2017/11/05

Kronika
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA
MAULEKO GAZTELUAREN AZPIAN GAZTELUMENDI SAILKATU ZEN GOIAN

XIBEROAKO BIZKONDERRIKO AGINTARIEN BIZILEKUA, MAULEKO GAZTELUA, MUINOAN KOKATZEN DA, 190 METRO URAREN GAIN, ETA MENDI IZENDATZEKO 610 BEHAR DIRENEZ, ATZO, MAULEN, MENDI ETA GAZTELU ELKARKETA BEñAT GAZTELUMENDIK EGIN ZUEN.

Jon GARMENDIA
1105_kul_benat

Atzoko saioko lehen lau bertsolariak finalerdietako bigarren itzulian kantatzeko sailkatu ziren.

Ororena pilotalekuan 1.200 lagun bildu ziren euri eta hotzaren aitzinean txaloen berotasuna eskaintzeko.

Baita bide batez, besteei koska bat atera ere. Saio txukuna josi zuen añorgarrak, ariketa guztietan utziz bere dohainen printza bat edo beste. Julio Soto ere dotore jardun zen, bigarren izan zen bera; saioa goitik hasi zuen, handian eta txikian, baina puntuen erantzunekin lotuta bezala sumatu genuen. Halere, lehiari tamaina hartuta dagoela erakutsi zuen biziki goitik jardunaz azken bi ariketetan. Hirugarren, Nerea Ibarzabal. Markinarrak freskura eta originaltasuna ekartzen dio bertsoari. Hala agertu izan du aurretik, eta atzokoan ez zen gutxiagorako izan; gogoz txalotu zuen Ororena pilotalekuan bildutako zaleak. Laugarren izan zen Etxahun Lekue, eta hutsik egin ez bazuen ere, bazirudien kosta egin zitzaiola saioan sartzea, alerik ederrenak azken bi ariketetan utzi baitzituen, 6ko motzean eta kartzelakoan. Halere, finalerdietako bigarren itzulian kantatzeko aukera izanen du eta berri pozgarria da hori, izugarri eskertzen baita bere bertsokera zuzen eta azkarra. Aukerarik gabe gelditu ziren azken bi sailkatuak. Bosgarren izan zen Nerea Elustondo eta bete-betean asmatu gabe ibili bazen ere, bertsoaldi ederrak josi zituen, 6ko motzean adibidez, eta ezin ahantzi kartzelakoan bildu zuen txalo zaparrada gaiari zuzen eta zorrotz helduta. Iguaranek ez zuela eguna izan kantatu zuen azken agurrean, baina merituzko gauza bat baino gehiago utzi zuen zalearen memoriarako.

