GARA
BILBO

Euskal Memoria Fundazioak isilarazitako biktimen irudi hurbilen liburua kaleratu du

«Gogoan hartzeko izenak» liburuak «isilarazitako» zenbait biktimaren kasuak berreskuratzen ditu irudien bidez. Senideak heriotza izan zen tokira itzuli dira asko dioten argazkiak ateratzeko.

Euskal Memoria Fundazioak “Gogoan hartzeko izenak” argazki liburua aurkeztu zuen atzo, Donostian. Protagonistak «Euskal Herriko gatazka armatu eta politikoan isilarazitako biktimak» dira. Horien artean, ehun bat kasu dokumentatzen ditu, «instituzioen indarkeria edo gerra zikinaren» biktimak izan zirenak, 36ko gerraren bukaeratik 2012an izan zen Iñigo Cabacasen heriotzaraino.

Lan honek ikuspegi berezi bat planteatzen du, testua badu ere irudiak dira liburuaren elementu nagusiak, hitzik bota gabe transmititzen duten informazioaren eta sentimenduen indar guztiarekin. Izan ere, Joseba Zabalza argazkilari eta liburuaren egilea heriotzaren lekura itzuli da biktimen senideekin, eta heriotza gertatu zen lekuan bertan fotografiatu zituen, askotan oroigarri modura etxeetan urteetan gordetako oroigarri eta elementu bereziekin.

GARAri azaldu zionez, helburua fotografiatu dituen «pertsonen bizipenetan sakontzea» izan da, «haiengana berotasun handiagoz hurbiltzea» eta liburua ikusten dutenen «bihotza ukituko duen lan bat egitea».

Nabarmendu zuenez, «ahaztutakoak agerian jartzea» zen helburua eta erronka horretan oso karga emozional handia duten lekuetara itzuli zen senideekin, heriotza izan zen lekuetara itzultzeko ariketa egin behar izan baitzuten senitartekoek. Hala ere, zehaztu zuen liburuak bestelako irudi batzuk ere badituela, senideen albumetatik ateratako argazkiak agertzen baitira. Azaldu zuenez, karneteko ohiko argazkiak erabili beharrean, biktimak nolakoak ziren islatu nahi izan du familia giroko irudiekin edota eguneroko bizitzako irudiak baliatuz, «sokamuturretan, inauterietan...».

Aipatu zuen «oso bitxia» den Jose Miguel Etxeberria Naparraren anaiaren eta amaren argazkia, biak ‘Simca’ baten bolantearekin agertzen baitira irudian. Azaldu zuenez, aitak bolantea gorde zuen etxean semea desagertu zenean. Segoviako ihesaldian Burgueten hil zuten Oriol Soleren kasua ere aipatu zuen, haren ama edadetuaren argazki hunkigarria nabarmenduz.

Iñaki Egaña Euskal Memoriaren presidenteak azaldu zuenez, liburua bada «omenaldi txiki» bat errekonozitu gabeko biktimei eta haien aldeko «diskriminazio positiboa». Liburuaren aurkezpenean, Eneko Etxeberriak (Naparraren anaia) eta Itziar Salegik (1974an Guardia Zibilaren tiroek hildako Mikel Salegiren arreba) Sekretu Ofizialen Legea aldatzea eskatu zuten.