Haritz LARRAÑAGA
12 OREN BAKEAREN ALDE

LUHUSON ABIATU DA PRESOEN GAIA PARISERA ERAMANGO DUEN BIDAIA

KULTURGILEEN EKIMENA ETA BAKEBIDEA MUGIMENDUEK DEITUTA JENDE ANDANA BILDU ZEN ATZO LUHUSON. MUSIKA ETA IKUSKIZUN ARTEAN EMAN ZIOTEN HASIERA ABENDUAREN 9AN EUSKAL PRESOEN AFERA PARISERA ERAMANGO DUEN MOBILIZAZIO KANPAINARI.

Eguerdian ireki zituzten ateak. 10 euro ordaindu ostean bake artisauen sinbolo bilakatu den esku urdina ardiei bezala azalean itsatsi eta guneaz gozatzeko aukera irekitzen zen. Izan ere, bazen zer jan, edan, entzun eta ikusi, atzo Luhuson.

Hastapenetan, jende gutxi zen, baina esanguratsua. Sylviane Alaux diputatu sozialista esaterako, xingar taloaz gozatzen lehenetarikoa izan zen. Herri desberdinetako hautetsiak barraren bi aldeetan ikus zitezkeen, eta egunari indarrez aurre egiteko ogitartekoak eskatzen zituzten laguntzaileak ere bai. Musu-truk aritu ziren artistak kontuan hartu gabe, guztira 218 laguntzailek egin zuen lan atzo Luhusoko besta eremuan.

Ertz batean esprai hotsa zen nagusi, “eta gero guri” zioen grafitia egin zuten senyera baten koloreekin. Hots, Katalunia presente zen atzo Luhuson. Adibide gisara, beraien lan txanda amaitu ostean Lleida aldera abiatu zen laguntzaile bikotea.

Jende asko eta askotarikoa

Arratsaldeko ordu bietan jada jendea bapo janda zegoenean, bi dantzarik bereganatu zuten bertaratuen arreta. Karparen alde batean, oinutsik, apal hasi ziren koreografia mugimenduak egiten, baina bozgorailuek igortzen zuten musika abiada hartzen zihoan neurrian dantzariek gero eta mugimendu arin eta zailagoekin marrazten zuten giroa. Eguneko lehen txalo zaparrada jaso zuten, eta hortik aurrera, euriak atseden hartu zuen.

Guztia oso ongi antolatua zegoen, bi oholtza, teknikariak erdian eta taberna albo batean. Kulturgileen bozeramailea den Etxe musikaria, kontent zen, zeren «adin guztietako jendea bildu da, gurasoak haurrekin etorri dira, eta horixe zen guk nahi genuena». Horrela, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colinaren txanda iritsi zenean karpa jada txiki geratzen hasia zen eta oraindik jendea gerturatzen ari zen.

Luhusotik Parisera

Bertsolarien ostean, eta gaualdia aitzin, Mixel Berhokoirigoien eta Anais Funosas bozeramaileek hartu zuten hitza. Berhokoirigoienek bake artisauen sorrera, iniziatibaren zergatia, eta apirilaren 8az geroztik presoen gaia jorratzearen beharra izan zituen hizpide. Funosasek, ostera, hemendik eta abenduaren 9a bitartean egin beharreko urratsen inguruko xehetasunak eman zituen.

«Apirilaren 8ko armagabetzearen ostean, estatuei pauso bat emateko exijitzen diegu», azaldu zuen Berhokoirigoienek. «Presoen etxeratzea gauzatzera bidean, lehen urratsa salbuespen neurriak deuseztatzea izan behar da. Horixe izan zen uztailaren 10ean Parisen egin genituen bilkuretara eraman genuen mezua», azaldu zuen.

Abenduaren 9a baino lehen «keinu batzuk egin daitezen» eskatu zion Estatu frantsesari Berhokoirigoienek, baina ohartarazi zuen: «Lehenago Estatuaren partetik berri onak etortzen badira, ongi etorriak izango dira, baina Pariseko mobilizazioak indarrean jarraituko du, ekitaldi hori, perspektiba orokor baten baitan egingo den urrats moduan ulertu behar delako».

Anais Funosas Bake Bidea mugimenduko bozeramaileak, ostera, «erabakigarria ez, baina garrantzitsua izango den mobilizazioa» antolatzeko datorren urriaren 7an Luhuson egingo den Biltzar Nagusian parte hartzeko deia luzatu eta antolakuntzari lotutako informazioa eskaini zuen.

Parisera abiatuko diren autobusetan izena emateko zerrendak atzo ireki zituzten. Edonola ere, xehetasun guztiak artisansdelapaix.eus webgunean daudela iragarri zuten eta Pariseko ekimenaren inguruko datu berriak jakinarazi zituzten. Esate baterako, «hiru egun lehenago espetxez espetxe abiatuko den martxa bat izango da, azken egunean mobilizazioarekin bat egingo duena, eta ekitaldi nagusia girotzen artista ezagunak arituko dira, batzuek frantziar Estatuan sona handia dutenak».