I.S.
GASTEIZ

Uriartek akordioa defendatu du, arazoak onartu ondoren

Uriartek EAEko hezkuntza sistemak arazoak dituela onartu zuen atzo. Horiei aurre egiteko Hezkuntzaren aldeko Akordioa erdietsi nahi du eragile ezberdinekin. «Ez da erraza izango, baina konfiantza dugu».

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak EAEko hezkuntza sistemak arazoak dituela onartu zuen atzo, eta PISA txostenaren emaitzek hainbat gauza aldatu behar direla agerian utzi dutela. Txosten horren azkenengo alearen arabera –aste honetan argitaratua–, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 15 urteko ikasleek zailtasunak dituzte taldeka problemak ebazteko.

«Hobetu behar dugula badakigu», azaldu zuen Uriartek Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Hezkuntzaren aldeko Akordioari buruz hitz egiteko joana zen bertara. Akordio hori bultzatzeko lehen bilera irailean egin zen, eta 33 elkartek parte hartu zuten, patronal nahiz sindikatuek.

Uriartek esan zuenez, beharrezkoa da hezkuntza komunitatearen artean akordioa sustatzea. Lakuaren ustez, «Euskal Hezkuntza Sistemaren oinarriak nahiz denboran iraungo duten printzipio iraunkorrak ezartzea ahalbidetuko duen hausnarketa partekatua da, eta goranahi handiagoko helburuak erdietsi ahal izateko erreferente bihurtuko dena, etorkizuneko Euskal Hezkuntzaren Legea, kasu».

Gaur egun bost lantalde osatu dira, hezkuntza arloan funtsezko elementuez arduratzen direnak: Bizikidetza, Hizkuntzak, Ebaluazioa, Hezkuntza Modernizatzea eta Ikastetxeen Autonomia. Hiru hilabeteko epea aurreikusten da lantalde horiek Hezkuntza Sailari lehen dokumentua aurkez diezaioten. Lan hori jaso ondoren, Sailak berriz dei egingo die gizarte eta hezkuntza eragileei, ekarpenak egin ditzaten. Eta hortik aterako den dokumentua Eskola Kontseilura bidaliko da eta ondoren Legebiltzarrera helduko da.