Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Kameraren bidez dena erregistratu behar horretaz hitz egin nahi nuen»

Iaz bere lehen lan luzea, «Sipo Phantasma», ekarri zuen Koldo Almandoz zuzendari donostiarrak Zinemaldiko Zabaltegi atalera eta, aurten, film laburren alorrean duen ibilbidea ontzera dator «Plágan/Plague» bereziarekin. Munduari objektiboaren bidez begiratu behar horretaz hausnartu du.

Islandiara egindako bidaia batean sortu da “Plágan/Plague”, bi hausnarketa lotzen dituen dokumental laburra: batetik, turismoaren izenean xehetasun txikiena ere antolatu eta bideratu beharraz hausnartzen du Almandozek, eta, bestetik, bizitzen ari garen hori erregistratu eta konpartitzeko sortu zaigun beharraz. Zuzendari donostiarraren pelikula Zabaltegin estreinatuko da.

Zein da filmaren atzean den ideia? Zer adierazi nahi duzu?

Pelikula Islandiara egindako bidaia batean sortu zen. Natur parke batzuk bisitatzen egon nintzen, eta, parkean edo naturan baino, begia bertan geundenongan jarri nuen. Begia, eta kamera. Plágan hitzak izurria esan nahi du islandieraz eta kontzeptu horren inguruan ari da filma, orain oso modan dagoen turismoari lotuta. Gertatzen da natur guneetan akaso kontraste hori nabarmenagoa dela eta argi ikusten dela hain garaikidea den fenomeno hori.

Turistak izurrite bilakatu dira?

Izurritearen kontzeptua biologikoa, ekologikoa... zerbait naturala ere bada, eta horrekin jokatu nahi nuen. Horregatik, estetikoki ere, pelikula modu berezian dago filmatuta; mikroskopioaren bidez ikus daitezkeen bakteria eta birus erasoak gogorarazten ditu eta gu gizaki-inurri gisa naturan nola ibiltzen garen ere erakusten du. Baina ez da era kontzientean egin nahi izan dudan kritika bat, fenomeno garaikide bat da, eta, ni neu ere filmatzen nengoen heinean, plaga horren parte naiz.

Egun, teknologiak eta garraioak leku batetik bestera erraztasunez mugitu ahal izateko antolatu ditugu, eta niri atentzioa eman zidan hara iritsi eta dena zein antolatua zegoen ikusteak, nola dagoen dena bideratuta. Bestetik, pelikulak erakusten du dena erregistratzeko daukagun obsesio hori, selfie-ak egin, kamerak erabili, filmatu... Eta pelikula bera ere hori da: nik hori ikusten nuen bitartean ere hori egiten nuen [filmatu], horren parte ere banintzen, zinegileak horren parte ere bagara. Kameraren bidez dena erregistratu behar horretaz ere hitz egin nahi nuen.

Kritika baino, ideia horien gaineko gogoeta egin duzu, beraz?

Bai, kritika egitea ongi dago, autokritika egitea ere bai, baina gaur egun inor ez da libratzen fenomeno garaikide horretatik, eta, alde horretatik, gehiago da gogoeta bat, bai. Aurreko lanean, “Sipo Phantasma”-n, kruzeroak eta aisialdia nola antolatzen dugun jorratu nuen hein batean, eta honetan gogoeta hori nabarmenki erakusten da. Zentzu horretan dokumentala da, film obserbazionala, ez du testurik, ez off-eko ahotsik... ikusleak ikusi eta aterako ditu bere konklusioak.

Zergatik erabaki zenuen testua edota «off»-eko ahotsa ez erabiltzea?

Ez zuelako behar. Nire itxaropena da irudiak ikusi eta soinuak entzutearekin jendeak kontatu nahi nuena ulertuko duela. Dokumental obserbazional modura erakusteak, natura dokumentala balitz bezala, funtzionatuko zuela pentsatu nuen. Pelikula zuri-beltzean da eta horrek kutsu berezia ematen dio; mikroskopiotik ateratako irudiak balira bezala erakusten ditut zenbait egoera, eta iruditzen zait ez dutela gehiago behar. Eta, beharrik ez dagoenean, ahalegindu behar da ahalik eta garbien izaten.

Nola eragiten dio Islandiari turismoak?

Oso modu nabarmenean eragiten dio. 330.000 biztanle dituen herrialdea aurten bi milioi bisitari izatera iritsiko da. Astakeria itzela da. Zita arraro bat egingo dut, baina orain gutxi Arnaldo Otegik esan zuen guztiok garela turistak, eta egia da. Galdetzen zaigunean turismo ereduaz, kalitatezko turismoaz eta abar, askotan hori guztia zabor hutsa da... Egun, modu batera edo bestera, izan bidaiatzean edo izaeraz, guztiok gara turistak. Kamerarekin dena erregistratu, gero sare sozialetan kontatu... Horretaz ez da ia inor libratzen, ezta zinegilea bera ere.

Ekipo teknikoan, muntaketaren atala kenduta, zure izena soilik ageri da gainerako arloetan. Horrek kontrol zorrotzagoa ematen du, baina baita lan handia ere.

Onartu behar dut asko gustatzen zaidala, ez hainbeste kontrolatzea, baina bai kamera lana egitea, argazkilaritzan jardutea, soinuaren gainean egotea... Baina “Plágan”-en kasuan, ez nekien pelikula bilakatuko zenik ere. Orain Zinemaldian dago, irailaren 28an Reykjavikeko jaialdian izango da... Inongo espektatibarik gabe sortutako zerbaitek eskuetatik ihes egiten dizu eta bere kabuz funtzionatzen hasten da. Oso modu xumean egindako filma da, ekipo domestikoekin, eta gustatzen zait horiekin ere emaitza onak lortzea dagoela erakustea.

«Plágan» amaituta, orain bigarren luzea filmatzen zabiltza.

Bai, horretan gabiltza, bai... Nahiago dut ezer ez aurreratu gauza hauek nola joango diren sekula ez delako jakiten, baina esango dizut fikziozko lan bat izango dela. Gauzak aurrera doazen heinean joango gara jakinarazten.