2017/11/13

2024ko Olinpiar Jokoak: Surfa Euskal Herrian jokatuko da?

Parisen izango dira 2024ko Joko Olinpikoak, baina hexagonoko hiriburuak hondartzarik ez duenez, surf lehiaketak kostaldeko beste herriren batean egin beharko dira. Surf txapelketa olinpiarrei aterpe emateko, hiru dira hautagaiak: Lacanau, Hossegor eta Biarritz.

Haritz LARRAÑAGA|baiona
1113_its_playan

Australian 2000 urtean egin ziren Olinpiar Jokoetan ikusi ahal izan zen surfa lehen aldiz kirol olinpiko moduan eta ikusmin handia sortu zuen, surfak behingoagatik kirol estatusa lortu zuen adierazle zela ulertu baitzuen surflari askok. Orduko hartan, ordea, oraindik ez zen ofiziala izan surf txapelketa, erakustaldi proba soil bat izan zen.

Japonian 2020. urtean izango diren Olinpiar Jokoetan surfa kirol ofizial izango da lehen aldiz, gainerako beste edozein kirol bezala. Oraindik gauza asko zehazteke daude, besteak beste, txapelketa eredua, adibidez, txapelketa bakarra izango den edo zenbait txapelketaz osatutako itzuli labur bat izango den, hondartza natural batean edo olatuak sortzen dituen igerileku batean izango den, eta abar. Baina gauza bat ziurra da: lehen aldiz surfak bere lekua izango du ofizialki Olinpiar Jokoetan.

Joko Olinpiarrak Parisen

Tokioren ostean, Parisen txanda izango da eta, oraindik argi ez badago ere, posible da berriz ere surfak olinpiadetan bere lekua izatea. Galdera honen erantzuna 2018ko uda amaieran emango du aditzera Batzorde Olinpikoak, eta orduan aurkeztu ahal izango dira hautagaitza txosten ofizialak, baina jada giroa berotzen hasi da Estatu frantseseko kostaldeko zenbait herritan.

Gauzak horrela, 2024ko Joko Olinpiarretan surfa izango den ziurtasuna erabatekoa ez bada ere, jada hiru hautagai aurkeztu dira eta lehia bizian sartu dira gainera. Lacanau, Hossegor eta Biarritz dira surf txapelketa olinpiarrei aterpe emateko aurkeztu diren hiru hautagaiak eta itxura guztien arabera, Batzorde Olinpikoak eskatzen dien edozer egiteko prest daude, baita olatuak sortzen dituen igerileku bat egin behar badute ere.

Artean, hautagai bakoitza bere puntu indartsuak goratu eta ahalik eta babes gehien jasotzeko ahaleginetan ari da. Aliantza estrategiak, fusio saiakerak eta aurkariaren ahulguneak azaleratzeko kanpainak abian jarri dituzte. Maila batean, beraz, 2024ko munduko surf txapelketa olinpiarra gaurdanik abian dela esan daiteke. Hautagai hauen artean izaten ari den lehia surf txapelketa izango denaren ispilu izango bada, 2024ko surf txapelketako lehia ere zinez gogorra izango dela asma daiteke.

Aldeko ezaugarriak

Lacanauko hautagaitzak Bordeleko erakunde ekonomiko eta politiko indartsuen babesa du bere alde. Hossegorrek bere alde dituen ezaugarri esanguratsuenak dira urtero egiten duten munduko WSL surf txapelketa antolatzearen esperientzia eta bertako olatuek duten kalitate onaren ospe ona. Eta Biarritzek, ostera, Europako surfaren historian duen prestigioa eta jendeari aterpe emateko dituen azpiegiturak goratzen ditu.

Bordeleko metropoliak bere alde duen beste ezaugarria «Parisekiko gertutasuna» da. Ez dago Estatu frantseseko hiriburutik gertu, baina Landak eta Euskal Herria baino gertuago dago. Horrez gain, komunikazio bideak ere beste hautagaienak baino erosoagoak direla defendatzen dute hautagaitza honetako bozeramaileek.

Lacanauko eta Hossegorreko hondartzak oso antzekoak dira, duna amaigabeek osatzen dute Atlantikotik zuzenean datozen itsaskiek kolpatzen duten kostalde basatia. Olatuei dagokienez ere ez da alde handirik, baina urtero egiten den munduko surf txapelketari esker, egun ezagunagoak dira Hossegorreko olatuak mundu osoan.

Hala ere, ez da beti honela izan, zeren egun Hossegorren egiten den munduko WSL surf txapelketa garai batean Lacanaun egiten zen eta leku aldaketa egitearen arrazoi nagusia ez zen izan olatuen kalitatea, txapelketa antolatzen duten marka izenek beren azpiegiturak Hossegor inguruan hobeto finkatuak izatea baizik.

