GARA
DONOSTIA

GuraSOSek hondakin plan bat adosteko parte-hartze prozesua antolatu du

GuraSOS plataformak iragarri du abenduaren 16an “Hitzartu” izeneko parte-hartze prozesua abiaraziko duela. 2017-2020 eperako hiri hondakinak kudeatzeko plan bat (GHHKPO) osatuko dute horren bitartez.

Helburua da, gizartearen iritzia kontuan hartuz, Gipuzkoan hondakinen inguruan dagoen arazoari «behin betiko eta adostutako irtenbide bat» ematea. Hala, datozen asteetan eragile sozial, sindikal, ekonomiko eta unibertsitarioen aurrean aurkeztuko dute ekimena; hori «aniztasunean» gizarteak bideratutako «adostasun sozial» eta «ingurumenaren eta osasunaren babesean» oinarrituko da.

Erraustegia beharrezko?

Foro baten formatua izango du “Hitzartu”-k eta herritarrek duten informaziorako eta eztabaidarako eskubidea bermatuko dira. Hala, parte-hartzaileei euren arazoak hitz eginez eta ados jarrita konpontzeko aukera emango zaie, GuraSOSek esan duenez Gipuzkoako Diputazioak «galarazi duena».

«Inork ez du aztertu nahi izan erraustegia beharrezkoa den edo ez, beste aukerarik badagoen edo Bizkaiko Zabalgarbiren azpiegitura erabil daitekeen», salatu zuen plataformak, errauste plantaren kontra.

Horren aurrean, herritarrek euren iritzia eman ahal izan dezaten eta euren ideiak zabaltzeko aukera izan dezaten antolatu dute parte-hartze prozesua. Lortutako emaitzak eta GHHKPO dokumentua instituzioen esku utziko dituzte, hondakinak kudeatu ditzaten.