Nagore BELASTEGI
KILOMETROAK

URRETXU-ZUMARRAGAK «LEKAIXOKA» JASO DU TXANTXIKU IKASTOLAREN LEKUKOA

POZEZ, SALTOKA, ILUSIOZ, GARRASIKA, IRRINTZIKA... «LEKAIXOKA»! HORRELA HARTU DUTE OñATIARREK IKASTOLEN JAIA. EGURALDI APARTA EGINGO ZUELA IRAGARRITA ZEGOEN ETA HORI DA KILOMETROAK OSPATZEN DEN HERRIAREN URTEROKO DESIRA, EGUZKIAK BETI ERAKARTZEN BAITU JENDETZA. ORAINGOAN ERE MILAKA IZAN DIRA BERTARATUAK.

Goizean goiz ziren Txantxiku ikastolako haurren gurasoak euren postuetan prest, gerturatzen hasitako bisitariak adostutako lekuetara bideratzeko prest. 1.700 boluntario inguruk hartu zuten parte antolaketa lanetan, hamasei batzordetan banatuta. Festaren helburuetako bat zen auzolana, eta horrekin behintzat bete dutela esan dezakegu, inoiz ez baita erraza halako festa handi bat antolatzea.

Den-dena ondo ateratzea ezinezkoa denez, lehenengo orduan autobusekin arazoak izan ziren. Gaizki ulertu bat egon zen; autoz beharrean, garraio publikoan bertaratzeko gomendioa egin zuten antolatzaileek eta jendeak kasu egin zuen. 08.00etan hastekoa zen zerbitzua, baina ez zuten zehaztu zein herritik, eta hala, inguruko herri guztietan ilara luzeak sortzen hasi ziren. Era berean, Udanako portua moztu egin zuten eta autobusek ere pasatzeko arazoak izan zituzten une batean, nahiz eta laster ohiko zerbitzua indartu zuten. Bi ordu zain egon zirenei ere haserrea berehala pasatu zitzaien. Azken finean, helburua ikastolei laguntzea eta ondo pasatzea da, eta eguraldia ona zen, gaitz erdi!

Ibilbide laburra prestatu zuten guztientzat aproposa izan zedin. Gainera, horrela, egunean zehar prestatutako egitarautik ekitaldiak aukeratu eta gune batetik bestera arazorik gabe mugitzeko aukera izan zuten Oñatira hurbildutakoek. 6 kilometrora iristen ez zen ibilbidea mahasti artean igarotzen zen, Udalaitz mendia urrunean ikusten zela; zuhaizti batean atsedena hartzeko aukera ere bazegoen, eta, aldapa batzuk bazeuden ere, ez ziren oso neketsuak.

Ibilbidea Ikastola gunean hasten zen, eta bertan egin zuten irekiera ekitaldia. Kilometroak-en 41. edizioan, jaiaren helburuak gogoratu zituzten: auzolana; irekitasuna, parekidetasuna eta aniztasuna; mundu modernoaren eta aurrerakoiaren parte izatea; eta ikuspegi jasangarria barne hartzea.

“Lekaixoka” jaiaren leloari eutsiz –Oñatiko euskaran “irrintzika” esan nahi du–, irrintziek berebiziko garrantzia izan zuten atzokoan. Festa hasieran, gainera, ikastolako ikasleek kanta ofiziala dantzatu eta abestu zuten. Une instituzionala izan ohi denez, bertan izan ziren Aitor Guridi Txantxiku ikastolako lehendakaria, Mikel Biain Oñatiko alkatea, Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburua, Nekane Artola Kilometroak elkarteko lehendakaria eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Guridik hartu zuen hitza lehenik, azpimarratuz urtean zehar lana «gogor eta gogoz» egin dutela eta momentu onak eta ez hain onak pasatu dituztela. Biainek antolakuntzan parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi izan zizkien, eta Oñatin izan zen 1989ko Kilometroak gogora ekarri zuen hura ederra izan zen bezala, aurtengoak ere berdintsua izateko elementuak bazituela aipatuz. «Harro gaude herriaz, herri ederra dugu, eta hori zerbait objektiboa da», azpimarratu zuen alkateak.