Zortziko handian, Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabalen lana aipagai. Bi udal langile ziren. Azaroaren 1aren ondoren, hilerria txukuntzera joan eta han ez zela inor ohartuak. Gaztelumendi hasi zen eta horra beraien bertso hizketa: «Etorri gera hilerrira ta urteroko historia/ hango larrosa gorria eta hango krabelin horia/ ia ahaztuta utzia dago maitearen hilobia/ egutegia bezain ahula da jendearen memoria», «Baina nik drama kendu nahi diot egoerari dena den/ pertsona hauek hil ziren baina benetan ez daude hemen/ eta askotan esanda nola gure bihotzetan dauden/ oindik ez dakit azaroan batez zergatik etortzen garen», «Ba maiteari nahi zaiolako maitasuna erakutsi/ etortzen dira bai beren lore beren malko beren untzi/ hemen ezin da urtean behingo data ahanzturan utzi/ ohitura asko baitauzkagu guk eta sentimendu gutxi», «Baina zergatik etorri gorpu hotz baten aldamenera/ nahiz ondo jakin hauxe dugula gu guztion amaiera/ egun denetan aurrera egin ta oroitzea hobe da/ bizitza ez al zen ba handiena bota ustelak lurpera», «Beraz ustelak bere lurpetik behar omen du igaro/ protokoloak agintzen digu hori nahiko argi dago/ heriotzaren aurrean nola sentitzen naizen arraro/ nik errausteko eskatuko det usteldu baino lehenago», «Heriotzean pentsatzeak on egin dezake tarteka/ imajinatuz zure nitxoa errautsak edo hileta/ baina mugatu bizi gara hemen ta ez eman hainbeste buelta/ erraustu ta ere gu berdin berdin ahaztuko gaituzte eta». Gai hori baliatu zuen Sotok maisutasunez, mendiko erreskate taldean boluntario zen Elustondorekin, eta lehen aldiz irtenak ziren mendizale baten bila. Horra Julioren hirugarren bertsoa: «Arrazoi duzu hitza ta putza hasten gara gehienean/ beraz lehenbailehen irten gaitezen geure itxaropenean/ Bi mila eta hemezortziko azaroaren lehenean/ lore berri bat egon ez dadin hilobi aldamenean». Zortziko txikian Soto eta Nerea Ibarzabalen lana nabarmendu zen; pisukideak ziren, eta Sotok biziki maite zituen margolanak, egongela kuadroz betea edukiagatik beste bat zekarren eskuetan. Ibarzabal hasi zen; «Juliok artearekin zenbat konpromezu/ gaur arte ez naiz izan inoiz ere kexu/ oin puntu beltz bat duen berri bat daukazu/ ez zaituztet ulertzen ez koadroak ez zu», «Puntua da bukatu ta zerbait hasteko/ nere akuarela ta nere bozeto/ entrenatzen ari naiz batekoz besteko/ egunen batean bat zuri egiteko», «Beraz retratoekin zabiltza laguna/ mugatu samarra da zure etorkizuna/ nire irudiarekin egingo duzuna/ ze ertzetatik irteten zait edertasuna?», «Eder zaude ikusten zaitudan aldiro/ batzutan poz-pozikan eta positibo/ beste batzutan triste ez dagola giro/ jarri behar ditut hiru puntu suspensibo», «Ze ni inpresionista naiz benetan hara/ eta denborarekin ohartuko zara/ koadro bat sartu duzu ia nere gelara/ benetan nahi duzuna ni joatea da», «Hemen nere koadroez ta begira aizu/ itxurakerietan ni nitzela maisu/ gero ta koadro gehio pintatzen jotasu/ egiaz ohartzea pixkat kosta zaizu». Puntuetan Ibarzabal nabarmendu zen, horra puntu-erantzunak: «Pastorala Mauleri dagokio aurten», «holako aukerarik beti ez da izaten/ ta oso ederra da dutenez esaten/ ea iristen naizen halakoren baten»; bigarrena, «Antzerkia kantua dantza auzolana», «Ta indartuz elkarren arteko harremana/ Pastoralak badauka izen ta izana/ bertsoa izan ezkero euko leuke dana»; hirugarrena, «Ongi zaindua dago herriko kultura», «kontu hortan ezin du inork egin duda/ ze gero galduz gero beti berandu da/ ta bakoitzak berea zaindu behar du ba». 6ko motzean Gaztelumendi nabarmendu zen; Elustondorekin bete zuen ofizioa Down sindromea zuen haurraren paperean; hura, hazi ondoan, lagunekin bizitzera zihoala eta kontent ez Beñat. Azkenik, kartzelako ariketan ere añorgarra nabarmendu zen, ibilbideko unerik onenean jarduna uztea eskatzen zion gaiak. «Bertsolaria naiz ofizioz maiz pentsatzen det zertako?/ saio txar bat ta nere barruan zenbat ezten ta zartako/ final bat BECen gero txapel bat bihurtu nintzen modako/ tamalez hori sekula ez da aski izan neretzako/ nahiz eta oholtza bihurtu nuen ibilbide baten marko/ eragin ditut hamaika irri hausnarketa eta malko/ hainbeste plaza bertso afari ta telebistako plato/ guzti-guztia uzten dut aita izatera noalako», «Hemen guztian agintzen baitu izenak ta abizenak/ plaza kopuru bertso borobil ta curriculum gizenak/ oraintxe bertan beste zeozer eskatzen dit niri senak/ alde gehiago badauzkalako bene-benetan naizenak/ entzungo ditut kritikak eta komentario kirtenak/ ta igual batzuk minduko ditu nere ahotik irtenak/ une honetan nahiz neregana datozkidan argi denak/ pertsona asko dauzkat ondoan ikustezinak direnak», «Beraz bertsotik urruntzen zera galdetzen didate nora?/ hain zuzen ere maite ditudan eta nautenen ondora/ kontziliatzen hastear naiz ta omen den egungo moda/ norbait etxean beti utzita ni enengoke gustora/ hamar urteko ibilbidea neretzat da aski froga/ utzi dezadan noan etxera egin dezadan aproba/ bai niri ta bai ingurukoei eman nahi diet denbora/ ta ea zenbat argi dagoen fokoetatik kanpora».