Jordi Murgoitio
ZORROZTARRIA

Ez da klima! Bada klima!

Ez, gaur ere ez dut Kataluniaz idatziko, ezetz demontre! Alemaniatik etorria den berriaz noa idaztera, klima aldaketari aurre egiteko hango hiri batean egin den nazioarteko bileraz. Hortaz, Visca klima! Bada bai, urtez urte sasoi honetan batzen dira han-hemen, ibiltari, planetako mundu desberdinetako gobernuetan klimari lotutako kontuetan ardura dutenak, eta enparauak. Planeta borobilaren ertz guztietan etenik gabe berotze aldera egiten ari den klima hartzen dute han hizpide. Eta urteko sasoi bertsuan entzuten dugu amaitzear den urtea izango dela azken urteetako beroena, edo beroenetarikoa.

Gauzak hala, halako goi-bilerek konponbideen ate baino arazoen erakusleiho ematen dute, jakinda ere konponbide guztiak ez direla benetan hori, batzuk hor-konponbideak baitira. Ate birakariez josita imajinatzen ditut bilera-aretoak. Aurten gure beheko Estatuaren izenean Barne ministroa joana dela pentsatu behar dut, izan ere Estatu zer horrek duen beroketa handiena Katalunian neurtu baita aurten. Kontuak atera, merkurioa bera zelatatua izan da denbora batez!

Total, beheko prentsaren batean dut egunotan irakurria bero arazoa dezente larritua dela hango parajeetan, belarra bera sikatu eta berria sortu ez. Ondorioz, marroia da nagusi Meteosateko imajinetan, normala! Ulertzekoa da, hainbeste «arriba» eta «arriba» hodeiak azpitik pasatzen baitira. Gainera, balkoietan ugaritu diren banderen koloreek ez dute batere laguntzen euria erakartzen. Bat ere ez.

Baina ezustekoa diputatuen kongresutik heldu da, jelkideen bozeramaileak argi eta garbi esan baitu «hemen ez da klima». Akabua! Tira harira! abenduak 21 dituenean zer eta… hauteskundeak Katalunian? Ez, ez nago horretaz demontre! Egun horretan neguko solstizioa da, eta Katalunia Espainiatik urrunen egongo da. Han klima baita!