Haritz LARRAÑAGA
Baiona

Popo eta Anzaren kasuak, Estatu indarkeria biluzten duten bi adibide

Astelehen arratsean hasi zituzten Baionako Zizpa gaztetxean, «Bortizkeria politikoa eta indarkeria poliziala» goiburupean, aste honetarako antolatu dituzten jardunaldiak. Lehen hitzaldian, Estatu frantsesak euskal gatazkan izan duen inplikazio zuzena azaleratzen duten bi kasu aztertu zituzten, hots, Popo Larre eta Jon Anzaren desagerpenak.

Adin guztietako jendea bildu zen astelehen arratsean Baionako Zizpa gaztetxean, «Frantziar Estatuaren inplikazioa euskal gatazkan, Jon Anza eta Popo Larreren desagerpenak» goiburua zuen hitzaldia entzuteko. Hizlariak euskaraz aritu ziren, baina itzulpen zerbitzua ere bazen.

Jakes Bortayrouk eman zion hasiera hitzaldiari. 80ko hamarkadan Ipar Euskal Herrian zen testuinguru politikoa azaldu zuen. Besteak beste, klase politikoaren izaera eskuindarra, euskaldunekiko politikariek zuten jarrera oldarkorra, Frantzian gobernu sozialista izateak abertzaleengan sortu zuen itxaropena zein ETA eta IK-ren arteko eztabaida estrategikoa izan zituen hizpide Bortayrouk.

Gertakari esanguratsuen segida eginaz, Estatu frantsesak euskal militanteen kontra izandako jarrera aktiboa azaleratu zuen Bortayrouk, eta honako gogoetarekin amaitu zuen: «Garai hartan egiten genuen irakurketa zuzena zela frogatu da».

 

Leongo desagertzea, Popo Larre

Filipe Laskarai IK-ko militante ohiak erakunde bereko kidea zen Popo Larreren desagertzearen inguruko azalpenak eman zituen. Sarrera moduan, gogoeta bat egin zuen: «Desagertze politikoa Estatu baten zapalkuntza-armategiko arma bat da, disidentzia politikoari aurre egiteko erabiltzen dena».

Popo Larre 1983ko abuztuaren 7an desagertu zen Landetako Leon herrian IK-ko militanteen eta poliziaren artean izandako enfrentamendu baten ostean. Hura zein testuingurutan gertatu zen argitu zuen Laskaraik: «Lehen aldiz IK-ko militante batzuk klandestinitatean ziren, Filipe Bidart Frantziaren etsai nagusi izendatu zuten eta lehen enfrentamendu armatuak gertatu ziren poliziarekin».

Poporen gorpua aurkitzeko aukera guztiak jorratu zituztela esplikatu zuen Laskaraik, eta IK erakundeak egin zuen «azken ekintza» 2003an Pascal Dumonten hilobitik Poporenak izan zitezkeen hezurrak ateratzea izan zela jakinarazi zuen.

Sasoi berean desagertu zen Pascal Dumont gaztea Landetan eta poliziak autopsiarik egin gabe hilotz bat lurperarazi zion familiari. Oraindik, idazkun hau irakur daiteke Dumonten hilobian: «Hemen datza gorputz bat poliziak inposatu diguna eta ez dena gure semea».

 

Anza familia mespretxatua

Maritxu Paulus Basurko abokatua Jon Anzaren kasuaz mintzatu zen eta Poporen kasuarekin antzekotasun ugari ikusten zituela onartu zuen. Hala nola, ikerketan ezarritako trabak eta komunikabideen manipulazio kanpainak aipatu zituen.

Anza 2009ko apirilaren 20an desagertu zen Okzitaniako Tolosa hirian; handik bederatzi egunera poliziak kalean aurkitu eta ospitalera eraman zuen, eta maiatzaren 10ean hil zen. 2010eko martxoaren 11n jakin zen Anzaren gorpua Tolosako gorputegian zela.

Justizia frantsesak Anzaren kasua estali zuela salatu zuen Paulusek, baina batez ere familiarekiko izan zuten jarrera deitoratu zuen: «Instrukzioak iraun zuen hiru urteetan inor ez zen familiarekin harremanetan jarri, soilik kasua itxi baino egun bat lehenago deitu zieten amaitu zela esateko».

Gabi Mouesca IK-ko militante ohia izan zen hitz egiten azkena: «Bake prozesuan ez da aurrera egin ahal izango, desagertuen kasuak argitzen ez badira».

 

Gaur Kalakako auzia hizpide Zizpa gaztetxean

Irailaren 24an bete ziren 10 urte polizia frantsesa Donibane Garaziko Kalaka ostatuan sartu eta 13 lagun atxilotu zituenetik. Haietatik bost espetxean sartu zituzten eta gehienak urte baten buruan atera bazituzten ere, egun oraindik kontrol judiziala pairatzen dute (astean bi bider sinatu behar, Estatu frantsesetik ateratzeko debekua, eta abar).

Gaur, polizia-operazio haren nondik norakoak azaldu eta testigantza pertsonalak emango dituzte atxilotuak izan ziren zenbait lagunek Zizpa gaztetxean, arratseko zazpietan.H.L