GARA
BEASAiN

Goierri eta Deba, Kataluniari eskua emanda trenera igotzeko prest

Lazkao eta Ordizia Beasainekin elkartuz, 3.000 lagun inguruk parte hartu zuten atzo Gure Esku Dagoren giza katean, “Kataluniarekin bat, guk ere erabakiko dugu” leloarekin. Ezkerreko eta eskuineko kideei soilik ez, kataluniarrei ere eman zieten eskua. Eta babesa eta kemena adieraztearekin batera euren eskutik trenaren hurrengo bagoira igotzeko prest agertu ziren.

Hori dena irri batekin, Gure Esku Dagoren ekintzetan ohi den bezala, «sinetsiz katalanei laguntzeko modurik onena Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde egitea dela».

Eguerdian Ordiziatik lekuko bat atera zen Beasain aldera, eta Lazkaotik bertze bat, mezu banarekin, Joxe Bikuña eta Julene Iturriotz 82 urteko goierritarren eskuetan. Lekukoa batak bertzeari pasatuz egin zuten aitzinera. Tartean Beasaingo alkate Aitor Aldasorok ere heldu zion testiguari. Ordubete geroago, herri honetako plazan bildu ziren guztiak eta amaiera ekitaldian bi lekukoetako mezuak irakurri zituzten.

Horietan, nabarmendu zuten ezin diogula euskaldunok trenari ihes egiten utzi, «atzetik, batek daki noiz, besteren bat etorriko delakoan». Trenera igo eta eskubidez, ahaleginez, jakintzaz eta energiaz elikatzeko gogoa adierazi zuten. Askatasun haizez eta eraikitze nahiaz bultzatzekoa. «Entzun diezaiegun lagun kataluniarrei eta aprobetxa dezagun aldeko haizea, gure etorkizuna aske eta demokratikoki erabakitzeko. Guk ere erabaki nahi dugu eta erabakiko dugu!», baieztatu zuten.

Deba-Reus Topaketa

Bitartean, Deban, ostiraletik igandera eginen duten Deba-Reus Topaketa prestatzen ari dira. 350 lagun inguru etorriko dira Tarragonako herri horretatik, ekintza kultural eta politikoz betetako egitarauan parte hartzera. Deba Reus Komisioak antolatu du dena, elkarte, eragile, ostalari eta herritarren ezinbertzeko laguntzarekin.

Ostiral gauean ongietorria izanen da, eta larunbatean kultur ekintza ugari, jai giroan. Goizean katalanentzako askotariko eskaintza izanen da: dantza ikastaroak, tour historikoa, Errepublika, 36ko Gerra eta dispertsioaren inguruko solasaldiak... Deba eta Reuseko gazteenentzat castellers ikastaroa eta jolasak ere prestatu dituzte karpan. Gero triki-vermuta, Kaxarranka, castells-ak, bazkaria, poteoa Correbars txaranga eta Bou de Reusekin, abesbatzak, erraldoiak, dantza katalanak... Eta, arratsalde betearen ondotik, Diables de Reusen su erakustaldia eta kontzertuak: Viverrids (Cambrilsekoak), Egurra Ta Kitto eta DJ Bull.

Igandean, azkeneko egunean, hamaiketakoa eginen dute karpan eta jarraian Kataluniaren egoera aztertuko dute mahai inguruan. Anna Gabriel hezitzailea eta David Fernandez kazetaria izanen dira, biak CUPeko diputatuak, Martxelo Otamendi “Berria”-ko zuzendariarekin batera analisia osatuko dutenak. 14.00etan agurra izanen da.