Ane URKIRI ANSOLA

BOTOAK EURITAN DANTZAN ANDOAINEN

EUSKAL ESTATU BURUJABE BATEN ALDE EDO AURKA BOZKATZEKO DEMOKRAZIA ARIKETA KALERA ATERA ZUEN ANDOAINEK, AZAROAREN 5EKO GALDEKETAKO BOSGARREN HERRI JENDETSUENA IZANDA. EURI ZIPRIZTINEK APAINDURIKO 2.031 BOTO ZENBATU ZITUZTEN. BALEKO EMAITZA, SOZIOLOGIKOKI KONPLEXUA DEN HERRI BATENTZAT.

Hitzordu koloretsua apur bat ilundu zuen euriaren joan-etorriak Andoainen. Ilundu bai, baina ez zuen helburua zapuztea lortu. Errolda osatzen dutenen %15en parte-hartzera iristea zen asmo nagusia eta ordu bata eta erdietarako %10,75ek bozkatu zuten, hau da 1.323 herritarrek utzi zuten beraien botoa herriko hiru puntuetako hauteslekuetan. «Asko, ezta?», galdetu zuen herritar batek, emaitzaren gainetik erabakitzeko eskubidea baitzen muina atzoko galdeketan.

Zumea plazan, Juanita Alkain plazan eta Goikoplazan kokatu ziren hautetsontziak –azkeneko honetan Katalunian erabilitako bat zegoen– euria zela-eta aterpean babestuta, eta bertara hurbildu ziren, bustitzea saihestu nahian, eragile politiko zein auzotarrak.

Goizeko hamaiketan ez zen zalaparta handirik sumatzen, baina atertu orduko barraskiloak legez atera ziren kalera andoaindarrak. Sartu-irten amaigabea sortu zen bozkalekuetan, hurbiltzen ziren guztiak irribarrea ahoan. Gazte, heldu eta erretiratuak. Komunikazio taldeko Garbiñe Agirrek nabarmendu zuen atzoko ariketa nagusia bozkatzea zela; «bestelako ekitaldi gehienak aurretik egin ditugu, beroketa gisa».

Emakumeengan jarri zuten indarra Andoainen, azaroaren 5a egun sinboliko gisa hartuz. 1933ko gaurko egunean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeek aurrenekoz bozkatzeko aukera izan zutelako estatutuaren erreferendumean. Sufragio unibertsalaren 84. urteurrenean, Ana Carrere Andoaingo alkateak eman zuen eguneko lehenengo botoa, Goikoplazan. Zumea plazan, aldiz, 16 urteko neska kuadrilla bat batu zen hauteslekua ireki orduko, 9.00etan.

Familia bereko hiru belaunalditako emakumeak elkarrekin bozkatzen ikusteak, «sabelean tximeletak» zituztela, jendearen ikusmina sorrarazi zuen. Maritxu Manterolak gerra garaiak ekarri zituen gogora, bozkatzea askatasuna dela gaineratuz. «Independentzia, independentzia», errepikatu zuen, alaba eta iloba alboan zituela.

Bozkatzaileengan zegoen arreta, baina boluntarioen lana eskertzeko, Herriko Tabernak salda bero-beroa prestatu zuen hotzari aurre egiteko. Txalaparta Zumean, xistera neurketak Arrate frontoian, eta eguna txalo artean bukatzeko, emaitza: bozkatu zutenen gehiengoa estatu burujabearen alde.