Haritz LARRAÑAGA
URRUÑA

«Igande bat erlaitzan», besta eta sentsibilizazioa Hendaia eta Zokoa artean

Erakunde publiko guztiek bat egin dute Hendaia eta Zokoa artean den erlaitzean duela hamaika urtetik ospatzen den besta antolatzeko, baina kostaldea jasaten ari den higadurarekin arduratuta, aurten, arazo honen inguruko sentsibilizazio lana egiteko baliatuko dute «Igande bat erlaitzan» ekimena.

Pirinio Atlantikoetako lehendakari Jean-Jacques Lasserrek Hendaia, Urruña eta Ziburuko auzapez eta hautetsiekin agerraldia egin zuen atzo, urriaren 1ean gauzatuko den ekitaldiaren gaineko xehetasunak emateko. «Aurten beste kutsu bat izango du bestak. Jendea ingurugiroaz eta higaduraren arazoaz sentsibilizatu nahi dugu», argitu zuen Lasserrek.

Izan ere, zazpi kilometroko eremuan, urtez urte itsasoa egiten ari den higadura gero eta nabarmenagoa da eta, geologoen esanetan, arazoa larriagoa izango da denborak aurrera egin ahala. Besteak beste, erlaitzen gainean doan kostako errepide famatua eta besta egiteko erabiltzen diren eremuak ere desagerrarazi egingo ditu itsasoak.

Egunean bertan, errepidea itxita izango da Zokoa eta Hendaia artean, eta gerturatuko den jendearen beharrei erantzuteko bitartekoak izango dira: informazio guneak, komun publikoak, sorospen zerbitzuak, eta abar.

Erakusketa, filma eta artea

Ohiko besta giroaz gain, hiru berrikuntza izango ditu aurtengo edizioak eta guztiak aipatu sentsibilizazio kanpainari lotuak izango dira; Erakusketa bat, film emanaldia eta margolan lehiaketa.

«Kostaldeko erosioa Akitanian» izenburua duen erakusketa Abadia gazteluan izango da. Bertan, 2020. eta 2040. urteen artean suerta daitezkeen arrisku eta fenomenoen inguruko informazio anitz eskainiko da.

Eguerdian, «Ozeano bihozgabea» filma ikusi eta gaiaz eztabaidatzeko aukera izango da Asporotsttipi etxean. Eta egun osoan zehar margolarientzako antolatu duten lehiaketan parte hartuko duten artistak izango dira batean eta bestean. Guztiek, gai bera landu beharko dute, denek egingo beharko diote erreferentzia lelo berari: «Igande bat erlaitzan».