Idoia ERASO
BIARRITZ

Dacosta eta Stammel «Hausturak» erakusketan elkartu dira Biarritzen

Biarritzeko Santa Eugenia kripta ederraren paretak Josette Dacosta eta Barbara Stammelen lanekin jantzi dituzte azaroaren 12ra arte. «Hausturak» izenpean bi margolarien obrak elkartu dituzte, eta, baten abstrakzioak bestearen lan figuratiboarekin elkartzean, lan molde eta artearen ikuspegi antzekoak atzeman daitezke. Bi artistek azken urteotan egindako ibilbide komunak, hori bai, artea ikusteko era berdinetik jaiotako bi adierazpen oso ezberdin eman ditu.

Kriptaren erdiko nabean bi artisten obren arteko elkarrizketa atzeman dezake bisitariak, Stammelen erretratuak Dacostaren paisaia koloretsuei begira. «Hainbat angelu daude non elkarri begira jarrita gauden», azaldu zuen Getarian bizi den margolari alemanak erakusketaren aurkezpenean. Erakusketa honi begira sortu ditu “Hilde” izeneko erretratuak biltzen dituen seriea. Parean, Donibane Garazin bizi den sortzailearen izenik gabeko margoen koloreen indarra. Horien artean erakusketari izena ematen dion 2015eko “Ruptures-Hausturak”.

Erpinetan bi margolarien obra handiek elkarri begiratzen diote. Dacostak Santa Eugeniako erakusketaren karietara sortutako “Atelier effervescent” tailer eferbeszente iragankorra, bere sormen lekuaren berreraikuntza bat da. Eta horren gainean “Explosion” handiaren eztandak autobus geltokietan jarritako afixak ditu oinarri. Hain zuzen ere, «afixek Euskal Herrian gertatzen denaren memoria biltzen dute: festak, manifestazioak, aldarrikapenak...».

Horren aurrean, Stammelen bi obra handi erantzun gisa, lurrean hiru baloi dauzkaten bi haur futbolari. Obra horien atzean futbolaren munduaren kritika bat atzeman badaiteke ere, sortzaileak berak «aurpegiak eta sentikortasuna» soilik adierazi nahi izan dituela baieztatu zuen. Zentzu horretan, honakoa azaldu zuen: «Ez naiz ni sistemaren kritikari handi bat, baina horrelako gauzak ere transmititzen dira. Aldaketaren lehen gunea gu gara, eta hortik aurrera hedatzen da».

Berdin eta ezberdin

Bi margolarien obrei lehen aldiz begiratzean antzekotasunik atzematea zaila bada ere, bi artistek elkartzen dituzten gauzak nabarmendu zituzten; «lanean aritzeko antzekotasunak» bereziki. Lehenik lan egiteko tresna diren margoak sortzeko era aipatu zuten, biek margoak erosi beharrean olio eta pigmentuarekin sortzen baitituzte.

Dacostak «elkarrekiko estimulazio artistikoa» ere aipatu zuen aurkezpenean. Stamelek, berriz, «bestearen lanak norberarena aberasten» duela.

Elkarrizketa artistiko horrez gain, margolari bakoitzaren munduan sartzeko kriptaren nabe bana eskaini zaie. Txoko batean Dacostaren ibilbidea ulertarazteko tresnak ematen dituzten obrak aurki daitezke. Margolaria kide duen Itzal Aktiboa elkartearen eskutik, arte figuratiboan ari zen garaiko bideo bat ikus daiteke, baita garai horretan inspirazio iturri izan zuen Bersaitsia baserriaren margoa ere. Denboran salto egiteko aukera ematen duen gunea ere bada, paleta berri batera eraman duten azken hilabeteotan artistak Lanzaroten egindako obrak ere bildu baitira.