GARA
GASTEIZ

Europari entzun eta urruntze politika eteteko eskatu dio Etxeratek Madrili

Europar Parlamentuak Bergeron agiriarekin euskal presoen kontra aplikatzen den urruntze politika gaitzetsi ostean, Etxeratek txostena kontuan hartzeko eta presoez gain senideak ere zigortzen dituen neurri hori bertan behera uzteko eskatu dio espainiar Gobernuari.

Joan den urriaren 6an Europar Parlamentuak hainbat estatuk presoei aplikatzen dieten urruntze politika salatu zuen, Bergeron txostenaren bitartez. Ebazpena loteslea ez bada ere, Etxeratek uste du urteetan zehar elkarteak egin duen diskurtsoari arrazoia ematen diola eta, ondorioz, sakabanaketa politika eten behar duela Espainiar Gobernuak.

Urtzi Errazkin eta Jon Liguerzana Etxerateko kideek agerraldia egin zuten atzo Gasteizen, bertan asteburu honetan zehar egingo den “Dispertsioa argitara ekarriz” izeneko ekimenaren berri emateko. Eta, bide batez, Europar Parlamentuak onartutako txostena ere baloratu zuten, urrats garrantzitsua dela nabarmenduz. Hainbat estatuk, horien artean espainolak, presoen kontra aplikatzen duten urruntze politika salatzen du txostenak.

Bozketak aldeko 474 boto jaso zituen eta aurkako 109. PPko eurodiputatuek kontra bozkatu zuten; Europako Talde Popularreko kideek, ordea, aldeko botoa eman zuten.

Urruntze politika gaitzesteko aipatzen diren arrazoien artean, neurri honek presoak ez ezik senideak ere zigortzen dituela nabarmentzen du onartutako testuak. Zehazki, dispertsioak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 8. artikulua urratzen duela ohartarazten du.

Berehalako neurriak

Bergeron txostenak dioena loteslea ez bada ere, Etxeratek azpimarratu zuen premiazkoa dela lehenbailehen neurriak hartzea dispertsioa amaitzeko. Testuan egiten diren eskakizunen artean dago euren etxetik urrun dauden presoak gerturatzea posible egingo duten neurriak hartzea, baldin eta «arrazoi legalak» direla-eta epaile batek kontrakoa esaten ez badu.

Horiek horrela, presoen senideek osatutako elkarteak aurrerapausoak ematera dei egiten du, Europak estatuak behartuko dituen lege bat onartu arte itxaron gabe. Presoen eta senideen eskubideak errespetatuak izan behar direla aldarrikatu zuten eta hori posible egitea politikarien zeregina dela gaineratu zuten.

«Denbora gure kontra doa, ezin dugu lege bat egon arte zain egon», adierazi zuten. Urgentzia biziko kasuak daudela aipatu, eta gogora ekarri zituzten gaixotasun larriak dituzten 21 presoen kasuak.