Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

«Ara és l’hora»

Katalunia une erabakigarriak bizitzen ari da. Jasaten ari den gerra mediatiko, politiko eta judizialaren aurrean, parlamentuan kantatu “Els segadors” ereserkiaren oihartzunak bizirik dirau gaur egun oraindik ere. 1640. urtean Felipe IV. Austriakoren kontra egin zuten Kataluniako segalarien epopeiak bizirik jarraitzen duen seinale.

«Katalunia garaile, aberats eta betea izango da berriro ere/Atzera jende hau, hain harro eta handiuste/ Igitai zartada ona, herriaren defendatzaileak».

Quebec eta Eskoziarekin batera Katalunia agertu zaigu burujabe, irmo eta harro, euskaldunon eta beste herri zapalduen itsasargi modura, paradigma liluragarri gisa, debeku, mehatxu eta estatu baten indarraren arrazoiaren aurrean demokrazian sakondu nahirik. Gertatzen dena gertatzen dela, moralki burujabe den Kataluniak dena dauka irabazteko. Guk ikasteko bezainbeste.

«Orain da ordua segalariak, orain da erne egoteko ordua/ongi zorrotz ditzagun tresnak/Igitai zartada ona/Egin beza dardar etsaiak, gure bandera ikustean».

Historia ez dago amaitua. Historia egunero berridazten da, egun Kataluniako herriak erakutsi bezala, historia inperioaren legeez eta herri zapalduen zilegitasunez betea dago. Burujabe izan nahi duen demosa, estatu zapaltzaile baten aurkako borroka bitalean. Hitza, inposatutako legalitate arrotzaren aurrean. Demokrazia edo mendekotasuna.

Bistan da, Kataluniako ispiluak bakoitza bere lekuan jarri du; estatu espainiarraren izaera agerian utzi eta honek egiten dakien bezala erantzuten du, odolean darama berezko errepresioa eta biolentzia.

Aldez edo moldez, Kataluniako prozesuak denok jarri gaitu ebidentziaren aurrean, baita Urkullu eta EAJ ere. Ez nazio foralik, ez autogobernu txostenik, ez estatus politikorik, errepublika izan nahi duen egiazko autodeterminazio erreferendum baten aurrean gaude. Amaitu dira emotikonoen eta ekidistantzia kalkulatuen garaiak. Gu beti Kataluniarekin.

Orain da ordua.

Adeu Espanya, benvingut Catalunya!