Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Masseren ustezko hiltzailea espetxean sartzeko eskaera egin du Fiskaltzak

Melodie Masseren hilketarekin lotuz igandean atzeman zuten gizonezkoaren espetxeratzea eskatu zuen atzo Baionako Fiskaltzak. Epaileari igorritako txostenean, emaztea bortxatu eta erail izana egotzi dio gizonezkoari, biktima haurdun izatea «larrigarri gisa» aipatuz.

Iragan igandean Bokalen Jendarmeriak atzeman zuen 38 urteko gizonezkoa atzo eguerdian igaro zen Baionako fiskalordearen aurretik. Marc Marieek agerraldia egin zuen handik gutxira Uztaritzen hilotz agertu zen emaztearen hilketaren aferari buruz azken berriak emateko.

Baionako Fiskaltzak zabaldu du jada 23 urteko emaztearen ustezko hiltzailea auzipetzeko bidea. Era berean, askatasun eta presondegiratzeaz arduratzen den epaileari gizonezkoaren behin-behineko kartzelatzea agintzeko eskatu dio.

Prokuradorearen albokoak zehaztu zuenez, nahitara eginiko hilketa gisa ezaugarritu du Fiskaltzak Bordelen erizain ikasketak burutzen zituen 23 urteko gaztearen heriotza. Era berean, emaztea bortxatu izana egotzi dio. Bi ustezko delitu horiez gain, biktimaren «kalteberatasuna» aipatu du fiskaltzak bere txostenean «larrigarri gisa», 8 hilabetez haurdun baitzegoen. Hirugarren delitu bat ere leporatu dio Fiskaltzak gizonezkoari: Masse hilik agertu zen Uztaritzeko Arruntza auzoko etxean lapurreta egitea. Ustezko erasotzailea etxegabea da, eta arestian arazo psikiatrikoak izateagatik Baionako erietxean artatua izan zen.

Atxilotuak «egotzi dizkioten ekintzetan parte hartu izana ez duela ukatu» azaldu zuen Marieek. Fiskaltzak eginiko akusazioak auzian baieztatuko balira gizonezkoak biziarteko kartzela zigorra jasotzeko arriskua lukeela gaineratu zuen Marieek.