Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Sexu jazarpena salatzeko abiatutako kanpainaren ondorioen zain

Osons le Feminisme elkartea kontent da #balancetonporc etiketa baliaturik Internet bidez eginiko kanpainak izan duen oihartzunagatik. «Erasotzaileak izen-abizenez salatu baino, ezkutuko egoera bati buruzko alarma jotzea» dela helburua ohartarazi du, hori bai, elkarteak.

Weinstein eskandaluaren ondorio gisa, Internet bidez Frantzian zabaldu den #balancetonporc kanpainak zeresan handia eman du azken egunotan. Jazarpen mota oso bestelakoak azaleratu dira-eta milaka txio horien bitartez. Hori dela eta, hainbat esparrutatik salaketei sinesgarritasuna kentzen saiatu dira.

Eztabaida sortu da, bestalde, hamarkada luzeko isiltasunaren ostean, hitz askatzaile jarioak hartutako norabidearen inguruan. «Sorgin ehiza» martxan litzateke, batzuen ustez; beste batzuek iradoki dutenez, «juduak salatzeko» pasarte historiko mingotsa ekarri du gogora aipatu kanpainak. Alta, “La Charente libre” egunkariko kazetari Dominique Garrauden ustez, «ordezkari publiko esanguratsuen aurkako salaketek ezin dute milaka lekukotasun arrunt estali, ezta Frantziako emazte erdiak sexu jazarpen motaren baten biktima izan dela dioen estatistika ere».

«Hitza askatu da eta denok badakigu behin hori gertatuta hainbat muga gainditzeko gai den indarra sortzen dela», nabarmendu du, bere aldetik, Juliette Megdelek. Ministro ohiak begi onez ikusten du sexu jazarpena salatzeko azken egunotan Frantziako sare sozialek bizi duten mugimendu azkarra.

Marlene Schiappa, gizonen eta emazteen arteko berdintasunerako estatu idazkariak gogotsu babestu du #balancetonporc etiketa baliatutik sexu jazarpena pairatu dutenen lekukotasun uholdea ekarri duen mugimendua. Laurent Joffrin “Libération” egunkariko editorial egilearen ustez, aldiz, «delazioaren gaineko eztabaidari erreparatu baino urgenteagoa da guztiz eskandalagarria den egoerari erantzuteko gizarteak bereganatu behar dituen baliabide juridiko eta moralak zehaztea».

Politikariak zurrunbiloan

Osons le Feminisme elkarteak bat egiten du «hurrengo urratsa zehazteko» eskakizunarekin. #MyHarveyWeinstein kanpainaren frantses bertsio gisa sortu den #balancetonporc dinamika hedabideetan aditua den Sandra Muller kazetariak abian jarri zuen. Erredaktoreburu baten eskutik pairaturiko jazarpena kontatu eta antzeko bizipenak izan dituzten emazteei gonbidapena luzatu zien «isiltasun legea urratzeko». Giulia Foïs kazetariak berehala hartu zuen segida, erredakzioko nagusiaren eskutik jaso zuen bortxaketa mehatxua salatuz. Osons le Feminisme elkarteak nabarmendu duenez, «ondorioz, kanpaina ez da abiatu ustezko erasotzaileen izen-abizenak emateko asmoz, baizik eta sexu jazarpenaren arazoaren tamaina islatzeko helburuarekin».

Asmoak asmo, boterea duten gizon jazarleen zerrenda etenik gabe osatuz joan da azken egunetan Frantzian. Hainbat kasutan, Internet bidezko salaketaren ostean salaketa judiziala ere heldu da. Hala egin du, adibidez, LREMko diputatu Christophe Arend jazarpen eta eraso sexualarengatik salatu zuen parlamentu laguntzaile ohiak.

Beste kasu batzuetan, sareak soilik eman dio hauspoa salaketari. Hori da Jean Lassalle Biarnoko diputatuaren kasua. Orotara lau emaztek salatu dute jada bere jokabidea. Batek ipurdian ukituak egin zizkiola salatu du, eta beste batek bere borondatearen aurka musu eman ziola. Colette Capdevielle Baionako diputatu ohiak ere Lasselleren emazteekiko «jarrera salagarria» pairatu izana baieztatu du.