Hezkuntza sailburuak «hezkuntza eta euskara bi zutabe sendo» direla aipatu zuen, baina horiek ere «ureztatu» egin behar direla gogoratu zuen. «Guztion erronka da hezkuntza sistema hobetzea», esan zuen, eta horretarako guztien beharra dagoela adierazi zuen.

Nekane Artola Oñatira joandako ikastolazaleei zuzendu zitzaien, eta eskerrak eman zizkien «ikastolen proiektuarekiko erakutsi diguzuen konpromiso eta elkartasunagatik, proiektu euskalduna, herritarra, hezkuntza eredu propioa duena eta eraldatzailea». Baina ez zuen aukera galdu nahi izan hezkuntzan dagoen akordio falta salatzeko: «Gure hezkuntza sistemak dituen gabezia, ahuldade, zulo eta bestelakoen iturburua egungo legedia da. Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarreko indar nagusiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza akordioa eta hezkuntza legea aldarrikatzen ari diren uneotan, ezinbesteko deritzogu gaiari heltzea».

Azkenik, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia mintzatu zen. Euskarak «arriskuak eta aukerak» dituela esan zuen, eta arriskuetako bat «kaleetan galtzen ikustea» dela ohartarazi zuen. Oñati bada euskararen arnasgune, Euskal Herriko udalerri euskaldunenetako bat, eta gainontzekoek eredu gisa har dezakete zentzu horretan.

Momentuz lekukoa alboko bailaran, hain hurbil baina era berean hain urrun dagoen Urretxu-Zumarragan hartu dute. Urte honetan zehar berako ikastolaren ardura izango da helburu berriak garatzea eta Kilometroak festa berri bat prestatzea. Lekukoa ematearekin batera, Txantxiku ikastolan tailerrak eskaini izan dituzten emakumeei omenaldia egin zieten.

Gunez gune

Asmo onez betetako hitz ederrez aparte, festa kalean zegoen. Ikastola gunean musika zen nagusi. Txalaparta lehenik, bertsolariak eta berbena ondoren, Oxabi taldearen eskutik. Dantzan jarri zuten plaza eguerdian, sekulako beroa egiten zuen arren. Hala, txosnetako boluntarioak jana eta edana atera eta atera zebiltzan, etenik gabe.

San Martin zen bigarren gunea, “Haurren Hiria” ezizena jarri ziotena. Bertan “3Txulo” ikuskizuna izan zen txikien gozamenerako. Txatxilipurdi aisialdi taldeak umeentzako jolasak prestatu zituen eta Real Sociedad Fundazioaren eskutik aurpegiak pintatzeko zein txapak egiteko karpak zeuden.

Ekobirakoek ere arrakasta itzela izan zuten. Denboraldiko barazki eta fruituen zerrenda daraman sukaldeko trapuak banatzen ari ziren, eta horiek tolesteko tailerra eskaintzen ere ari ziren. Ekoguneko sagastietako sagarrak erditik moztu, pinturan busti eta horiekin trapuak apaintzeko aukera ere bazegoen. Helduentzako, ordea, Nazioarteko Artzain Txakurren Txapelketa egon zen goizean zehar.

Laugarren gunean, Asentzion, Beñat Igerabide, Oihan Vega edo Egurra ta Kitto! bezalako musikariak aritu ziren, eta, tartean, eskola arteko “Erronka” jokatu zuten gaztetxoek. Alkohola alde batera utzita kirolaren aldeko apustua egin dezaten estrategia ote? Hala ere, kolore bizietako likoreekin betetako “litronak” nonahi ikusten ziren.

Azken gunea Berezao zen. Bertan pilatu zen jendetzarik handiena arratsaldean zehar, Arkada Social Arrasateko talde mitikoak jotzen zuelako. Ondoren erregistro aldaketa zetorren Huntzarekin. Willis Drumondek agurtu zuen aurtengo jaia.