Jon ORMAZABAL
PILOTA

«Baikorrago baina beldurrik gabe txapelketa uzteko»

Osteguneko material aukeraketaren ostean erabakiko du Bengoetxea VI.ak Victorren aurka jokatuko duen.

Oinatz Bengoetxeak eta Victor Estebanek igandean Logroñon jokatu beharreko partida erabakigarriak airean jarraitzen du, ostegunean Adarragan bertan, material aukeraketaren ostean, egingo duen frontoiko proban erabakiko baitu leitzarrak jokatzeko moduan den. Pilotariak eskuin eskuko hatz erakuslean izandako pitzaduratik sendatzeko ahalik eta denborarik gehien izateko, partida astelehenean Gernikan jokatzeko aukera aztertu zuten hasiera batean, Urriko Azken Astelehenaren aitzakiarekin jaialdia izango baita Santa Ana pilotalekuan. Azkenean, baina, Errioxako hiriburuaren aldeko hautua egin dute enpresek, igandez, Victorrek mugi dezakeen jendearen esperoan.

Igandeko sentsazioak onegiak ez ziren arren, atzokoan hobekuntza nabarmena sentitu zuen egungo kaiolako txapeldunak, eta horrek «baikorrago» izateko arrazoiak ematen dizkio Asegarceko aurrelariari. «Azkenean goiko puntan daukat haustura eta behean okerragoa izaten da beti. Goian takoekin eta ferula batekin babestea posible izan daiteke, eta ikusi egin beharko da, probatu egin behar da. Baina, nik, momentu honetan esperantzak baditut», azaldu zuen pilotariak.

Hogei bat haustura bai

Eta horrelako lesioei buruz asko dakien pilotaririk bada, hori Oinatz Bengoetxea da, dagoeneko hogei bat haustura eta pitzadura inguru izan baititu hatzetan. Pilotaria bera ez da gai zenbat izan diren zehatz azaltzeko, baina, bi hatz lodietan kenduta, beste guztietan izan ditu hausturak eta bi nagietan, gainera, ebakuntza bana eginda dauka.

Pentsa daitekeen bezala, era guztietako esperientziak izan ditu antzeko minekin, esaterako 2008an Buruz Buruko txapeldun izan zenean hatz luzeko punta pitzatuta zuela jokatu zituen azken bi partidak, eta, 2015ean, ez zuen finala jokatzerik izan ezker eskuko hatz erakuslea hautsita izateagatik. Eta aurrekari horietatik ezer ikasi badu, erabaki zuzena hartzeak duen garrantzia da. «Hatza ahalik eta hobekien errekuperatzen saiatuko naiz, eta ikusiko da jokatzeko egoera egokian dagoen edo ez. Nik argi daukadana da pilotak, txapelketak eta pilotazaleek errespetu bat merezi dutela. Nire erabakia ostegunean hartuko dut eta ea zer gertatzen den. ikusten badut ez naizela gai, txapelketa uzteko ez dut beldurrik», azaldu zuen pilotariak Euskadi Irratian.

Partida ez jokatzeak lehiaketari agur esatea ekarriko luke, finalerdietan egoteko Victorren aurka irabazi eta errioxarrak 19 tanto baino gehiago ez egitea behar baitu. «Badakit Victor ikaragarrizko arriskua duen pilotaria dela. Ikaragarrizko jokoarekin dago eta oso zaila izango da. Baina nik hatza osatzean baino ez dut burua orain. Ea osteguneko proba ondo irteten den eta igandean dena emateko moduan nagoen», amaitu zuen.

Balmaseda, Iruñea eta Tolosa

Igandean Logroñon jokatu beharreko partida airean dela, EPELeko enpresek erabaki dituzte final laurdenetako ligaxkako gainerako partidak ere non jokatuko diren.

Sailkapenean inolako garrantzirik ez duen Urrutikoetxea eta Artolaren artekoa izango da jardunaldia irekiko duena, ostiral arratsaldez Balmasedan. Jaialdi horretan bertan itzuliko da kantxetara Lau eta Erdikoari uko egin behar izan dion Iker Irribarria, eskuko mina osatuta.

Larunbatean oraindik aukerak dituzten Aimar Olaizola eta Danel Elezkano Iruñako Labriten lehiatuko dira eta jardunaldia igandean itxiko da. Adarragako aipatutako Bengoetxea VI.a eta Victorren artekoaz gain, Joseba Ezkurdia eta Jokin Altunak Tolosako Beotibarren neurtuko dituzte indarrak.

Promozio mailan, Asier Agirreren finalerako arerioa astelehenean erabakiko da, Elordik eta Jon Ander Peñak Gernikan jokatuko dute asmo horrekin.J.O.