira. Agertu dute makina ez datorrela inori lana kentzera. Zabalan, alde batetik, sagasti gehiago sartzen ari dira eta, bertzetik, beren lurren erdietan ezin da makina ibili. Eskulan ugari geldituko da oraindik, kimaketak eta bilketa aitzineko gainerako lanak ere egin behar baitira.

Ingurura begiratu eta sagasti aunitz maldetan daudela ikusi dugu. «Hor oso zaila da lan egitea», aitortu du Luisek. Aurrerantzean sagarrondoak makina sar daitekeen lurretan landatzen saiatuko dira.

Adunan bi sagardotegi daude, bata bertzearen ondoan, herri kaskotik hurbil, Aburuza eta Zabala. Bien artean sagasti piloa dute. «Proportzioan sagasti gehien duen herrietakoa izango da –dio Zabalako langileak–. Biztanleen arabera, seguru ez dagoela inon hemen adina». Hala, beren sagardoaren 100% bertako sagarrekin egiten dute. Iaz, 110 tona bildu zituzten.

Uzta ugaria eta ona

Zabalako langileak kontatu zigunez, aurtengo uztak bi ezaugarri ditu: alde batetik, aitzinatu egin da (hamabost egun), «azken urteetako joera orokorrari segituz». Bertzetik, «oso oparoa» da, «ugaria eta kalitate aldetik ona itxura batean». Sagarrak lursail onak, euria, eguzkia eta zainketa behar ditu ongi hazteko, eta baldintza horiek izan dira.

Une on honetan iritsi da makina. Italiatik ekarri dute. Almendrak biltzeko erabili izan da orain arte. Sagarrekin behin soilik probatua zuten atzo aurkeztu zutenean: astelehenean, eguraldi txarrarekin, Zabalaren lurretan. Euriarekin irristatu egiten zen eta atzo eguraldi onarekin hobeki moldatu zen. Aldapan behera ere bidali zuten (Gipuzkoako sagastiak maldetan daudelako) eta ongi egin zuen bidea.

Baziren zuhaitzetatik biltzeko makinak ere, baina lurretik jasotzeko hau aukeratu zuten, «horrela dagoelako antolatua bilketa, baina hemendik urte batzuetara alda daiteke, garaietara egokitu beharra dago». Makina lagungarri izatea espero du Luisek, baina, dioenez, kizkiak oraindik badu lana. «Ni lehenago jubilatuko naiz».