GARA
TOLOSA

Bertsolari Txapelketako final-laurdenak bihar amaituko dira Tolosan

Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken final-laurdena jokatuko da bihar, Tolosan. Beotibar pilotalekuan izango da saioa, 17.00etatik aurrera. Amaitu dira saiorako sarrerak eta, beraz, ez da egunean bertan leihatilarik zabalduko. Aretora sartzeko ateak 16.00etan irekiko dira.

Beotibarreko oholtzan ariko den bertsolari seikotea honakoa da: Beñat Lizaso, Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Jon Maia, Maddalen Arzallus eta Xabat Galletebeitia.

Seigarren eta azken final-laurdena izanik, Tolosan gertatutakoarekin ezagutuko dira nortzuk ariko diren finalaurrekoen lehen itzulian eta parte hartzaile bakoitzak non egingo duen bertsotan.

Puntu gehien batzen dituen bertsolariak Maule-Lextarreko finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 4an, jada saio horretarako sailkatuta dauden Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin batera.

Maule-Lextarreko saioarekin batera, osatuta geratuko dira Bastidakoa, Irungoa eta Durangokoa. Finalaurrekoetan sartuko dira txapelketara duela lau urte finalista izandako sei bertsolari: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina.