Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Bide asko egiteke

Joan den irailaren 13an, Uztaritzen, haurdun zegoen emakume gazte bat hilik aurkitu zuten bere etxean. Egun gutxira jakin zen bortizki erasotua eta sexualki bortxatua izan zela. Erailketa makabroaren egilea atxilotu zuten eta, epaitegiko iturrien arabera, bere krimena aitortu ostean, espetxean da.

Hilketaren nondik norako lazgarriak tarteko, eta inoiz jaioko ez den haurraren aita telebista programa batean aritu izanagatik ezaguna zelako, oihartzun handia izan du desmasiak. Alta, Ipar Euskal Herrian (Estatu frantsesean bezala) ohi moduan, komunikabideek, agintariek, poliziek eta enparauek krimen doilortzat jo dute krimena baina genero indarkeriaren kalifikazioa bereziki aipatu gabe.

Egileak zeraman bizimodu marjinala eta dituen arazo psikiatrikoak argudiatuta, talde feminista nagusien aldetik jarrera zuhurra izan da, eta, jazoera deitoratu duten arren, ez dute deialdirik egin karrikan salatzeko. Uztaritzen eta Hego Euskal Herrian, berriz, kontzentrazioak egin dira. 

Aitortu behar dut neuk ere tentuz hartzen ditudala halako jazoeren berriak, batzuetan salaketa protokoloak azkarregi martxan jarri izan direlako, atzean propio genero indarkeria dagoen edo ez egiaztatzeko astirik hartu gabe. Hala gertatu zen, esaterako, duela urte eta erdi Bastidan izandako erailketa bikoitzarekin. Halere, kasu honetan nahiko bistakoa da genero indarkeriaren zantzuak ere badaudela tartean.

Halaber, begien bistan geratu da berriro ere, duela hamarkada batzuk gure ingurumarian emakumeen askapenerako ahaleginean erreferente izan zen Estatu frantsesean gaiokiko izandako etena eta zein atzera geratu den. Hori gutxi ez, eta problematika larri honi aurre egiteko abian jarri izan diren ekimen aitzindariak amarauna juridiko-administratiboak ito egin izan ditu, orain dela hiru urte Lapurdiko emakumeen kontrako erasoen Behatokiarekin gertatu zen bezala. Esparru anitzetako eragileak biltzen zituen egitura eredugarria izan behar zuen Behatokiak, baina, nonbait, talka egiten zuen Errepublikaren egitura administratibo motelekin… Bide asko dago oraindik egiteke, bai horixe!