Andoni ARABAOLAZA
GERTAERAK

Hayden Kennedy etaFrancek Knez alpinistakzendu berri dira

Joan den hilak 8an, 27 urteko estatubatuarrak bere buruaz beste egin zuen bikotekidea elurrolde batek harrapatuta hil ostean. Bi egun lehenago, eskalada istripu baten ondorioz hil zen 62 urteko esloveniarra.

Orain dela bi aste, nazioarteko alpinismoak izaera ezberdineko bi jazoera ezagutu ditu. Bietan ala bietan, izen handia zuten bi alpinista zendu dira: Hayden Kennedy estatubatuarra eta Francek Knez esloveniarra.

Lehenari dagokionez, aipatu behar dugu alpinismoaren komunitateari era oso tragikoan esan diola agur. Hilaren 7an, AEBetako Montana estatuko Imp Peak mendilerroan bere bikotekide Inge Perkinsekin eskiatzen ari zela, elurrolde batek harrapatu zituen eta 23 urteko neska hil egin zen. Istriputik Kennedyk bizirik ateratzea lortu zuen, baina, bere gurasoek jakinarazi dutenez, biharamunean bere buruaz beste egin zuen: «Haydenek ezin izan zion Ingeren galerari eutsi, eta bere bizitzarekin amaitzea aukeratu zuen».

Kennedy goi mailako alpinista zen; gaztea, baina eskarmentu handikoa. Bere curriculuma begiratu besterik ez dago. Bi Urrezko Piolet irabazi zituen. 2013an, Kyle Dempsterrekin Baintha Brakk mendiaren (7.285 m) hego aurpegian bide bat zabaltzeagatik. Ekitaldi berean, Cerro Torren Jason Krukekin eginiko eskaladarengatik aipamen berezia jaso zuen. Gogora dezagun jaitsieran “Compresor” bidearen buril andana kendu zituztela. Erabaki zalapartatsua izan zen oso. Hiru urte geroago, 2016an, bigarren Urrezko Piolet bat lortu zuen Kennedyk. Bigarren hori nazioarteko espedizio batean Indiako Himalaiako Kishtwar mendiaren ekialdeko aurpegian marra gogor bat sortzeagatik lortu zuen.

Mito esloveniarra

Estatubatuarrak 27 urte zituen; Knezek, berriz, 62. Jada ez zegoen alpinismoaren lehen lerroan, baina mito bat zenik inork ez du zalantzan jartzen.

Esloveniako berri-emaileek azaldu dutenez, istripua Knez Marjeko bere etxetik gertu dagoen horma batean eskalatzen ari zenean gertatu zen. Antza denez, 25 metroko garaieratik amildu zen. Gertakaria joan den hilak 6an izan zen.

Esloveniako alpinismoaren 70ko zein 80ko hamarkadak aipatzen direnean, Knezen izena nonahi azaltzen da. Silvo Karo eta Janez Jeglicekin batera, garaiko alpinista zailduenetarikoa izan zen. Esloveniarrak ere, curriculum oparoa du. Patagonian, Eslovenian, Alpeetan eta Himalaian 5.000 igoera baino gehiago egin zituen; horietako 729 maila handiko lehen igoerak izan ziren. Bere kide Silvo Karok gaitasun handiko alpinista zela nabarmendu du: «Mito bat zen. Ez dago gehiago esaterik».