Asier AIESTARAN
PILOTA

Olaizolak eta Elezkanok ezin dute besteen zain egon

Oinatzek gaur hartzen duen erabakia edozein dela ere, larunbatean partida on bat egitera behartuta daude.

Pilotazaleak Oinatz Bengoetxeak gaur hartuko duen erabakiaren zain dauden arren, Aimar Olaizolak eta Danel Elezkanok nahiago dute multzoko beste neurketaz ahaztu eta beraiek larunbatean Labriten jokatuko duten dema ongi prestatu. Izan ere, eta ligaxka izan arren, esan liteke kanporaketa zuzena izango dela: Aimarrek 20 tanto egin behar ditu gutxienez, eta, Danelek, berriz, hiru tantoko aldea nahikoa du baldin eta Oinatzek ez badu igandean irabazten –zer esanik ez jokatzen ez badu–.

Aipagarria da bizkaitarraren kasua, final-laurdenak lehen aldiz jokatzen ari den arren, aurreneko bi neurketetan oso maila ona eman baitu, nahiz eta garaipenak ihes egin: 18 tanto egin zituen Victorren aurka eta 21 Oinatzen kontra. «Gogorra izan zen larunbatean azkenean puntua ez ateratzea –onartu zuen atzo Bengoetxearen kontrakoa hizpide hartuta–, buelta asko eman dizkiot buruari. Baina hemen aurrera begiratu besterik ez dago, eta larunbat honetan beste aukera bat daukat».

Hori bai, segur aski inoiz kaiola barruan izan den espezialista handienaren aurka atera beharko ditu babak heltzetik. «Txikitatik eredu izan den pilotari baten aurka lau eta erdian jokatzeko aukera izatea niretzat gauza handia da, eta gozatzera etorriko naiz. Egia da aukerak izan ditudala orain arte, baina hemen balio duena puntua da eta ez dut bat ere lortu», gehitu zuen umiltasunez.

Olaizolaren aurka garaipena lortu ahal izateko egin beharrezkoaz galdetu ziotenean, «ausardia» izan zen Zaratamokoak gehien errepikatu zuen hitza, Oinatzen aurka erakutsi zuen jokoari segida emateko. «Aimar bezalako pilotarien aurka irabazteko aukerak izan nahi badituzu gauzak oso ongi egin behar dituzu, hasieratik bukaeraraino gainera. Eta gauzak ongi eginda ere, batzuetan ez da posible. Edozein modutan, nik uste ausarta izan behar dudala hasieratik. Sakearekin asmatu eta errestoarekin berari airea kentzen saiatu, bestela jai daukat. Horretara etorriko naiz, nire lana ahalik eta ondoen egitera».

«Oso arriskutsua da»

Oso desberdina da Aimarren egoera, partida klase hauetara askoz ohituagoa, berak atzoko aukeraketan onartu zuen bezalaxe. Hala ere, ez da fio aurkariaz eta hitz onak baino ez zituen izan Danelentzat.

«Oso pilotari arriskutsua da. Asko hobetu du distantzia honetan. Bolearekin eskuinez min handia egiten du eta ezkerrarekin engainatu egin dezake; agian ez dio hainbesteko abiadura sartzen pilotari, baina motzean oso arriskutsua da».

Goizuetarrak ez zuen batere gustura amaitu Victorren aurkako partida, eta orduan emandako itxura hobetu nahi du: «Aurrekoan ez nuen ongi jokatu, baina espero dut lehiaketako nire egun txarra hura izatea eta larunbatean hobeto aritzea».

 

Finala Bilbon jokatu da azaroaren 19an

Enpresen Ligak atzo jakinarazi zituen Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdiak eta finala noiz eta non jokatuko diren. Azkenetik hasita, finala Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da azaroaren 19an. Aurrez, finalerdietako partidak Iruñean eta Logroñon jokatuko dituzte. Labritekoa azaroaren 4an izango da, larunbatez, eta, Adarragakoa, azaroan 5ean, igandea. Hori bai, pilotaleku bakoitzak zer kanporaketa hartuko duen sailkatuak ezagutzen direnean erabakiko dute.

Deigarria egiten da Gasteizko Ogeta pilotalekua programazio horretatik kanpo geratu izana, finala hartzeko bi aukeretako bat baitzen Bilborekin batera, eta iazko finala ere bertan jokatu baitzen. Aldiz, arraroa litzateke finalerdi bat Logroñon jokatzea Victor lehiaketatik kanpo geratuz gero.

Bestalde, hirugarren posturako lehia Eibarren jokatuko da azaroaren 12an, eta, Promozioko finala, Iruñean egun bat lehenago, azaroaren 11n.A.A.