Maider IANTZI
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA: BASTIDAKO SAIOA

SUSTRAI COLINAREN BOTILA IZAN DA GUSTAGARRIENA MAHASTIEN GERIZPEAN

ZAPORE GOZOA UTZI ZIGUN LEHEN FINALAURREKOAK, ARABAKO ERRIOXAK MEREZI BEZALAKOA. 980 LAGUNEK BEROTU ZUTEN KIROLDEGIAN, SUSTRAI COLINA GAILENDU ZEN, BIZITZAN GARENA HAUTATZEKO ETA HARRITZEKO GAITASUNEAN SINETSIZ. IGOR ELORTZAK HURRENGOAN GOIA JOKO DUELA AGINDU ZUEN.

«Baldin geratu bada ardorik edangai/ neuk ere gogoa dut gaur egiteko jai/ zuei eskerrik asko zorionak Sustrai/ ni erdi konforme baino noski gehiago nahi/ gaur ez dugu goia jo baina hurrengoan bai», kantatu zuen azken agurra Igor Elortzak Sustrai Colinarengandik bi puntu eta erdira bigarren eginda. Hirugarrenaren izena ere, Agin Laburu, eskuak txaloka kiskaliz jaso zuen publikoak.

«Astigarragatikan beste muturrera/ maiz gezurra dirudi geranik lur bera/ Arabar Errioxan mahatsa urre da/ baino bertsoz ekarri nahi nuke hurrera/ sagarduan txinparta arduan lurrera» abestuz aurkeztu zen, eta ongi bete zuen asmoa. Laugarrena ere, Jon Martin, gustura gelditu zen, «kopan karmin arrastoa utzita». Oiartzuarrak deskribatu bezala, sei botila izan genituen aukeran, urtekoa, kriantza zein erreserba, eta deskortxatu eta eurengandik edan genuen mozkortzeko eran. Jone Uriaren eta Nahikari Gabilondoren zukuak hagitz goxoak zeuden.

Bertsorik borobilenak bukaeran aditu genituenez, atzekoz aurrera eginen dugu saioaren errepasoa, peto laranjadun boluntario piloa oholtza, mahaiak, aulkiak eta dena erretiratzen ari den bitartean, pixka bat korrika gu ere, geu ere eraman baino lehen. Kartzelan gai irekia zuten: «Ez duzu gonbidapenik jaso, baina joatea erabaki duzu». Colina ederki hasi zen, doinu berriarekin: «Tabuak min direnean minak ote dira tabu/ maitasunean jokatu behar al da beti ondradu/ bide berean joan arren azkenerako banandu/ berriz hutsetik hasteko inoiz ez baita berandu/ gaur urte bat bete duen seme txiki bat daukagu/ merendola egin duzu txokolate ta mokadu/ gugan daukagun zornea familira al dakargu/ pelikulako gaiztoa norbaitek izan behar du».

Eta hirugarrena: «Tinbrea jo dut dardarka inurrituta sabela/ ta eskerrak gaur huts-hutsik ekarri dudan sakela/ ni gabe ongi apainduta baitaukazu egongela/ kantatuta putz egin du semeak lehen kandela/ ziur nago egun batez konprenituko duela/ pelikulako gaiztoa maitatu litekeela/ nahiz bizitzan dena ez den ateratzen nahi bezela/ inportanteena jaustean berriz zutitzea dela».

Elortzarekin ere, bera ere doinu berrian, dotore eta fin, istorioan sartuta adi-adi egon ginen hasieratik bukaerara. «Egunkarian ikusi nuen gure nausi aberatsa/ humanismoaz elkartasunaz bere diskurtso zehatza/ egia baina ez da argazki hura zen bezain aratza/ azkenerako nire aukera ailegatuko da antza/ garai batean lantegi hori nuen bizitza ardatza/ orain kalean egonagatik berriz banoa harantza/ hotz serbitzean izaten ei da eta onena bengantza», kantatu zue lehena. Eta bukaera: «Langabeziak bat ipintzen du ia urkatzeko sokan/ nirea lako zenbat famili utzi dituzten kolokan/ ta ez genuen ezertxo lortu nahiz eta egin borrokan/ egun honekin amets egin dut lotan zein esna askotan/ azkenerako nago ametsa egia bihurtzekotan/ ze aurpegiak izango diren gaurko ospakizun hortan/ mikroa hartu ta hau guztia kontatuko dut bertsotan».

Seiko motz ederrak

Finalaurrekoetan estreinatutako ariketa izan da sei puntuko motzekoa eta atzo hagitz ongi joan zen. Jone Uria eta Agin Laburu zaharren egoitza batean bizi dira eta maitemindu egin dira bertan. Orain arte bakoitza beren gelan egon da, baina orain gela berean egoteko proposamena egin dio Aginek Joneri.

«Lehen ginenak bi mundu/ batu segunduz segundu/ eta diozu ezin dugula gehiago urrundu/ azkar bihotz eta buru/ ze beldur ta ze apuru/ baietza eman nahi dizut baina ez nago seguru», zuhur ekin zion algortarrak. Baina kidea pixkanaka konbentzitzen joan zitzaion. «Denbora ez dugu alde/ ta egingo digu alde/ hortan arrazoi ematen dizut Agin zuzen zaude/ ohartu zaitez halare/ esnatzean parez pare/ goizero ikusi beharko nauzu makillaje gabe», abisatu zion Jonek eta hala erantzun zion Aginek, jendea irri-algaraka jarriz: «Horixe da nere plana/ aspalditikan neukana/ ehun zimurretik ehun ta hogeira ze alde ai ama/ maitasunak daukan fama/ muxua eta laztana/ ta hortza postizoentzat berriz mesanotxe bana».

Jon Martin eta Sustrai Colinaren lana ere gustagarria eta puntuatua izan zen. Erizainak dira. Egunero ordaintzen ez dizkieten ordu estrak egiten dituzte lanean. Jonek Sustrairi erran dio ez dela gehiago geldituko bien txanda amaitzen denean: «Hor gabiltza gelaz gela/ lan ordu estra itzela/ pazientzia infinitua bagenu bezela/ orain arteko epela/ bukatu da dena dela/ gaurtik aurrera gure zauriak ikus ditzatela». Baina Sustraik «erizaintza ez da lanbide bat bokazio bat da» erranez defendatu zuen bere jarrera.

Ariketa guztiak aipatzeko lekurik ez, eta Nahikari Gabilondoren puntu-erantzunekin amaituko dugu. «Aldarrikapenekin kaleak beteta/ Katalunian dago aspaldi arreta/ guk ere har genezake horretan oreka/ zer aldarrikatua badaukagu-eta».