GARA
BAIONA

Uztaritzeko hilketaren ustezko egilea, epailearen aurretik igarotzeko zain

Uztaritzeko hilketarekin lotura duelakoan, joan den igandean Bokalen atzeman zuten gizonezkoak Baionako jendarmerian jarraitzen zuen atzo. Behin atxiloaldirako epea agortuta, gaur arratsaldetik aurrera eramanen dute epailearen aurrean.

Melodie Messieren hilotza joan den asteazken gauean agertu zen Uztaritzen. 23 urteko neska haurdun zegoen eta azkenaldian bere amaren etxean bizi zen. Haren mutil-lagunak atzeman zuen gorpua eta sorospen zerbitzuetara deitu zuen. Autopsiak agertu zuenez, emaztea itota hil zen eta kolpe asko jaso zituen aurpegian. Hil aurretik bortxatu egin zutela baieztatu zuen Samuel Vuelta Baionako prokuradoreak igande arratsaldean eginiko agerraldian.

Vueltak azaldu zuenez, DNAri esker ustezko erasotzailea azkar identifikatu ahal izan zuten. 38 urteko gizonezkoa da atxilotua, etxerik gabekoa, eta aitzinetik arazo psikiatrikoengatik Baionako erietxean artatua izan zen.

Aurretiaz lapurreta eta ondareak kaltetzeagatik atxilotua zen gizonezkoa. Edonola ere, «sexu delituengatik» aurrekaririk ez zuela argitu zuen agerraldi horretan fiskalak.

Emaztearen hilketa salatzeko hainbat elkarretaratze deitu zituen mugimendu feministak, atzo, Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herriko Bortizkeria Sexistaren aurkako Zutik Kolektiboak, ordea, agiria zabaldu zuen hilketa deitoratuz eta sendiari elkartasuna adieraziz. Buruko gaitzak eta arazo sozial latzak dituzten pertsonak ez estigmatizatzeko, zuhurtziaz jokatzeko eskatu zuen kolektiboak.