Asier AIESTARAN
PILOTA

Urrutikoetxeak ez du zirrikiturik ere uzten

Goitik behera menderatu du Bengoetxea VI.a eta bera izango da Altunaren aurkaria hilaren 19ko finalean.

BENGOETXEA VI.A 11

URRUTIKOETXEA 22


Mikel Urrutikoetxeak sasoi puntu paregabean dagoela berretsi zuen Logroñoko Adarraga pilotalekuan eta Oinatz Bengoetxeari aukerarik txikiena ere ez zion eman. Zaratamoko aurrelariak ezin hobeto jokatu zuen, hasi eta buka, hatz bat apurtuta daukala antzeman ere egin gabe, eta leitzarrak ezin izan zuen ezertxo ere egin. Lau eta Erdiko bigarren finala izango da bizkaitarrarentzat azken hiru urtean.

Hasiera-hasieratik ikusi zen Urrutikoetxea gehiago zela kantxa gainean. Sakearekin min handia eginez –hiru tanto zuzenean baina dozena erdi bai sake-errematearekin–, 0-2 aurreratu zen lehenik, eta Oinatzek markagailua 2-2 berdintzea lortu zuen arren, “Urruti”-k azkar egin zion ihes 2-7ra lehenik eta 3-10era ondoren.

Pilota oso bizi ibili zuen une oro Urrutikoetxeak, Oinatz asko atzeratuz, eta ezker horman ere min handia eginez, bikain funtzionatu zion bolearekin batez ere. Guztira 15 tanto egin zituen jokoan bizkaitarrak eta bost pilota bakarrik galdu. Horietako batzuk, gainera, azken txanpan, eta horregatik lortu zuen Bengoetxeak 11 tanto egitea, 7-21 galtzen joan baitzen.

«Tanto bakoitzari eta pilotakada bakoitzari intentsitate handia ematea zen nire helburua. Banekien agian gehixeago nekatuko nintzela, edo akatsen bat egingo nuela –pilota bat lau eta erdiko arrastotik atzera joan zitzaion, adibidez–, baina azkenean dena ongi atera zait eta oso pozik nago», aipatu zuen irabazleak partida amaieran.

Apurtuta duen hatz horretan garrantzirik gabeko kolpe bat jaso zuela ere onartu zuen. «Erresto batean kolpe bat hartu dut. Horrela izaten da, hatz bat minduta duzunean ematen du kolpe denak hor jasotzen dituzula. Baina 15 egun dauzkat finala jokatu aurretik eta ez dut uste arazorik izango dudanik», argitu zuen horri buruz.

Oinatzek, aldiz, bere ezina deskribatu zuen, aitzakiarik ipini gabe: «Pilota oso bizia zen, eta berak are biziago ibili du. Kaskateko handiak eman dizkio eta oso atzean ibili naiz beti. Konturatzerako pilota gainean neukan. Jokatzeko nengoen, baina txapelketa horrelakoa da».