GARA
BAIONA

Polizia bortizkeriari buruzko jardunaldiak, Baionan

Gaurtik hilaren 21era, polizia indarkeria ardatz hartuta, jardunaldiak eginen dituzte Baionako Zizpa gaztetxean. Euskal Herrian gertaturiko afera larriak jorratzearekin batera, Estatu frantsesean, hala nola baztertutako auzoetan, poliziek eginiko gehiegikeriak aztertuko dituzte hainbat hitzaldiren bidez. Osagarri gisa, urriaren 19an, Medine rap kantariak kontzertua eskainiko du, 22.00etan.

Besteak beste, Popo Larre eta Jon Anzaren desagerpenak, GALek eginiko atentatuak, eta oro har frantziar Estatuaren ardurapean Euskal Herrian gertaturiko afera larriak hartuko dituzte hizpide gaur, 19.00etan, antolatu solasaldian. Felipe Laskarai, Maritxu Paulus-Basurco eta Jakes Bortairuk hartuko dute hitza.

Hainbat gertaera gogoan

Begirada zabaltzea xede, bihar, 19.00etan ere, Caroline Guibet Lafaye CNRSko ikertzaileak polizia bortizkeriaren aurkako unibertsitateen esperientzia jorratuko du. Asteazkenean, hilak 18, frantziar poliziak orain dela hamar urte Donibane Garaziko Kalaka ostatuaren aurka egindako operazioa jorratuko dute, jazarritako herritarren lekukotasunen bidez.

Ostegunean, hilak 20, Assa Traorek hartuko du hitza. Iazko uztailean jendarmeek Val D’Oisen egindako atxiloketa baten testuinguruan zendu zen 24 urteko mutil gaztearen arrebak, bere anaiaren kasua argitze aldera sorturiko komiteak egiten duen lana azalduko du.

Aipatu hitzaldien osagarri gisa, asteazkenean, hilak 19, musikak hartuko du lekukoa, Medine rap kantariak kontzertua eskainiko baitu 22.00etatik aurrera. Ostean, mikrofonoak zabalduko dituzte «Ipar Euskal Herriko edozein rap abeslarik bere aukera izan dezan».