GARA
GASTEIZ

Independentzia ez dela deklaratu ikusarazi nahi dio Urkulluk Rajoyri

Agerraldia egin zuen Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak, espainiar Gobernua Konstituzioko 155. artikulua abian jartzekoa dela jakin zuenean. Eta posizio bitxia hartu zuen horretan; bere adierazpenak hamaika paragrafo ditu eta horietatik zazpi Carles Puigdemontek independentzia deklaraziorik egin ez duela azpimarratzeko baliatu ditu Urkulluk. «Ondorioz, ezin da inola ere aplikatu 155a», amaitu du.

«Benetan uste izan zuen norbaitek Kataluniako Parlamentuak urriaren 10ean egindako Osoko Bilkuran independentzia aldarrikatu zuela benetako aitorpen legalarekin, instituzionalarekin, juridikoarekin eta are sozialarekin?». Galdera honekin hasten da Urkulluren adierazpena. Argudio hori bera indartzeko, CUP «independentzia aldarrikapena formalizatzeko» legebiltzarraren bilkura eskatzen ari dela nabarmendu du Lakuako agintari gorenak. Urkulluk ez du argi esan, beraz, azkenean Kataluniako gehiengoak urrats hori egingo balu zein iritzi izango lukeen berak 155.aren ezarpenaz.

Hori argitu bitartean, orain arteko ildoari eusten dio lehendakariak: elkarrizketarako tartea egon badagoela uste du, eta bere burua ere eskaintzen du hori errazteko. «Ezinbestekoa da hartutako erabakiek izango dituzten ondorioak aztertzea, batez ere, erabaki horiek gizartearen hausturan eragina izan dezaketela aintzat hartuta. Ez da hartu behar egoera zaildu dezakeen erabakirik. Behar-beharrezkoa da egoerak okerrera egin dezan saihestea», adierazi du, eta ondorengoa erantsi: «Bi gobernuetako kideek formula adostu bat behar dute elkarrizketa-prozesu baten aukerak aztertzeko. Prozesu hori ezin da baldintzatu eta ezin du umiliaziorik eragin ezein aldetan. Akordiorako borondatean oinarrituta egon behar du, eta egoera konpontzera bideratu behar da. Espainiako presidenteak eta Kataluniakoak gure babes eta konpromiso osoa daukate eta prest gaude ahal dugun heinean laguntzeko».

155. artikulua Senatuan bozkatzen denean kontrako botoa emango duela baieztatu du EAJk, baina honek ere elkarrizketaren beharra eta aukera nabarmenduz. «Puigdemont presidenteak bidali duen azken eskutitzari irakurketa baikorra egiten bazaio, argi ikusten da Kataluniako Parlamentak ez zuela independentzia formalki aldarrikatu urriaren 10ean, eta hori izan da Espainiako Gobernuaren lehen eskakizuna. Horren arabera, argi dago Gobernu zentralak adierazitako lehen baldintza bete egin dela», argudiatu dute Sabin Etxean.

EH Bildu: «Neurria eman»

Egoeraren irakurketa larriago eta zuzenagoa egin du Maddalen Iriartek EH Bilduren partetik. «Gobernu espainolak Puigdemont presidenteari eman dion erantzunak espero genuena baieztatu du, zoritxarrez. Gobernu espainolak, Estatu espainolak, elkarrizketaren eta irtenbide adostuaren bideari uko egiten diola berretsi du. Elkarrizketa bera kriminalizatzen duela berretsi du. Sumisioa/inposizioa parametroetan baino ez dakiela mugitzen».

Rajoyk, «PSOEren babesarekin, Autonomien Estatua bera dinamitatu du ofizialki, eta horrek, jakina, ondorio larriak ditu Euskal Herrian ere. Gobernu espainolaren erabakiak neurria ematera behartzen gaitu euskal alderdiok», iritzi dio EH Bilduk.