GARA
Athletic

Beñat: «Erritmoa hartu behar dut, konfiantza»

Kontratua luzatu berritan, erdilariaren helburua bere maila berreskuratu eta hamaikakoan finkatzea da.

Bezperan kontratua 2020ra arte luzatu ostean –eta gauean Barakaldoren aurkako lagun artekoan gol bat sartu ondoren–, Beñat Etxebarria izan zen atzo Lezaman komunikabideen galderei erantzun ziena. Iurretako erdilaria oso pozik azaldu zen kontratua berritzeagatik –«niretzat beti izan da amets bat Athleticen jokatzea, eta hemen jarraitzea ametsa luzatzea da», onartu zuen–, nahiz eta orain arte aurtengoa ez den oso denboraldi ona izaten ari berarentzat.

«Denboraldi-aurrearen ondoren baliteke aurreneko neurketa hauetan txispa apur bat falta izatea, baina azkenean hori partidak jokatuz hartzen da. Azkenean ikusi egiten da bakoitza nola dagoen, eta nik lanean segitu behar dut. Nire erritmoa hartu, lehen neukan konfiantza», erantzun zuen argi bere egoeraz galdetu zitzaionean; izan ere, azken lau partidetan hasierako hamaikakotik kanpo geratu da. Inolako arazo fisikorik ez daukala ere argitu zuen prentsaurrekoan.

«Hau futbola da, eta horrelakoak gertatzen dira. Nik egin behar dudan bakarra lanean jarraitzea da entrenatzaileari gauzak zail ipintzeko», gaineratu zuen, badaezpada bere bertuteak ere mahai gainean ipiniz: «Ni jokalari mota jakin bat naiz, baloia edukitzea asko gustatzen zaiona, baloia ukitzea, baloitik gertu egotea. Beti saiatzen naiz hori egiten, baina batzuetan hobeto ateratzen da eta beste batzuetan okerrago. Ni dakidana egiten saiatzen naiz, taldeari ahal dudan guztian laguntzen».

Valentziako bideari segi

Taldearen egoeraz galdetuta, Beñatek Valentziaren kontrako azken partidan erakutsitako hobekuntzari jarraipena eman behar zaiola esan zuen. «Valentziako partida hasieratik jarri zitzaigun oso zail. Gero taldeak aurrera egin zuen eta ia-ia emaitza positibo bat lortu genuen. Bide horri jarraitu behar diogu, joko horrekin emaitzak iritsiko dira».

Dena beharko du talde zuri-gorriak bihar Sevillari irabazteko, baina erdilariaren iritziz, etxean jokatzeak ematen duen bultzada baliatu beharra daukate. «Etxean gure jokoa egiten segitu behar dugu. Berdin du aurkaria nor den, guk gure partida egin behar dugu. Etxean, gure afizioarekin… partidaren erritmoa guk ipini behar dugu eta nik uste hori dela Sevillari irabazteko modurik onena», esan zuen, egun hauetako lanari buruz pista handirik eman gabe.

«Ez da ezer askorik aldatu, taldea berdina da. Daukaguna da sekulako gogoa garaipena lortzeko, guk ere ez dugulako nahi sailkapenaren behealdean egon. Afizioak bezalaxe, guk ere goian egon nahi dugu. Batzuetan hobeto irteten da eta besteetan okerrago, baina taldeak beti ematen du aurpegia», aldarrikatu zuen, Athletic aurkari gogorren aurrean beti hazi egiten den taldea dela-eta.

Muniainen hutsunea

Zuri-gorriek beste zailtasun bati ere aurre egin beharko diote hurrengo hilabeteetan, larri min hartu zuen Iker Muniainen hutsuneari hain zuzen. «Badakigu Iker jokalari aparta dela, eta gainera une oso gozoan zegoen. Hutsune oso garrantzitsua da taldearentzat, baina beste jokalari on asko dauzkagu, aldeak markatzen dituztenak. Beste ezaugarri batzuk dituzte, baina lortuko dugu Ikerren hutsunean gutxiago nabarmentzea».

Ebakuntza egin ostean, Txantreako jokalaria jada etxean dago errehabilitaziori ekiteko prest. Muniainek berak bere sare sozialetan argitaratu zuen bere eskuin belaunaren argazki bat, ebakuntzak utzi dizkion orbainak erakutsiz eta dena ongi irten delako bere poza azalduz.