Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Behatoki Ekonomikoa martxan jarriko du Euskal Elkargoak

Ipar Euskal Herriaren «argazki orokorra» eskaini nahi duen zerbitzua garatzeko Industria eta Merkataritza Ganberarekin (MIG) eta Pirinio Atlantikoetako Hirigintza Agentziarekin elkarlanean arituko da.

Baliabidea ez da guztiz berria, bai ordea jarduera ekonomikoa aztertzeko tresna horrek aurrerantzean aztergai hartuko duen lan eremua. Ekonomia eta enpleguaren bilakaera aztertzeko xedez Euskal Kosta-Aturri mankomunitateak 2015ean behatokia sortu zuen, iaz bere bigarren txostena aurkeztu zuena. Orain, behin Euskal Elkargoa osatuta, aurrera begira hiru lurraldeen errealitatea jaso ahal izateko Behatoki Ekonomikoa sortu da.

Sylvie Durruty Euskal Elkargoko lehendakariordeak azaldu duenez, «ahal denik eta datu zehatzenak» eskuratu nahi ditu erakundeak, besteak beste, «eragile ekonomikoen eskutik gauzatu nahi ditugun egitasmoak eraginkorragoak izan daitezen».

«Lan bikoizketak» ekidin nahian, MIGek hornituko ditu jarduera ekonomikoari buruzko datu gehienak. Euskal Elkargoak, aldiz, langileen mugikortasunari (bizilekuaren eta lantokiaren arteko joan-etorriak), besteak beste, garraio antolaketan hobekuntzak egiteko.

Behatokiaren lehenengo txostenaren zain, Euskal Elkargoak behin-behineko prospekzioa aurkeztu du aste honetan, «herri honen aurkezpen gisara».

Hiru lurraldeetako zifrak

2014ko errolda aintzat hartuta, Ipar Euskal Herriak 300.323 biztanle dituela eta Akitania Berria makroeskualdean bigarren herri-aglomeraziorik jendetsuena dela azaldu du Euskal Elkargoak. Durrutyren esanetan, «herrialde txiki honek duen dinamismoaren adierazle diren» 46.973 lantoki eta 145.806 behargin ditu Ipar Euskal Herriak.

Berriki MIGek aurkeztu zuen barometroa oinarritzat harturik, egun adierazle guztiak «berde kolorekoak» direla baieztatu du agerraldian Andre Garretak, erakunde horren lehendakariak. Esate baterako, iazko datuak hartuta, sortutako enpresa berriak (2.002 zehazki) ateak itxi zituztenak (1.010) baino gehiago izan ziren.

Enpresa txiki eta ertainak nagusi dira Ipar Euskal Herriko mapan. Izan ere, enpresen %96k hamar behargin baino gutxiago ditu. Hala ere, lanpostu kopuruaren ikuspegitik, enpresa handiek dute azken hitza, 50 langiletik gora dituzten lantokiek enpleguaren %28 metatzen baitute.

Estatu frantsesa bere osotasunean zein Akitania Berriko eskualdea begiratuta, enpleguaren bilakaera Ipar Euskal Herrian hobea dela nabarmendu du Garretak.

Langabezia eta prekaritatea

Behatoki Ekonomikoaren aurkezpen ekitaldian plazaraturiko azterketaren alderik ilunena, zalantzarik gabe, langabezia da. Izan ere, ekonomiaren hazkunde joera baieztatzeko bidean izan arren, langabezia tasa ez da espero zitekeen bezainbeste apaldu.

Berez %0,2 jaitsi da langabezia tasa, baina lanik gabe dagoen biztanle kopurua %8tik gorakoa da betiere. Aurtengo lehen seihilekoan enplegu bulegoetan erregistratutako herritarren kopurua %3,4 handitu da.

Enplegua lortzeko aukera gehien ematen duten lehen hamar ogibideei erreparatuta, horietatik seik sasoiko kontratuak eskaintzen dituztela agerian utzi du azterketak. Ondorioz, behin-behinekotasun tasa handia da, baita lan prekaritatea ere.

Hori gutxi ez eta, hazkundeak ez du soldaten igoera ekarri. Betiere MIGek eginiko azken barometroari jarraituz, soldatak %0,7 igo ziren urteko lehen seihilekoan, aurreikusitako inflazio tasaren aldean hiru dezima azpitik.