2017/10/13

30 urtetik beherako gazte emantzipatu gehienek alokairua aukeratzen dute

Gazteen Euskal Behatokiak egindako txosten baten arabera 30 urtetik beherako gazte emantzipatu gehienak alokatutako etxetan bizi dira (%73,6). 30-34 urteko pertsonen taldean, ordea, ia pertsona emantzipatuen erdiak (%48) bere etxebizitza erosten dute.

GARA|GASTEIZ
1013_eh_salburua

30 urtetik beherako gazte emantzipatu gehienak alokatutako etxebizitza batean bizi dira (%73,6). 30-34 urteko pertsonen taldean, ordea, ia pertsona emantzipatuen erdiek (%48) beren etxebizitza erosi dute, eta %43,5, alokairuan bizi dira.

Gasteizko Gobernuaren Gazteen Euskal Behatokiak egindako txosten baten arabera, adin tarte horretan eta 30 urtetik beherako taldean etxebizitza erosi duten pertsona emantzipatuen ehunekoen arteko aldea 30 puntukoa da.

Nolanahi ere, 30-34 urteko pertsonen taldean, beren etxebizitza erosi dutenen ehunekoak behera egin du azken urteetan, eta 30 urterik beherakoen artean dagoen joera ere hori da: 2011n 30-34 urteko emantzipatuetatik %58,6 ziren, eta 2015ean, berriz, %48.

Aldiz, gora egin du alokairuan bizi direnen ehunekoak, bai eta oinordetza edo dohaintza bidez jasotako etxebizitza zein aldi baterako lagatako etxebizitza batean bizi diren gazteen portzentajeak ere.

Beren burua kreditu batean hipotekatu nahi ez izatea da aipatzen den arrazoi garrantzitsuena alokairua aukeratu duten 16-29 urteko gazte emantzipatuen taldean (%42,5ek eman dute arrazoi hori). Alokairuan bizi diren 30 eta 34 urte artekoen artean ere hori da gehien errepikatu den azalpena.

Hipotekei beldurra

Aurreko urteetako datuak aztertuz gero, ikusten da 2011tik 2015era asko handitu dela beren burua kreditu bati lotu nahi ez izateagatik alokairua aukeratu duten gazteen ehunekoa, aztertutako bi adin-taldeetan.

Azterketaren oinarria 16-29 urteko gazteek gai horren inguruko inkesta espezifiko bati emandako erantzunak dira. Galdera berberak egin zaizkie 30-34 urteko taldekoei, aztertzeko nola aldatzen den, edo ez, pertsona gazteen bizitegi-egoera adinean aurrera egin ahala. Guzira, 16-34 urteko ia 2.000 lagunek hartu dute parte.

ALOKAIRUA GORA


Alokairuan bizi direnen kopuruak gora egin du 30 urtetik beherako gazte emantzipatuen artean eta 30-34 urteko pertsonen artean.