Lacanaun munduko surf txapelketa egiten zen sasoi berean (80ko hamarkadatik 90eko hamarkada erdialdera), Biarritzen ere munduko surf txapelketa izaten zen eta sekulako arrakasta zuen, gainera. Adibide gisara, asko izan ziren garai hartan Lapurdiko kostaldean etxebizitza bat erosi zuten surflari profesionalak. Gainera, surf marka esanguratsuenek bertan zuten Europa osora beren produktuak banatzeko erabiltzen zuten egoitza nagusia.

Kontrako ezaugarriak

Hautagai bakoitzak ordea, baditu ahulguneak ere, eta horiei aurre egiteko bakoitzak bere kartak jokatzen ditu. Mota horretako txapelketa batek eskatzen dituen azpiegitura eskaintzeko zailtasun gehien duena Hossegor da, herri txikia baita, eta ondorioz, maila finantzarioan ere babes gutxien lor dezakeen eremua izan daiteke.

Diru gehien bil dezakeen hautagaia Lacanau da, Bordeleko eskualdean baitago eta Akitaniako hiriburuak zentzu horretan botere handia du. Beste hautagaiek baino azpiegitura sendoagoak ere baditu, baina kontuan hartu behar da Lacanauko hondartzaren eta Bordeleren artean 50 kilometro baino gehiagoko distantzia dagoela.

Bordelekoak adina azpiegitura ez, baina mota honetako txapelketa bat egiteko gutxieneko azpiegiturak baditu Biarritzek. Hain zuzen ere, pasa den maiatzean Lapurdin egin zuten herrialdeen arteko munduko surf txapelketa erabiltzen du Biarrizko alkateak behar adinako azpiegitura eskaintzeko gai direla frogatzeko eta «Bordeleko metropolia» baino, nahiago du «Lacanau» hitza erabili: «Lacanauk ez ditu guk eskain ditzakegun azpiegiturak, baina babes indartsua du», azpimarratu zuen Michel Veunak Biarritzeko auzapezak berriki egindako adierazpenetan.

Pasa den maiatzean Biarritzen egin zuten txapelketak Batzorde Olinpikoaren oniritzia izan arren, 2024ko Olinpiar Jokoetan egin daitekeen surf txapelketak azpiegitura handiagoak eskatzen ditu, ofiziala izateagatik parte hartzaile eta ikusle gehiago izango baitira, eta hor Biarritz motz gera daiteke.

Hiru hautagaiek surf egiteko eremu aproposak dituzte, baina bada hautagaitza guztien proiektuak baldintza ditzakeen zerbait. Hau da, Batzorde Olinpikoak ezar ditzakeen irizpideen artean olatuak sortzen dituen igerileku bat izatearen baldintza egon daiteke.

Honek esan nahi du hautagai bakoitzak surf igerileku bat eraikitzeko eremu egoki bat eta gastuei aurre egin ahal izateko aurrekontu bat bermatu beharko dituela, eta hori ez da batere erraza. Ziur aski, Lacanauko hautagaia izango da baldintza honi aurre egiteko erraztasun gehien izango duena.

Surf igerilekuak

2014ko irailean ur kiroletako gune bat eraikitzeko 14 milioi euroko kostua zuen (horietatik 7’5 milioi euro surf igerileku bat egiteko) proiektu bat aurkeztu zuen Landetako departamenduak. Helburua ur kirolen parke bat 2016rako irekitzea zen, baina egitasmoa ez zen gauzatu, besteak beste, surflariak eta ekologistak kontra agertu zirelako.

Batzorde Olinpikoaren eskakizunetan olatuak sortzen dituen igerileku bat egotea aldeko zerbait bezala ikusten du Landetako hautagaitzak, zeren badakite Biarritzen ez dutela halako proiektu bat gauzatzeko eremurik, eta bestalde, jada oso aurreratua zuten proiektua gauzatzeko aukera izango dutela ikusten dutelako.

Hain zuzen ere, Lacanauko hautagaitzaren aurrean indarrak batzeko, Biarrizko auzapezak Landekin batera kandidatura aurkezteko asmoa zuen, baina azken hauek ezezkoa eman zioten. «Hossegorreko auzapezarekin hitz egin nuen hautagaitza bateratua aurkezteko, baina ez du egitasmoarekin aurrera egiteko asmorik agertu».

Veunac olatuak sortzen dituen igerileku bat egitearen aldekoa da, baina baldintza batekin, «gastuak Euskal Elkargoak ordainduko balitu, eta ez soilik Biarritzeko Udalak». Bitartean, «Biarritz, bere puntu indartsuez baliatuko da, munduko herrialdeen arteko txapelketa antolatu genuenean erakutsi genuen bezala», iragarri zuen Biarrizko auzapezak.

HAUTAGAIAK PREST


Lacanau, Hossegor eta Biarritzeko hautagaitza, Batzorde Olinpikoak eskatzen dien edozer egiteko prest daude, baita olatuak sortzen dituen igerileku bat ere.

SURF IGERILEKUA


Posible da Batzorde Olinpikoak hautagaiei olatuak sortzen dituen igerileku bat izatea exigitzea. Biarritzek ez dauka halako proiektu bat gauzatzeko eremurik.